GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DOLUA EUSKAL KULTURAN

Jean Haritschelhar, euskararen defendatzaile nekaezina

Jean Haritschelhar baigorriarra atzo zendu zen Biarritzeko erietxe batean, 90 urte zituela. Euskaltzain ohiak azken arnasara arte defendatu zuen euskara eta halaxe oroitu zuten bere ibilbide luze bezain oparoan alboan izan zituenek. Hil kapera gaur jarriko da Baionako tanatorioan eta elizkizunak asteazkenean izango dira, Baigorriko elizan.

p006_f03.jpg

A.A. | DONOSTIA

Jean Haritschelhar euskaltzain eta euskaltzainburu ohia atzo hil zen Biarritzen, 90 urte zituela. Haritschelharrek ibilbide mardula egin zuen euskararen munduan, idazle, euskaltzain, euskaltzale, hogeita lau urtez euskaltzainburu orde eta, Luis Villasanteri lekukoa hartuta, 1989an euskaltzainburu izendatu baitzuten. Hamasei urtez bete zuen kargu hori eta bi urte beranduago, 2006an, euskaltzain emeritu izendatu zuten. Sarako Idazleen Biltzarrean saritu zutenean, aurtengo otsailean, eskaini zion GARAri azken elkarrizketa eta, bertan, bizi luzea izan zuela eta beti euskarari bultzada ematen ahalegindu dela agertu zuen: «Ez da beti asmatzen, baina neukanik eta onena emana diodala uste dut nire barne gogoak agindutakoari, gure hizkuntzaren aldeko lanetara bildua naizelako ene bizian. Horrek guztiak poza ematen dit, baita ohoratzen ere». Era berean, euskararen etorkizunarekiko baikor azaldu zen: «Garai batean mintzoa zen, gero idatzia, irratia eta telebista heldu ziren, eta orain Internet; guk aitzinamenduan segitzen dugu, eta horregatik naiz baikor».

Hil kapera gaur goizean jarriko dute, 09.00etan, Baionako tanatorioan (Balte karrika), eta hileta elizkizunak asteazkenean egingo dira, Baigorriko elizan, 16.00etan.

Haritschelhar Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an. Oinarrizko ikasketak bertako eskola publikoan egin ostean, Baiona, Mont de Marsan eta Tolosan ondu zituen ikasketak. Letretan doktore zen Ecole Normale Superiore de Saint-Cloud eta Sorbonne-Parisen, eta Pierre Topet Etxahun koblagileaz doktore ikerketa mardulak egin zituen («Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun» eta «L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etxahun» tesiak aurkeztu zituen 1969an). Madril eta Sevillan ere burutu zituen ikasketak eta «Gustavo Adolfo Becker costumbrista» tesina ere egin zuen.

Ibilbide profesionaleko lehen pausoak irakasle gisa eman zituen. Agen-eko lizeoan aritu zen 1952tik 1959ra, Bordeleko unibertsitatean euskara eta gaztelania eskolak eman zituen 1962tik 1986ra eta, 1969an, Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izendatu zuten.

Unibertsitate munduan, 1988an Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen eta, 2010. urtean, gauza bera egin zuen UNEDek (Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitateak). Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) sortzaileetako bat ere izan zen.

Horrez gainera, Baionako Euskal Museoko buru izan zen (1962-1988) eta politikan ere egin zuen urratsik Haritschelharrek: 1970etik 1980ra bitartean Baigorri sorlekuko alkate izan zen.

Urte horietan guztietan euskararen inguruko hainbat elkarte eta erakundetan ere aritu zen Haritschelhar, besteren artean, Ikas, Euskaltzaleen Biltzarra, Euskal Kultur Erakundea, Pizkundea edota Societé de Linguistique de Parisen, eta hainbat artikulu ere argitaratu zituen, besteren artean, «Gure Herria», «Enbata» eta «Herria» agerkarietan (azken honen zuzendariorde ere izan zen). Era berean, «Pilota» aldizkariaren sortzaile eta zuzendari ere izana zen. Bere ibilbidean zehar dozena bat lan argitaratu eta hamaika sari eta omenaldi eskaini zizkioten. Azken sarietako bat aurten bertan emana zioten, apirilean, Sarako Idazleen Biltzarrean.

Euskaltzaindiaren omenaldia

Haritschelharrek zendu aurretik jaso zuen Akademiako 33 kideen omenaldia. Orain bost urte, 2008ko urtarrilean, «Jean Haritschelharri omenaldia» argitalpena aurkeztu zuten erakundearen alde egindako lana eskertu asmoz. Ekitaldi berean Euskaltzaindiak Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) hitzarmena sinatu zuen eta, Haritschelharrek hitza hartu zuenean, hura izan zuen hizpide: hitzarmen harekin iparraldearen eta hegoaldearen arteko hizkuntza lokarriak sortzen eta sendotzen zirela-eta poza adierazi zuen. Euskara batua finkatu izana «egiazko iraultza» zela ere nabarmendu zuen. Era berean, Haritschelhar urte hartan zendutako Xabier Diharce Iratzeder-rekin batera izendatu zuten euskaltzain, eta ekitaldian, haren ondoan berak euskararen alde «ezer gutxi» egin zuela esan zuenean Piarres Laffittek «egingo duzu» erantzun ziola ekarri zuen gogora.

Haritschelharren heriotza nahigabez jaso eta segidan etorri ziren euskaltzale, politikari eta kultur alorreko hainbat pertsonaren adierazpenak. Nabarmenena, Andres Urrutiak utzi zuen. Haritschelharren eskutik jaso zuen euskaltzainburu kargua eta, ezeren gainetik, «euskararen diplomatiko» gisa deskribatu zuen baigorriarra: «Bere presentziarekin, ekintzekin eta jardunarekin euskara hor genuela ikustarazten zigun, euskara gure gizarteko elementu garrantzitsua zela eta euskaldunon bizikidetza antolatzerako orduan gogoan izan beharko genukeela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo