GARA > Idatzia > Kultura

«One more tour», Fermin!

Fermin Muguruza eta Kontrakantxa bandak amaiera eman zioten larunbat gauean «No More Tour 2013» kontzertu birari. Tolosako Bonberenea Sutan! jaialdiaren barruan, Anai Arrebak, Bad Sound System eta Zuloak taldearekin partekatu zuten oholtza. Gaualdia berezia izan zen benetan, eta horren jakitun ziren bertara agertutako musikazaleak. Taldeak eta ikusleek bat egin zuten, dantza etengabea bilakatu zen emanaldi historikoan.

p044_f04.jpg

Koldo OTAMENDI | TOLOSA

«Mila esker Bonberenea! Jo ta ke!». Oihu horrekin amaitu zuen Fermin Muguruza musikariak Kontrakantxa bandarekin batera egindako «No More Tour 2013» kontzertu bira. Guztira, birak iraun duen sei hilabeteetan 55 kontzertu burutu dituzte. Martxoan Hondarribiko Psilocybenea aretoan abiatu zen abenturak Tolosako Bonberenean izan du amaiera. Tartean, Ameriketako Estatu Batuak, Japonia, Australia, Txina, Argentina, Kanada, Kolonbia, Europa zaharra.... eta Euskal Herriko zenbait herri.

Bi ordutako kantu zerrenda prestatu zuen Muguruzak azken emanaldi honetarako. Pilotakada hotsek abiatu zuten emanaldia gaueko hamaikak zirenean, Kontrakantxa taldea oholtza gainera igotzearekin batera. Bira osoan egin bezala, kantu lasaiak aukeratu zituen azken hau abiatzeko. «Maputxeak», «Ezin ihesi Berlin», «Balazalak»... Bide horretan, biraren lehen emanaldia ere gogoan izan zuen Ferminek, «Newroz» jotzerakoan, kurdu herria gogoan.

Emanaldia ordu erdira iritsi zenean hasi zen martxa bizkortzen «In-komunikazioa» kantarekin. Haize tresnen atala protagonista, erritmo bizian joan zen abestia. Gaueko lehen gonbidatua taularatu zen orduan: Sorkun. Biran parte hartu ez arren, ugariak izan dira Sorkun taula gainean ikusteko aukerak.

Betiko lez, gozo zein indartsu, ahots ederra duela erakutsi zuen, erregistro ezberdinekin jolastuz kantuaren arabera. «Plastic Turkey», «Azoka eguna» (Mosku auzoko lagunak gogoan) edota Negu Gorriak taldearekin grabatu zuen «Anima zaitez» (Bob Marley abeslariaren «Lively up Yourself» moldaketa) izan ziren Sorkunek taldearekin abesturiko hainbat kantu.

Bonberenea Sutan! jaialdia zela aprobetxatuz, esker oneko hitzak izan zituen Ferminek bertako gazteentzat. Bonberenea martxan den azken hamabost urteotan, ugariak izan dira bertan egindako ekintzak eta jarduerak. Egun, Euskal Herriko musika eszenan ezinbesteko lekua bilakatu da, eta azken emanaldia bertan egitearen garrantzia aipatu zuen. Tartean, Lobo Electrico taldeko bateria zebilen, eta duela bi urte hil zen Lander Zabalza «Txabal» izan zuen gogoan. Momentu polit bezain hunkigarria izan zen. Herri berezia da Tolosa Muguruzarentzat. Bertako barnetegi batean ikasi zuen euskara Kortatu garaian, eta geroztik, bere musika bidean izan du lagun.

Kortatu taldearen garaiak gogoan, «Etxerat» eta «La linea del Frente» kantuak jo zituzten segidan, 80ko hamarkada hasieran abiatu zuen musika ibilbide osoari errepaso eginez. Presoak eta iheslariak gogoan, «ez gaude denok!» gogoratu zuen, eta «Yalah Yalah Ramallah» kantuarekin amaitu zen emanaldiaren lehen zatia, saioa hasi eta ordu eta erdira.

Atsedenaldi txiki baten ondoren, bira honetan lagun izan dituen Zuloak taldekoak agurtu zituen: Ursula Strong (bateria), Tania de Sousa (Ahotsa), Izaskun Muruaga (gitarra) eta Koldo Soret (gitarra). «Zuloak Riot» kantuaren moldaketa, eta beste hiru-lau kantutan aritu ziren musikariak Kontrakantxarekin batera. «Nik Baditut Sei» kantuan, berriz, Bad Sound System taldeko Kenitra eta Masta igo ziren oholtza gainera, kantuari kolore berezia emanez.

«Dub Manifest» kantarekin aurkeztu zuen banda Ferminek. Bere ondoan azken hamarkada honetan ibilitako musikariez inguratu da azken bira honetarako ere. Fino (saxoa), Jontron (tronboia), Lonbi (tronpeta), Zigor DZ (DJ), Oskar Benas (gitarra), Xabi Solano (trikitia eta azpi-ahotsak), Victor Navarrete (baxua) eta Iban Zugarramurdi (bateria).

Emanaldia azken txanpan zen jada, eta bira honetan askotan egin bezala, bi kantu esanguratsuk borobildu zuten gaua. «Gora Herria» kantarekin trikitia sutan jarri zuen Xabi Solanok, kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko aldarrikatzearekin batera. Azken kantua, nola ez, «Sarri Sarri». Horrela lehertu zen festa, ikusle osoa dantza batean jarriz eta «kriston martxa dabil» oihukatuz.

Musika sutan!

Arratseko zortzietan abiatu zen Bonberea Sutan! jaialdia. Zuloak taldeko hiru kideak taula gainean, kantuak jotzeari ekin zioten. Ordu horretarako, ikusleak hasiak ziren Bonberenea eraikinaren ondoko futbol zelaian biltzen. Ordubeteko saioa eskaini zuten artean egun argiz, hirukoak pasa den urtean plazaratu zuen diskoa aurkeztuz.

Anai Arrebak taldearekin dantza txanda iritsi zen Bonberora. Gipuzkoar hauek proposatzen dituzten erritmoak dantzagarriak dira oso. Argi joko polita izan zuten, diskoteka itxura emanez agertokiari, taldeko bi abeslariak jendea animatzen saiatzen ziren bitartean. Kantu propio eta zenbait bertsiorekin berotu zuten giroa.

Bestalde, Fermin Muguruzaren kontzertuaren ostean, Bad Sound System hirukoa taularatu zen. Stepi mahaiaren atzean, eta Masta eta Kenitra mikroak eskuan. Bonberenea Ekintzak zigiluarekin kaleratu zuten «Aldaketa» diskoari eman zioten astindua, beren betiko klasikoekin tartekatuz, ikusle guztiak «Buiaka» jarriz! Amaitzeko, Ziribulio Sound System aritu ziren Bonberenea barruan, sound system erritmoak ekarriz, gauak goizari lekua egin artean kasik.

Ez dadila azkena izan! One more tour, Fermin!

BIDEOBLOGA

«Zuloak, Anai-Arrebak eta Bad Sound System taldeekin konpartitzea eskenatokia plazer hutsa izan da. Eta eredugarria berriro ere Bonberenea Sutan! nola zegoen antolatuta. Autoeraketa eta lana. Osasuna eta askatasuna. Gora gu ta gutarrak!». Mezu hau zintzilikatu zuen Muguruzak Twitterren. Naiz.infon, bere bideoblogaren bitartez, bira hau zuzenean jarraitu dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo