argia, Juan Mari Arregi
AHTren biktimak
Tamalez, inposatu diguten Abiadura Handiko Trenaren makroproiektua kalte ekologiko, ekonomiko eta politikoaz gain, giza biktima ugari eragiten ari da. (...) Jadanik zazpi dira 2008tik obra horietan lan istripuen ondorioz hil diren langileak. Immigranteak eta azpikontratatuak, giza biktimak dira, prekarietatearen biktima eta baita proiektu horren arduradun diren erakunde publikoek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Espainiako eta Frantziako gobernuak) onartu behar ez lituzketen lan baldintza kaskarregien biktima ere.
AHTk beste biktima batzuk ere baditu. Euren ingurua eta bizilekua nola galdu den ikusi duten familiak -etxeak eta lurrak barne-; halako galera konponezina ordain merke eta lotsagarrien truke izan da gainera. Ingurune naturala deuseztatu dieten herriak ere biktima dira. Dirurik ez dagoela eta, eskubide sozial eta laboralak murriztu dizkieten eta ongizatea suntsitu dieten langile eta herritarrak ere bai. Izan ere, dirurik ez dago, baina milioika euro xahutzen dira Lemoiz berri bat izatera kondenaturik dagoen obra bat egiteko. Lakuako gobernuak presa dauka trenbidea eraikitzeko, baina horretarako 1.400 milioi euroko zorra egin du Europako Inbertsio Bankuarekin. Azken batean, euskal herritarrak biktimak dira, ez baitzaie sekula galdetu obra faraoniko hau aurrera ateratzea nahi ote duten.
Orain zaila da biktima horiei egindako kaltea konpontzea. Hasteko, obren luzamendua iragarri dezatela, eta hurrengo pausoa izan daiteke geltokirik ez duen trena betiko geraraztea.