Julen MURGOITIO
Arma Lurraren izenean
Gorria modan dago. Ez, ez nago datorren udazkenaren hemengo balizko kale giroaz. Nazioarteko jokalekuaz nago. Gorria hautatu dute hor, transgenikoa seguruenik, Etxe Zuriak ezarritako marrei berniza emateko. Eta baten batek Ekialde hartan arma kimikoak seguru erabili izanak batzuek marra pasatu izana ekarri die batzuei. Nazio Batuen Erakundeak bertaratutako aditu taldearen txostenak oraindik argia ikusi ez arren. Ez du ardura, Etxe Zuriko maizterra seguru dago. Gauzak horrela, pikutara bidali du matematikariek probabilitateen eremuan luze egindako lana. Akabo ehunekoen aroa! Libreago sentituko dira aurrerantzean aurreikuspenetan saiatzen zirenak, eguraldian izan edo ekonomiaren egurraldian izan. Pikutara! Etxe Zurian galdetu besterik ez dago! Barregarri izaten segitzen du NBEk, gobernuz osatutako gobernuz kanpoko erakunde horrek. Noizbait bestelako mundu baterako aukerak zabalduko bagenitu, Ekialdean zein Mendebaldean, Iparrean zein Hegoan zabaldu ere, bestelako erakundeak asmatzen ikasi beharko genuke, barrea dena beste jokaleku batzuetan utzita. Baina dagoena dago eta ez dagoena balego. Total, probabilitateak lan eta ideia tresna ditudan arren, gauza batean total seguru nago: petrolioa izan, lehen, edo gasa izan, orain, betiko horiek beti dute aitzakia, Arma Lurraren izenean, urrunean eskua sartzeko, airez, lurrez, itsasoz edo uhinez, baina sartu, ekinez etekina aterako dutelakoan. Izan ere, biltegiratutako arma asko iraungitze-datatik gertu ei dira eta. Eta horra, Ekialdean ziria sartzeko prest! Jakin gura nuke nik nongo made in den han erabilitako gasa, baina itxaron beharko, seguru asko.
Zalantzen eremuan dena Gasteizko Legebiltzarreko Bake lantaldea batzen duen Ponentzia da. Auskalokoa! Horri lantaldea esatea ere! Taldea den ikusteko dago, baina lana egingo duen are gehiago, betiko demokratak omen diren batzuek, ehunekoak honetan ere, helburuko kontakizuna izan litekeena abiapuntuko kontatua ezarri nahi dute eta! Hortaz, exigitua abiatzean bertan betez gero, ez legoke lantaldea zertan sortu. Tira, horra helduta, beste norabide batean ipini liteke taldea. Hara, plastiko beltzen inguruko Ponentzia, hipokrisiaren alardea. Imajinatzen nago batzuk arazoa bosgarren edukiontzira bideratzen...