GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DOLUA EUSKAL KULTURAN

Haritzaren itzala

Jon GARMENDIA Idazlea

Apirilak egun bat zuen, eta Saran izan zen, justuki, urtero Aste Santuan egiten den Idazleen Biltzarrean, eta han, Jean Haritschelhar baigorriarrak omenaldia jasotzen zuen. Bigarren aldia zen berekin hizketan luze aritzeko parada neukana, lehena orain hamar bat urte izan zen, Baigorriko euskarari buruzko interesak bultzatuta inguru haietan elkarrizketa sail bat egin nuelarik. Sarako kanpandorreak badu esaldi ezagun bat: Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen. Eta azkeneko oren horrek kolpatu du Jean, hobirat eraman du, baina hildakoen gordailu horretan ez dira sartuko berak euskararen alde egin dituen ahalegin guztiak. Denborak aitzina egin arau, anitz aldiz oroitua izanen baita bere ekarpen luze eta zabala. Ez da heriotzarik hori ezabatu lezakeenik. Eta Saran egin nion azken elkarrizketa, laburki GARA egunkarian apirilaren 2an argitaratutakoa, halakoetan ezin baita hitz egindako guztia idatzian jaso, eta harro, pozik sumatu nuen Haritschelhar, jasotzen zuen saria errekonozimendu bat bezala hartzen zuelako. Grabagailua itzalita, Euskal Herriak bizi dituen garai berriei buruz ere hitz egin genuen, ETAk eginiko urratsak sufrimendu baten itzaltzea ekarri zuela aipatu zidan, baina euskal iheslariena ere itzali behar zela aitortu zidan segidan, hainbeste urtetan etxetik kanpo ibiltzearekin aski ordaindu zelako jada zorra. Ohitura zeukan ahapaldi bakoitza bere irribarrea eskainiaz bukatzeko, kontu serio bat izan edo sakoneko erreflexio bat, hark umorea ageri zuen beti, eta maite zuen harremantzea, hitz egitea, eta entzuleak ukaitea. Orain, anitzek izanen du hari buruz hizketatzeko parada, niri bezala, anitz jenderi arrastoa utzitako pertsonaia handi bat zelako Jean, baina batez ere pertsona zen, gizon on bat. Ez zen politikaria, nahiz eta politikaren bazterrak ere miatu zituen, baldin eta hala deitu ahal bazaio 1971tik 1980ra Baigorri bezalako herri tipi batean auzapez izateari. Eta pertsona zela erakutsi zuen kargu hori uzterako tenorean.

Urte hartako martxoaren 26an, Ramuntxo Arruiz eta Txomin Olhagarai hil ziren Baionan. Suprefetaren auto azpian lehergailu bat jartzen ari ziren, eta ustekabean eztanda egin zien. Iparretarrak erakunde armatukoak ziren biak, eta Ramuntxo ezagutzen zuen Haritschelharrek, batez ere haren familia, Francoren errepresiotik ihesi Iruñetik Baigorrira joandakoak. Ramuntxo ere ezagutzen zuen noski, eta estimatua zuen, Baigorriko kultur mugimenduan lan eskerga egina zuelako gazteak, izan dantza taldean, izan abesbatzan, edo izan herriko mugimendu desberdinetan, Baigorrin betidanik eta oraino, bizi-bizi baitago Euskal Herriaren aberastasun kulturalak babesteko izpiritua. Gaztearen hobiratze elizkizunetara joan zen Jean, «Giristino bezala, familiako lagun bezala, ez auzapez bezala», baina kargua utzi beharrean izan zen han sortu zen kalapitaren erruz, eta geroztik ez zuen politikari buruz agerpenik egin. Gizon handi bat galdu du Euskal Herriak, baina euskarak betirako irabazi du haritz eder honen itzala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo