GARA > Idatzia > Euskal Herria

Saria eta Motondo, gizakiak naturari «ostutako» eremuak berreskuratzearen beharra

Euskal Herriko hirugarren padura garrantzitsuenak dira Saria eta Motondokoak -Urdaibai eta Txingudikoen ostean-, nahiz eta oso ezagunak ez izan. Orain, naturari «ostutako» lur eremuok leheneratzeko asmotan dira Usurbil eta Orioko udalak, zonaldea gizakiaren esku hartzearen aurretiko egoerara bueltatu nahian.

p020_f01_25970.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Urteetan zehar naturari «ostutako» lur eremua hari itzultzeko ordua heldu da. Hala erabaki dute Usurbil eta Orioko udalek eta Saria eta Motondoko lur eremuak erosi eta hauek leheneratzeko proiektuei ekin diete. Oro har oso ezagunak ez badira ere, Euskal Herriko hirugarren padura garrantzitsuenak dira Aranzadi Zientzia Elkartearentzat, Urdaibai eta Txingudikoen ostean. «Jada badira 30 urte baino gehiago bertako espezieak ikertzen hasi ginela. Jendearentzat oso ezezagunak dira, baina ikerlarientzat oso interesgarriak», dio Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak.

Aranzadi izan da Motondo berreskuratzeko proiektua egin duena eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko teknikariei laguntza eskaini die Sariaren kasuan. Padura hauen berreskurapenari dagokionean, «garai positibo batean» sartu garela uste du Agirrek eta horren ondoriotzat jotzen du Usurbil eta Orioko udalek lur eremu hauek erosi izana. Gaiarekin harremana duten lege guztiek, gainera, gisa honetako eremuen berreskurapena bultzatzen dutela gaineratu du. «Finean, artifizialki sortutako lur eremuak naturari bueltatuko zaizkio», azaldu du. Itsasadarraren joera naturalari bide emango zaio, beraz, eta aurrerantzean naturak berak babestuko du «jasangarria» izango den zonalde hori, Aranzadiko idazkari nagusiaren arabera.

Hasi dituzte lanak Sarian

Saria leheneratzeko proiektua abian da jadanik. Motondori dagokionean, aldiz, ez dago obrak hasteko eperik -nahiz egikaritze proiektua egina egon-, Orioko Udaleko osoko bilkura ez baita ados jartzen. 2009an erosi zituen Sariako lurrak Usurbilgo Udalak zonaldea leheneratzeko asmoz, eta, horretarako, Lakuako Gobernuaren partetik jasotako diru laguntza bat baliatu zuen. Hala ere, 2010era arte proiektua geldirik egon zen hainbat desadostasun medio; azkenean, baina, Udalak gaiari heltzea erabaki zuen.

Aranzadik egin zuen gunearen berreskurapenari zegokion lehenengo proiektua, 2009an bertan, baina finantziazio falta zela-eta, «kutxan» gorde beharrean izan ziren. Aurtengo urtearen hasieran, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontaktuan jartzea erabaki zuen Udalak, eta, honek, Aranzadiren proiektua oinarri hartuta, egikaritze txosten bat lantzeko ardura hartu zuen. Lan horretan zirela, proiektua gauzatzeko aukera agertu zen, finantziazioa lortu baitzuten.

«Proiektuaren helburua eremu hori leheneratzea da, hau da, bere lehengo egoerara bueltatzea. Oria ibaia nahiko zigortuta dago, nahiz eta egun hainbat balio natural gordetzen dituen. Horregatik, proiektu honek lehenengo urratsa izan nahi du itsasadar osoa berreskuratzeko bidean», dio Usurbilgo Ingurumen zinegotzia den Jose Maria Rivadeneyrak. Eurentzat proiektu «estrategikoa» dela gaineratu du, eskualdea ekonomikoki berpizten lagun dezakeena. Hala ere, ez diote soilik interes ekonomikoari begiratzen eta ingurumenarekiko errespetuak ere pisu handia duela nabarmendu du. «Garrantzi handia du proiektuak fauna eta florari dagokionez, hainbat gune irekitzen baitira aingira eta bestelako espezie batzuk bertan ugaltzeko. Horrez gain, toki goxoago batean bizitzeko aukera ematen zaie herritarrei. Azkenik, herri erakargarriago bat egiteko ere baliagarria da», aldarrikatu du. Obrak hasi dituzte jada eta lehenengo fasea pare bat hilabeteren buruan amaitzea espero dute, baina ez dakite noiz ekingo dioten bigarren faseari, haren finantzazioa airean baitago.

Bestelakoak dira kontuak, ordea, Orion. Motondoko lurrak 2007an erosi bazituzten ere, ez dirudi leheneratze proiektua epe labur batean gauzatuko denik. Udalean EAJ zela erosi ziren lurrak, «behartuta» Beñat Solabarrieta Orioko alkatearen esanetan, lehenago hondartzako lurrak saldu baitzituzten. Bi milioi euroren truke erosi zuten Motondo, «erreala» ez den zifra bat Aranzadi eta Solabarrietaren ustetan, nahiz Udalak eginiko balorazioak kantitate horretan kuantifikatzen zuen lurraren balioa.

Osoko bilkuran jarri behar dute ados Motondoren leheneratzeari ekiteko, baina hor hasten dira arazoak. Bilduk gobernatzen du herria, baina gutxiengoan, bost zinegotzirekin. EAJ eta herri plataforma, bakoitza bere arrazoiak medio, ez daude ados proiektua gauzatzearekin. Solabarrietak dioenez, historikoki bestelako proiektu batzuk izan dituzte jelkideek buruan gune horretarako: arraun pista olinpikoa, industriagune bat piraguistentzat, ur-lasterreko pista bat... Azken proiektu hori aurkeztu zuen EAJk 2007ko udal hauteskundeetako programan, baina berau gauzatzeko onarpena eskatu zutenean ukatu egin zitzaien, gune babestu horretan gisa horretako proiekturik ezin gauzatu daitekeela-eta (kontuan hartu behar da altuerarik gabeko eremua dela, eta, beraz, urari indarra emateko bestelako makinaria erabili behar dela ezinbestean). Aldiz, garai hartako EAE-ANVko zinegotzi batek Motondo berreskuratzeko eskatu zuen diru laguntza onartu egin zuen Lakuako Gobernuak.

Egoera «beltza» aurreikusten bada ere, denbora Motondo leheneratzearen alde dagoela dio Orioko alkateak eta herriari hainbat onura ekarriko lizkiokeela ziur da. «Zonalde babestu bat izango luke herriak, arnasgune bat izango litzatekeena», nabarmendu du. Aingirarentzat ere positiboa izango litzatekeela gaineratu du Solabarrietak: «Hemen aingira asko dago, edo garai batean egon zen behintzat, eta itsasotik barrura sartzen denerako babesgune handi bat izango luke Motondon».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo