eh jaietan
Bobo protagonista Otsagabian
Otsagabiarrek atzo eguerdiz ekin zieten jaiei, non, beste behin, bertako dantza tradizionaletan leku berezia duen Bobo pertsonaia misteriotsuak garrantzia hartuko duen. Txupinazoa piztu ostean, buruhandiak dantzan hasi ziren txikien gozamenerako eta Atharratzeko dantzariak ikusle asko bildu zituzten. Festak asteazkenera arte luzatuko dituzte Zaraitzuko herrian.
GARA | OTSAGABIA
Udaletxe plazan bildu ziren herritarrak atzo eguerdian Otsagabian festei hasiera emateko prest. Indarrak ongi hartu eta datorren asteazkenera bitarte nahiko parranda egiteko aukera izanen dute, adin guztietako jendeari zuzendutako ekimenekin. Guztien artean, hori bai, musika izanen da nagusi.
Atzokoan ere, txupina lehertu bezain laster, musikak hartu zituen kaleak. Aurretik ere bai, abesbatza izan baita aurten suziria pizteko ardura izan duena, eta jakina, kantuan ospatu zuten herkideen aurrean.
Larunbatera bitarte ezin itxoin eta ostiralean ere jai bezpera ospatu zuten. Eguerdian, indarrak hartzeko, bazkari bikingoa prestatu zuen Gazte Asanbladak. Gauerako, aldiz, musikak berreskuratu zuen protagonismoa. Lehenik La Jodedera taldeak erritmo kubatarrak ekarri zituen, eta, ondoren, Trikidantzen musikarekin egin zieten aurre gaueko ordu luzeei.
Atzoko ajea gaindituta, gaur dute jaietako egun handia Pirinioetako herrian: Muskildako Ama Birjinaren eguna. Goizean-goizetik ibiliko dira txarangak kaleetan barrena, musikaz esnatuz lotan daudenak, edo musikaz esna mantenduz oraindik oherako bidea hartu ez dutenak. Meza eta gero izanen da dantzarien lehenbiziko saioa.
300 urte luzeko ohitura
Otsagabian egiten diren dantza tradizionalak Nafarroako zaharrenetakoak dira. Ez dago argi noiz egin ziren lehen aldiz, baina gaiaz aritzen den agiririk zaharrena 1695. urtekoa da. Urteen poderioz, gainera, indarra galdu beharrean are eta oihartzun handiagoa hartu dute Pirinioetako bailaran eta herritarrek oso maitatu eta berezkotzat dituzte.
Otsagabian egiten duten dantzaldia lau makila dantzek osatzen dute. Antzinako liturgia bat bailitzan, Bobo maskaradun pertsonaia misteriotsuak gidatutako zortzi dantzariko taldeak sinbolismoz beteriko errituala berritzen du urtez urte irailaren 8an. Aurten ere zitara agertuko dira. Lau makila dantzak enperadorearena, katxutxa, dantza eta modorro dira. Lekuz leku mugitzeko kalejiran ere aritzen dira.
Dantzen ostean, Atharratzeko bizilagunei egingo zaie harrera. Arratsalde pasa ederra ziurtatuta dute Zopilotes Txirriaos taldearen napar-mex estilo bereziarekin. Festa bermaturik dago beraz, baita atsedenerako tarte gutxi izatea ere. Beharrik ere ez. Atsedena astelehenean iritsiko da.
Ordura bitarte, nekea pilatzeko era guztietako ekimenak izanen dira: jan, edan, dantzatu eta jolastu. Adin guztiek edukiko dute beren txokoa. Ea eguraldia ere lagun izaten den.