GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Auritz

«Gañecoleta»

Oso harrigarria badirudi ere, gaur egun, 2013ko irailaren 4an, oraindik honela irakur daiteke: «Gañecoleta», auzo haren bidegurutzean barna igarotzean, eta data hau azpimarratu dut, gaur hain zuzen ere, ikusi dudalako errotulu xelebre hori, azkeneko aldiz orain arte, Jean Haritxelhar euskaltzainburu ohi jaunari Baigorrin azken agurra egin eta gero.

Badaezpada ere, Euskaltzaindiaren Toponimia arloan begiratu eta honako hauxe azaltzen du, alegia, «Gainekoleta: Izaera: Auzoa. Ofiziala: Gainekoleta. Non: Luzaide. Erabaki maila: Batzordeak onarturiko argitalpena. Oharra: hemen biltzen diren izenak Onomastika batzordeak emandako irizpen eta gomendioak dira. Udal, eskualde eta probintzia izenek arau maila dute».

Hori ikusita, ematen du ez dagoela inolako zalantzarik, nola agertu beharko lukeen idatzita izen horrek; baina, aldiz, gorago adierazi dudan bezalaxe agertzen da, hau da, «Gañecoleta», eta, gainera, errotulua oso zaharkituta dago.

Antza denez, gai honetarako, alfer-alferrik izan dira Franco diktadorea hil zenetik igaro diren urte guztiak, eta baita, demokrazia deitzen zaion honi, joandako denbora guztia. Era berean, inola ere ezin da esan Nafarroa Garaiak izandako lehendakariek asko luzitu dutenik beren burua, gure erkidegoko toponimia zaintzen eta mimatzen, hots, Barcina, Sanz, Alli, Otano, Urralburu...

Espero dezagun, Luzaiden eta Gainekoletan bertan, norbaitek edukitzea aurreko guztiek baino sentiberatasun handiagoa eta akats lotsa emangarri hori behin betiko zuzentzea, Jean Haritxelhar jaun handiarenganako begirune soilagatik baino ez bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo