GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Emozio estetikoa

p054_f01_52x65.jpg

Asun AGIRIANO

«CLIJ» aldizkaria («Cuadernos de literatura infantil y juvenil») ezinbesteko tresna da liburuak aukeratzeko orduan. Udaberriko alean, 253. zenbakian, «Ohorezko zerrendan» 0-5 urteko haurrentzat Anthony Browne-ren «Nola sentitzen zara?» liburua aipatzen da joan zen urteko libururik onena bezala.

Anthony Brownek (Britainia Handia, 1946) bi liburu ikusgarri kaleratu zituen euskaraz iazko irailean, Pamiela argitaletxearen bitartez: «Nola sentitzen zara?» emozioak adierazten ikasteko liburua, eta «Gorila bat zenbatzeko liburua», aniztasuna erakusten duena.

Irudia da, batez ere, nabarmena bietan. Horregatik egiten zaigu hain erakargarri egile hau, ilustrazio garbi eta koloretsuak egiten ditu, umoretsuak, eta ukitu bitxi eta surrealista dutenak. 2000. urtean Andersen Ilustrazio saria jaso zuen.

Ospetsua dagoeneko, haurtxoa bailitz bezala adoptatu duen gorila txiki maitagarria. Izan ere, Brownek askotan erabiltzen ditu tximinoak ipuinetako protagonista izateko. Unibertsala dela dio, ume guztiak, edozein adin, garai edo arrazatakoak direla, haiekin identifikatzen baitira, sinbolikoki indartsuak direlako, basatiak itxuran, baina barrutik oso bestelakoak. Horrela agertzen zaigu tximinoa orriotan: aspertuta, bakarrik, pozik edo triste, haserre edo logale; eta irakurlea liluratzea lortzen du.

Liburu honek haur-emozioen mundura garamatza, nork bere burua ezagutzeko eta sozializatzeko edukiak bailiran. Emozioak eta sentimenduak agertzen diren neurrian, liburuak helduari ere keinu egiten dio, berak kontatzen baitio ipuina haurrari, berak erakutsi esperientzia emozionalak umeak jakiteko zer aldarte duen, norberaren emozioak ikasten has dadin eta baita besteenak ere. Ezagutzeaz batera, kudeatzen ikas dezan; finean, emozioak hezteko beharrari erantzuten dio liburu honek.

Gurasoek maiz tristura, gaixotasunak eta atsekabeak gorde edo ezkutatu egiten dizkiogu haurrari minik har ez dezan. Adituen ustean haurra gai da emozio guztiak ondo eramateko. Gureak ezkutatzen badizkiegu, haurra gutxietsi egiten dugu. Maitasuna, poza, beldurra, haserrea sentitzen dituenean, helduok bezain sakon sentitzen ditu haurrak; bere sentimenduak ez dira azalekoak, eta ipuin honen gaiak, itxuraz sinplea ematen badu ere, garrantzi handia hartzen du egungo gizartean.

Emozioen heziketa beharrezkoa da osasunerako eta pertsonaren eta gizartearen ongizaterako. Pozak, amorruak, tristurak, beldurrak ez daukate zertan inor aztoratu emozio horiek egoki adierazten baditugu. Haurrak bere izate emozionala familian arnasten du. Familia emozioen kutxa indartsua da, eta haurrak gurasoekin duen loturak aztarna sakonak uzten ditu berarengan.

Egunerokotasunak erakusten digu tresnak behar ditugula emozioak ezagutu, ulertu eta kudeatzeko, iparrorratzaren lana egingo dutenak. Haurrak berak ezin ditu ulertu modu arrazionalean eta liburu honek, irudien bitartez, misterioa argitzen dio. Browneren liburuak gozamen estetikorako aukera dira, baita emozioak sortarazteko ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo