GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Lleidara etorrita, nire kirol ibilbidean beste urrats bat egin dut aurrera»

p029_f01_199x124.jpg

Aitor Aldalur

Futbolaria

Aitor Aldalurrek 22 urte beteko ditu abenduan, baina bere izena dagoeneko ezaguna egin da futbol munduan. Bigarren B Mailako Lleidara aurten iritsi da. Hamaikakoan bere lekua egin du, eta badirudi, gainera, zerbait gertatu ezean ez dela handik kentzea erraza izango, oso maila ona erakusten ari baita. Kataluniarrekin Bigarren Mailara igotzea da aurtengo denboraldiko bere ametsa.

Jon LEUNDA

Aitor Aldalur tolosarrak lehen urtea du Lleida taldean. Realeko harrobian ibili eta bigarren taldean ere jokatu ostean, Amorebietara joan zen, han bi urte egiteko. Aurten Kataluniako lurretan erakutsi nahi du duen maila.

Nola daramazu etxetik kanpora bizitze hori?

Ongi, oso gustura. Lehen urtea dut, baina gauzak, oraingoz, behintzat, oso ongi doazkit. Jokatzen hasi naiz; orain arteko bi partidak behintzat jokatu ditut, eta taldeak biak irabazi ditu. Alde guztietatik pozik egoteko arrazoiak ditut.

Nolako giroa aurkitu duzu?

Ona. Iaz taldea ia Bigarren Mailara igo zen, eta horrek zaleei indar handia eman die, eta orain arte hori nabaritzen ari gara. Guregan arreta handia jartzen dute. Bestela, taldean ere oso giro ona aurkitu dut.

Helburuak zeintzuk dira?

Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzea, hori gutxienez, eta gero, ahal bada, igotzea, baina Liga lehen lauren artean amaitu behar dugula hasi aurretik garbi utzi digute denoi.

Nabaritzen al da presiorik?

Bai, bai, dudarik gabe, baina hori normala ere bada. Talde garrantzitsua da Lleida, eta denen nahia eta ametsa da gora egitea. Jokalariontzat ere ez da txarra presio hori.

Zein da instalazioen egoera?

Oso ona. Jokatzeko estadio eder bat daukagu, eta entrenatzeko ere zelai bikainak, bai belar artifizialeko bai belar naturaleko zelaiekin, eta horretan ere nabaritzen da ekipo handia dela. Hor ere ez daukagu kexatzeko inongo arrazoirik.

Arlo ekonomikoan, izan al duzue edo sumatzen al da arazorik?

Ez, inondik inora. Etorri aurretik ere informatu nintzen, eta hemen zeudenek eta egon zirenek garbi utzi zidaten arazorik ez zegoela, eta hori oso garrantzitsua da. Talde hau daramatenak oso jende serioa dira, ongi ari dira lanean.

Amorebieta uzterako garaian Lleidak zerikusirik izan al zuen?

Bai. Iazko denboraldi erdialdetik zebiltzan aurten ni bertara ekarri nahian, eta jokalari batentzat oso garrantzitsua da talde batek horrelako interesa izatea. Amorebietan bi urte on egin nituen eta oso gustura aritu nintzen, baina beste urrats bat egin nahi nuen. Beste eskaintza batzuk ere izan nituen, baina nik garbi neukan non jokatu nahi nuen. Pertsonalki hazten joateko ere aukera ona zela iruditu zitzaidan, eta hartutako erabakiarekin oso gustura nago.

Iaz Bigarren B Mailako bigarren multzoan aritu zinen; aurten, berriz, hirugarrengoan. Aldaketarik antzeman al duzu?

Bai. Jokatzeko eran ere badago alderik, baina handiena zelaietan nabaritu dut. Iaz zelai guztiek belar naturala zuten, eta aurten, berriz, askok belar artifiziala, eta asko txikiak dira. Horrek dezente aldatzen du futbolean jokatzeko era ere.

Nolakoa da Lleida bizitzeko?

Ongi dago hiria. 140.000 biztanle ditu, eta gauza gehienak nahiko eskura ditu. Bizitzeko hiri erosoa dela esango nuke, erraz moldatu naiz. Alde horretatik ere honek ez dauka aitzakiarik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo