GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

kazeta.info, Jon Garmendia 2013/9/2

Haritzaren itzala

(...) Sarako kanpandorreak badu esaldi ezagun bat: Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen. Eta azkeneko oren horrek kolpatu du Jean [Haritschelhar], hobirat eraman du, baina hildakoen gordailu horretan ez dira sartuko berak euskararen alde egin dituen ahalegin guztiak. Denborak aitzina egin arau, anitz aldiz oroitua izanen baita bere ekarpen luze eta zabala. Ez da heriotzarik hori ezabatu lezakeenik. Eta Saran egin nion azken elkarrizketa, laburki Gara egunkarian apirilaren 2an argitaratutakoa, halakoetan ezin baita hitz egindako guztia idatzian jaso, eta harro, pozik sumatu nuen Haritschelhar, jasotzen zuen saria errekonozimendu bat bezala hartzen zuelako. Grabagailua itzalita, Euskal Herriak bizi dituen garai berriei buruz ere hitz egin genuen, ETAk eginiko urratsak sufrimendu baten itzaltzea ekarri zuela aipatu zidan, baina euskal iheslariena ere itzali behar zela aitortu zidan segidan, hainbeste urtetan etxetik kanpo ibiltzearekin aski ordaindu zelako jada zorra. (...) Ez zen politikaria, nahiz eta politikaren bazterrak ere miatu zituen, baldin eta hala deitu ahal bazaio 1971tik 1980ra Baigorri bezalako herri tipi batean auzapez izateari. Eta pertsona zela erakutsi zuen kargu hori uzterako tenorean.

Urte hartako martxoaren 26an, Ramuntxo Arruiz eta Txomin Olhagarai hil ziren Baionan. Suprefetaren auto azpian lehergailu bat jartzen ari ziren, eta ustekabean eztanda egin zien. Iparretarrak erakunde armatukoak ziren biak, eta Ramuntxo ezagutzen zuen Haritschelharrek, batez ere haren familia, Francoren errepresiotik ihesi Iruñetik Baigorrira joandakoak. Ramuntxo ere ezagutzen zuen noski, eta estimatua zuen, Baigorriko kultur mugimenduan lan eskerga egina zuelako gazteak (...). Gaztearen hobiratze elizkizunetara joan zen Jean, "Giristino bezala, familiako lagun bezala, ez auzapez bezala", baina kargua utzi beharrean izan zen han sortu zen kalapitaren erruz, eta geroztik ez zuen politikari buruz agerpenik egin. Gizon handi bat galdu du Euskal Herriak, baina euskarak betirako irabazi du haritz eder honen itzala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo