GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoako Artzain Egunak artzaintzaren arima erakutsi du Legazpin, giro ezin hobean

p015_f03_148x108.jpg

GARA | LEGAZPI

Eguraldia ere lagun izan zuen urtero irailaren lehenengo igandean izaten den hitzorduak, eta horri artzaintzaren tradizioak duen erakargarritasuna gehituta, bisitari ugari bildu zen atzo Legazpin. Euskal artzaintzaren iraganak eta orainak, lanbide horrek eskaintzen dituen produktu preziatuenek eta haren protagonista nagusiak diren artzainek Legazpiren bihotza hartu zuten atzo, giro ezin hobean, Gipuzkoako Artzain Eguna ospatzeko.

Gaztagintza da eguneko izar preziatuenetako bat, eta atzo ere horrek bultzatuta bertaratuko ziren asko. Goiz osoan izan zen zer dastatu, eta ez gazta bakarrik, sagardoa eta pintxoak ere eskaini baitzituzten.

Gipuzkoako Ardi Gazta 29. lehiaketa egin zuten, eta jarraian, gazta dastatzea. Lehiaketan aurkeztu ziren 29 gazten artean, Elgoibarreko Mausitxa irten zen garaile, eta Gabiriko Baztarrika, herritarren bozen arabera.

Publikoaren gozamenerako, dastatzeaz gain, salmenta postuak ere izan ziren. Artzaintzaren inguruko eskulanak eta artisautza ikusgai izan zen goizean, baita latxa arrazako animalien erakusketa ere, edota ardi mozte erakustaldia, eskuz eta makinarekin. Gaztagintzaren lehena eta oraina erakusteaz gain, txikienek gazta egiten ikasteko aukera izan zuten. Bestalde, Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako 23. lehiaketa egin zuten eguerdian. Legazpiko zazpi elkartek hartu zuten parte: Uztarri, Lagun Artea, Buztintegi, Izadi Zaleak, Okilla, La Bellota Extremadurako Etxea eta Katta Gorri elkartea. Uztarri irten zen garaile.

Elkarte horiek prestatutako ardi okela dastatzeko aukera izan zen, bi euroren truke. Platera bueltatuz gero, euro bat itzultzen zieten erosleei (zaborrak murrizteko ekimenaren bidez).

Omenduak

Ardiekin intseminazio zentroa omendu zuten atzo Legazpin, 25 urtean ardi latxaren arrazaren hobekuntzan egin duen lanagatik. Izan ere, Gipuzkoako Artzain Eguneko batzordeak latxa ardiaren eta karrantzar arrazako ardiaren hobekuntza programan lanean diharduten abeltzain, elkarteetako teknikari eta Ardiekin-eko teknikarien lana goraipatu nahi izan du aurten.

Horrekin batera, Juan Isidro Sukia Lazkaoko Borda Berri baserriko artzaina izan da beste omenduetako bat, baita Bergarako Joxe Mari Osa eta Argi Osa senar-emazteak eta Legazpiko Felipe Etxeberria eta Jacinta Zeberio ere. Horiez gain, Ameriketan artzain ibili diren euskaldunen lana goraipatu zuten, eta aurten Simon Mendiburu Etxeberria, Patxi Mendiburu Bidart eta Rafael Lizasoain Adansa artzainek jaso zituzten sariak.

Azokaren inguruan, argazki rallyan aritu ziren batzuk, gazte eta heldu, irudi ezin ederragoak utzi baitzituen egunak.

Artzain Eguneko ekitaldietako partaideak biltzen dituen herri bazkarian, 150 lagun izan ziren; eta egunari bukaera emateko, Urtatzako zelaian Gipuzkoako Artzain Txakurren Txapelketa izan zen. Lau artzain eta sei txakurrek hartu zuten parte, eta Juan Jose Arrizabalagaren Azkar izan zen irabazlea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo