«Artzainen artzain» eta bertsozale handia izan zen Mixel Lekuona apeza zendu da
KAZETA.INFO | BAIONA
Mixel Lekuona Ilardoi apeza atzo zendu zen. Bertsozalea eta artzainen lagun eta laguntzailea eritasun larri baten ondorioz hil da. Biriatun sortua Makeako erretorea izan zen 27 urtez, eta bere azken urteak Kanboko zahar etxean eman zituen. Alzheimer gaitzak harrapaturik, artatze berezitu baten beharra izan zuen. Ipar Euskal Herriko pertsonaia ospetsuen zerrendan agertu arren, arlo askotan murgildurik, isilpean herriaren alde lan anitz eginiko gizona izan zen Lekuona. Bertsularien Lagunak elkartearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Hazparneko Laborantza Eskola sortzen lagundu zuen Hazparnen eta Berria esne kooperatiba, Makean. Idiazabal inguruetan ere ibili zen gasnaren kalitatezko proiektuari loturik.
Urteetan zehar egin zuen lana omentzeko, Joxe Mari Iriondokok Lekuonari buruzko liburua idatzi zuen «Lekuona, Artzainen artzain». Bertso, dantza eta pilota munduetan ibili zen eta lurgintzan ere lan handia egin zuen. Ehorzketa Biriatun izanen da igande arratsaldean.