GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

WQS Europe Amaitu dira europarrentzako bi proba garrantzitsuenak

Mutilen kasuan, Charles Martin izan zen garaile Lacanaun, eta berriki Steven Pierson gailendu da Galizian. Nesken kasuan, berriz, Courtney Colongue Hossegorren eta Nikki Van Dijk Pantinen. Charles Martin eta Johanne Defay, ranking europarreko irabazleak.

p042_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

ASP erakundeak Europan egiten dituen WQSko txapelketak amaitu dira. Mutilen kasuan, Lacanau eta Pantineko hondartzak izan dira lehiarako agertokiak. Nesken kasuan, berriz, Hossegor eta Pantin.

Pantineko txapelketa amaituta, beraz, Europako WQS txapelketen itzulia amaitutzat ematen da. Hala ere, ikusleriaren gozamenerako, oraindik bi txapelketa garrantzitsu falta dira, lehen mailakoak (WCT), bata Hossegorren irail amaieran hasiko dena, eta bestea, Portugalgo Supertubos urautsi famatuan urria aldera egingo dena.

Abuztuaren 19an amaitu zuten Lacanauko txapelketa mutilek. Finalean Charles Martin, Guadalupe irletako surflaria, eta Frederico Morais portugaldarra izan ziren buruz buru. Metro bateko olatuetan egin zuten ordu erdi iraun zuen finala eta azkenean Martin izan zen garaile.

Martin nahiko ezaguna da; izan ere, iaz berak irabazi zuen Ingalaterrako Newquay hondartzan egin zuten WQS txapelketa. Horrez gain, aurten Huntingtonen izan da lehian eta Prime kategoriako txapelketa ospetsuan 17. postua eskuratu zuen 23 urteko gazte karibetarrak.

Europan egiten den WQS mailako bigarren txapelketa, berriz, Pantinen izan da, eta pasa den larunbatean amaitu zen mutilen kasuan hiru izarreko balioa duen txapelketa.

Mutiletan, Steven Pierson polinesiarra izan zen txapelduna, metro eta erdiko olatu ederretan. Honela mintzo zen 23 urteko gaztea txapela eskuratu ostean: «Ezker olatu txiki bat ateratzen da, etxean bezala, desberdintasun bakarra, zera da, hemen ura askoz ere hotzagoa dagoela. Uste dut Michel Bourez eta Alain Riouk, biek, bigarren postua lortu dutela noizbait hemen, beraz Pantinen irabazten duen lehen tahitiarra izateak oraindik eta bereziagoa bilakatzen du garaipena».

Bigarren postua iazko irabazlearentzat izan zen, Zeelanda Berriko Billy Stairmand lehiakidearentzat. Hirugarren postuan Carlos Muñoz geratu zen, Costa Ricakoa. Azken hau oso gaztea, hogei urte bete berri ditu eta oraindik Junior txapelketetan lehian ari da. Laugarren postua portugaldar batentzat izan zen, Jose Ferreira.

Gauzak horrela, lehiakide bakoitzak munduko WQS ranking orokorrerako ahalik eta puntu gehien bildu ditu bi txapelketa hauetan, baina europarren kasuan berebiziko garrantzia duten bi txapelketa dira, ranking europarrerako puntuatzen duten txapelketa bakarrak baitira. Beraz, bi txapelketa hauetan lortutako emaitzen arabera sailkatu dira lehiakide europarrak ranking europarrean.

Charly Martin da Europako rankingeko buru, izan ere berak irabazi zuen Lacanaun orain bi aste egin zuten txapelketa, eta hau bost izarrekoa zenez, Pantinekoak baino gehiago puntuatzen zuen. Bere atzetik, bigarren postuan, Steven Pierson, Pantinen irabazi duen lehiakidea. Horien atzetik, hurrengo hiru postuetan, hiru portugaldar, Frederico Morais, Vasco Ribeiro eta Jose Ferreira.

Euskaldunen kasuan, ranking orokorrean emaitza onenak lortu dituzten bi surflariak Imanol Yeregi zumaiarra eta Aritz Aranburu zarauztarra izan dira, lehena 11. postuan eta bigarrena 19. postuan.

Nesken kasuan ere WQS mailako bi txapelketa Europan, baina biak sei izarrekoak, bata Hossegorren eta bestea Pantinen. Hossegorrekoa abuztuaren 21ean amaitu zen eta Courtney Colongue amerikarrak irabazi zuen. Gainera, txapelketa horretan Junior txapelketa ere egin zen eta Johane Defay frantsesak irabazi ostean, Europako Junior titulua eskuratzea ere lortu zuen.

Galizian egin duten Pantin Classic txapelketa atzo bertan amaitu zen. Arratsaldeko bostetan hasi zen finala. Bi australiar ziren lehian, Dimity Stoyle eta Nikki Van Dijk.

Metro eta erdiko olatuak eta erreka haize indartsua. Baldintzak nahiko onak ziren, baina olatua aukeratzea ez zen batere erraza. Nikki Van Dijk izan zen ongien aritu zena. Olatu batean 9,23 puntu jaso zituen, beraz surf bikaina eskaini zuen australiarrak.

Lehiakide europarrei dagokienez, apur bat motz geratu zirela esan daiteke; izan ere, finalerdietan bi australiar eta bi hawaiiar lehiatu ziren, europarrik ez. Finalerdietara iritsi ziren europar bakarrak Pauline Ado hendaiarra eta Johanne Defay frantsesa izan ziren eta ongi aritu ziren arren ez zuten lortu beren arerioak garaitzea.

Pauline Ado egun WCT itzulia egiten ari da eta 10. postuan dago. Munduko ranking orokorrean berriz, zazpigarren postuan aurkitzen da, beraz datorren urtean ere lehen mailan egoteko aukera asko du. Ranking europarrean, berriz, hirugarren postura igo da azken txapelketa honen ostean.

Johanne Defay gaztea, berriz, sekulako urtea egiten ari da. Aurtengo Junior txapelduna da Europan, eta Europako ranking orokorrean ere buru da; beraz, horrela jarraitzen badu, denbora gutxiren buruan mundu mailan lehian aritzen ikusi ahal izango dugu.

Bestalde, Leticia Canales Bilbaok bosgarren postuan amaitu du ranking europarra eta Ainara Aymatek berriz, zortzigarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo