GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Aurten ez da ezer

 

p042_f06.jpg

Aurten ez dira erakunde publikoetako ordezkari politikoak, ustezko surf elkarte bateko ordezkariak, marka izenetako babesleak eta surf lehiakideak bildu. Aurten ez da aurkezpen ekitaldirik izan Arguiñano jatetxearen atarian, itsasoa gibelean argazki ederrak ateratzeko aukera paregabea eskaintzen duen terraza zoragarrian. Izan ere, aurten ez da munduko surf txapelketarik izango Zarautzen.

Asko dira zergatia galdetzen dutenak, gutxi erantzuten dutenak eta ia inork ez du egia esaten. Aurten Zarautzen munduko surf txapelketarik ez bada, antolatzaileen artean zen Surf Elkarte delakoak sekulako zuloa egin duelako da. Zorren iturburua aztertzen hasita eta dirua zertan xahutu ote den galdeginda, erantzuna izan daiteke euroek hegan egin dutela, aire bilakatu dira, eterrak lausotu ditu, hidrogenoak desegin... norbaiten poltsikoan?

Txapelketa antolatzeko arazo nagusia ez da babesle falta, berau kudeatzeko arduradun nagusia zen elkarte delakoak dituen barne arazoak baizik. Arazo ekonomikoak eta kideen jarrera arazoak, ez da besterik eredu bakarreko surflarien komunitatean.

Kalifornian, Santa Monicako Bay Street kaleko egoitzan imajinatzen ditut ASPko arduradunak Afrika iparraldean den ahoskatu ezinezko herri xelebre horren inguruan mintzatzen. Munduko surf txapelketen mapan, lekuak nola seinalatzen dituzten jakin nahiko nuke, «Zarauz» dioen mapako zatia nola markatua duten, txintxeta batekin, errotuladore gorriz borobilduta, goiburu irrigarri batek lagunduta edota karikatura batekin lagunduta.

Inoiz ez naiz harro egon surflaria izateagatik, batez ere kanpotik begiratuta ikus daitekeen komunitate singular horri alternatiba errealik eskaintzeko gai izan ez garen neurrian, atxikitzen zaizkigun topiko eta adjektibo lotsagarri guztiak egiazkoak direlako. Beste eredu batean sinesten dugunok, surf egin arren, ez dugu surflaritzat geure burua, ez baitugu gehiengoa den mundu horrekin bat egiten. Aspaldi hasi ginen surf taula batekin itsasoratzen, aspaldi hasi ginen ustez zegokiguna egiten, alegia txapelketetan parte hartu, markak, eta ez pertsonak miretsi, erosi, kontsumitu, ez pentsatu, ez hausnartu, ez hitz egin, irri egin, batez ere tonto aurpegiarekin irri egin, eta marraztutako bidea, bide bakarra, inertziaz jarraitu genuen; zegokigunean, kontzientzia hartu eta lotsatzen hasi ginen arte.

Ez dugu adio betirako esaten, noizbait elkar gaitzakeen zerbait izango da, azken finean guztiok urautsi berean izaten gara, baina bestelako zerbait izan daitekeela sinesten dugunok, surfak bere egiazko izaera galdu duela uste dugunok, surf egin arren, ez dagokigun erantzukizunik ez dugu geure egingo. Arsenio Lupin lapur famatuak aristokraziako kide batzuen etxean lapurtzera sartu eta ezer ebatsi gabe alde egin zuen hartan utzi zuen mezu bera erabil dezakegu: «Altzariak benetakoak direnean itzuliko naiz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo