GARA > Idatzia > Kultura

EN VIVO JAIALDIA

Bilbon, The Offspringek erakarri eta S.A.-k harrapatu

Bigarren eta azken txanpak The Offspring taldea du erakargarri nagusia En Vivo jaialdian, eta nabari da; aurrekoan baino jende gehiago dabilela ematen du iluntzean ere. Talde euskaldunik ez zen oholtza gainean, baina euskara bazebilen belardian. Oholtzan, emanaldi itzela egin du S.A. taldeak. Kasik 25.000 lagun dituzte parean; 45.000 batu ditu En Vivok.

p046_f01.jpg

Anartz BILBAO

Zaleen tisertak «Herrira» diote batzuen bularretan, Ramones beharrean «Ramonas» neska kuadrilla ugari batzuenetan. Jaialdi eremuko sarreran, gazte saldoa dago, taldetxoetan jarrita, litronak edan eta edan. Barruan, Segismundo Toxicomanok ireki duen jardunari Boikotek eman dio segida, aurreko egunean Banda Bassottik bezala sobietar ereserki eta guzti. Jarraian, zelaiak gero eta beltzago direla, Reincidentes. Eskarmentu handia dute sevillarrek, eta estimatuak dira gurean. Ez alferrik, «Vicio» ezagunarekin saioa itxi aurretik «Euskal Herrian euskaraz» jo dute!, aurki bertsio disko batean argitaratuko dena -taldearen 18.ena-.

Behin ilunduta, Rulo y la Contrabanda eta El Drogas izan ditugu karpapeko oholtzan. Lehena La Fugako gitarrista ohi kantabriarraren taldea da. «No se» kantarekin hasi zen Fito & Fitipaldisen bidetik dabilen musikaria; ez zen izan gaueko emanaldi sutsuena. Bigarrena, El Drogas, gurean aurkezpenik behar ez duen gizona da. Jaka eta gorbata zein kopa laburdun kapelarekin agertu zitzaigun oholtzara makulu eta guzti, baina egia esan ez oso dotore. Laukotean eta karpapeko soinu onenarekin, «Tentando a la suerte» hasi zen. Karisma handiko kantariak barkatuko digu kafe bat hartzera alde egin izana. Zorionez emanaldiaren bukaerarako bueltan ginen; gora eta gora egin zuen tartean Barricadaren kantak emanda: «La silla eléctrica» eta «Blanco y negro» -Londresen dabiltzan Motxila 21eko lagunekin akordatu zen-.

Dardara

Ahaztu orain arte irakurritakoak, Soziedad Alkoholikaren txanda heldu da-eta. Puntu honetara helduta, eta ohikoa ez dugun harrokeriaz, konplexuez berba egin gura dugu. Zergatik idatzi da inguruotako hedabide batzuetan ostiraleko talde nagusia Whitin Temptation zela (BTX beharrean), antolakuntzak larunbatean The Offspring-i eskaini zion toki eta ordutegi bera eman badio Berri Txarrak-i? Atzerritarrak direlako izango da, ez da beste azalpenik. Bide beretik, gezurra litzateke gure aldetik, a priori, larunbateko afixa buruaren aitortza S.A. taldeari ematea, egia esanda arabarren jardunak The Offspring kaliforniarrena irentsi bazuen ere.

Anplifikagailu pantaila horma batek babestua, erdian bonbo bikoitzeko bateria dela, agertu zen gasteiztar boskotea, eta fisikoki paparrak dardararazi zigun haien soinu eztandak. «Beldur barik, goazen!», diosku euskaraz Juan kantariak -honek ere Urkixo jauna izan du gogoan («S.H.A.K.T.A.L.E.»?)-, eta euskal kulturak pairatzen duen zentsuraren kontrako aldarria egin du, besteak beste «Ratas», «Piedra contra tijera», «Pausu bat» edo «Cuando nada vale nada» zorrotz eta zehatz jo bitartean. Zaleak zoraturikan, bengalaren bat ere piztu da (aurrekoan Lendakaris Muertosekin moduan) azken txanpa baino lehen: «Sin Dios ni ná», «Cienzia asesina» eta... «Motxalo». Itzel!

Eta The Offspring? Denok ezagutzen dugun hit saldoa dute, eta guztiak jotzera agertu ziren, festibal handietarako zerrenda eginda, nahiz eta itxura batean 2012ko «Days go By» aurkeztera etorri -bi kanta baino ez lan berritik, diskoari izena ematen diona eta «Slim Pickens Does the Right Thing and Rides the Bomb to Hell», txukun biak-. Bigarren gitarrista baten laguntzarekin zuzenean boskote bihurtuta, taldea «alturitetara» jolastu da etengabe (bi maila zituen oholtzak); Noodlesen babesean Dexter Holland protagonista duela -saiatuak dira eta grina agertu dute-. Errenkadan eta etenik gabe «All I want» eta «Come out and play» bezalako bonbekin hasi eta «Pretty Fly (for a White Guy)» zein «The Kids aren't Allright» ezagunekin bukatu. Ordubete eskaseko jarduna, erdian «Hit that» eta soinu negargarriarekin; gehi bis bakarra: «Self esteem». Efimeroegi...

Askoz soinu eta publikoarenganako konexio hobea lortu zuten guk batere gustuko ez dugun Mago de Oz taldeak, zuzeneko txukuna emanda (taldea madrildarra da, baina letragile eta bateria duten Txus di Fellatio, taldeko burua -gaztetan Real Madrilen jokatu zuen, atezain-, bilbotarra da!). Baita gero eta hobeto jotzen duen Toy Dolls hirukote jolastiak ere. Goizeko 03.30ak ziren hauek bukatzerako eta oraindik Porco Bravo bizkaitarrak eta Karkoma (Extremoduroren omenezko taldea) falta ziren taularatzeko. Ez da hain erraza, El Drogasek kantatu zigun bezala, «llegar a casa antes (de) que el sol...».

Antolakuntzaren arabera, 45.000 zalek erantzun dio En Vivo jaialdiaren Bilboko lehen edizioari; ez da azkena izango ziurrenera. Ea hurrengorako komunen kontua hobetu (neskek arazoa dute hemen) eta besteak beste iturri bat jartzen duten; askok eskertuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo