«Junta kulata» erreta
Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia
Espainiako hegoaldean bero handia daukagu egunotan. Tenperatura altu horri ihesaldian sartzeko borrokan hartzen dugun berotua gehituz gero, imajinatu dezakezue gorputzak zer-nolako lana egin behar duen normalean izaten dugun barne tenperaturara itzultzeko.
Etapa hauek oso lehiatuak izaten dira, ihesaldiak helmuga marraraino iristeko aukerak dituen jakitun garenez, txirrindulari asko gara eguneko ihesaldi horretan sartzeko helburuarekin irteten garenak eta ez da erraza izaten tropelak ontzat emango duen taldetxoa antolatzea.
Larunbatean ia ordubete eman genuen ihesaldia egin arte. Erasoa erasoaren ondoren eta 50 km/h baino gehiagoko abiaduran. Ordu horretan hainbat saiakera egin ondoren, ihesaldiko taldetxoa antolatu zen eta tropelak irentsi berria nintzenez, ezin izan nuen sartu. Erritmoa pixka bat baretu zenean, pultsometroari begiratu nion eta honek 38° C markatzeaz gain, minutuko 164 pultsazioko batez bestekoa adierazten zuen. Egindako esfortzua handia zen eta neurekiko pentsatu nuen: «Junta kulata erre diat!... azken portura motorra egoera onean iristea ezinezkoa duk honela!».
Alde handia dago tropelaren babesean joatearen edo muturrean erasoan ibiltzearen artean. Askoz erosoago joaten da tropel barruan eta etapa bukaerara osoago edo egoera fisiko hobean iristea ahalbidetzen du. Hori dela eta, taldeetako liderrak ezkutuan joan ohi dira azken igoerara arte. Baina azken igoera horretan liderren aurka aukera gutxi dugunok, eguneko ihesaldi horretan sartu eta denbora tartetxo bat utz diezaguten borrokatu beharra daukagu.
Igandean irteera lasaiagoa izan da, Katusha taldeko gizonek ihesaldia motzean lotzeko asmoa zutela baikenekien. Behin ihesaldia neutralizatu eta 20 km baino falta ez zirenean zaila izango zela jakinda ahalegintxo bat egitea erabaki dut, hala ere erasoa jo orduko ikusi dut motorrak potentzia askorik ez zuela, ez dakit junta kulata den erreta dudana, zaldi potentzia gutxiko motorra dudan ala errefrigerazio sistemak behar bezala ez duen funtzionatzen, baina etapa baten lehian aritzeko puntuan jarri beharra dago oraindik.
Asteleheneko etapa honek, larunbatekoaren antzera irteera `dibertigarria' izango duela dirudi. Beraz, berotu bat hartuko dugu baina ea ihesaldi horretan sartu eta etaparen lehia horretan egoteko balio duen behintzat! Azken portu biak ezagutzen ditut eta oso gogorrak dira, motorrak guztiz errementatzeko arriskua dago baina zer galdu askorik ez dudanez... Intentzio guztiarekin aterako naiz!