berria, Jakes Goikoetxea 2013/9/4
Lopezen etika
Judith Uriarte hil da. Pablo Gorostiaga senarra pixka bat gehiago hil dute. 71 urte. Espetxean. Urtebete emaztea ikusi gabe. Emaztea hilzorian, baina aurrena emaztea bisitatzeko baimena ukatuta. Gero, helegite bat, eta gero, baimena jasota, ostiralean. Larunbatean oraindik Ciudad Realgo (Espainia) espetxean, agindu baten faltan. Azkenean, herenegun, Ciudad Realgo espetxetik aterata, Ocañakoan sartzeko. Euskal Herritik urrunegi. Beranduegi. Gorostiagak atzo goizean etxera deitu zuenerako, Uriarte hilda zegoen. Gorostiaga espetxean dago Orain SAko -Egin-en enpresa argitaratzaile- administrazio kontseiluko kide izateagatik.
Eta Judith Uriarte Pablo Gorostiagarengandik 400 kilometrora hil den egunean, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak «zoru etikoaz» hitz egin du (EAJrekin eta PPrekin hitzartu zuen). «Zoru etiko» horretan alperra pasatzen dute Judith Uriarteren, Pablo Gorostiagaren eta beste hainbaten gainetik. Zoruari etiko deitzen diote, baina ez dauka etikarik.