GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

top 14

Biarritzek premiazkoak ditu Toulonen aurkako lau puntuak

IJ.L.

Asteazkeneko jardunaldian galdu ostean, Biarritzek eta Avironek garaipena lortu behar dute gaur jokatuko dituzten norgehiagoketan. Oraindik Liga hasi besterik ez da egin, baina Biarritz jadanik jaitsierako postuan jarri da, eta urduritasunak agertu baino lehen komeni da hortik ihes egitea.

Biarritzek oso norgehiagoka zaila izango du, txapeldunaren aurka, Toulonen aurka jokatuko du, eta aurtengo liga irabazteko ere faborito nagusietakoa da. Oraingoz sailkapeneko bigarren postuan dago bi partida irabazi, bat galdu eta beste bat berdinduta.

Biarritz ez dabil ongi, sailkapeneko hamahirugarren postuan baitago. Partida bakarra irabazi eta hiru galdu ditu. Egia da zuri-gorriek baja ugari dituztela, eta tartean jokalari garrantzitsuak daudela. Egia da ere Liga hasiera ez duela batere erraza izan, sailkapenaren goialdean ibiliko diren taldeen aurka aritu baita, baina ustez zuri-gorriek ere aurrealdean ibili behar zuten, baina azkeneko denboraldi hauetan ohikoa bihurtzen ari den moduan, atzeko postuetatik askoz ere gertuago dabiltza aurrekoetatik baino.

Aukera ederra

Avironek ere 18.00etan jokatuko du gaur, Briveren zelaian. Zuri-urdinek lau partidetatik bi irabazi eta bi galdu dituzte. Etxeko biak irabazi dituzte, eta kanpoko biak, berriz, galdu.

Avironek Jean Dauguerretik kanpo jokatzen duenean arazo asko izaten ditu, eta ez da aurtengoa bakarrik, azkeneko urte hauetan etxetik kanpo oso puntu gutxi lortzen ditu, eta aurrean ibili nahi baldin badu, kanpoan ere puntuak behar-beharrezkoak izango ditu.

Gaur garaipena eskuratzeko aukera paregabea izango du Baionako taldeak, azkeneko sailkatuaren zelaian jokatuko baitu. Brivek jokatu dituen lau partidetatik bakarra irabazi du, eta gainerako guztiak galdu egin ditu. Beraz, gaur zuri-urdinek ezin dute hutsik egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo