GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Adin guztientzako eskaintza jada martxan diren Bermeoko jaietan

Pasa den ostiralean izan zuten aurtengo Andra Mari jaiek hitzaurrea, Itsasoko Egunaren ospakizunarekin, baina, ofizialki, atzo eman zitzaien hasiera kostaldeko herriko festei. Udaletik egitarauaren aniztasuna azpimarratu nahi izan dute, adin guztietako herritarrentzako ekimenak izango direla nabarmenduz. Su Ta Gar taldeak kontzertua emango du datorren ostiralean.

p022_f02.jpg

Mikel PASTOR |

Atzotik, Bermeo bederatzi egun luze iraungo dituen zurrunbilo zoroan sartuta dago. Aurtengo Andra Mari jaiak bertan dira, eta urtean zehar izandako une gorrak -zenbait eraikinen sute erraldoia kasu- ahazteko parada bikaina dute bermeotarrek.

Idurre Bideguren alkateak adierazi duenez, egoera ekonomiko «zailak» ahalegin berezia egitera derrigortu du Udala, eta, hori dela eta, jaietako aurrekontua zertxobait murriztu dute. Halere, «herriko elkarteek urtero egiten duten lanari esker, gure herriko jaiekin disfrutatu ahal izango dugu urtero bezala», nabarmendu du Bidegurenek.

Jaiek, gainera, hitzaurre ederra izan zuten pasa den ostiralean, Itsasoko Egunarekin. Nasapuntakoarekin, piraguen lasterketarekin eta jinkanarekin ederki pasatu zuten morruan bildutako gazte zein helduek.

Atzo bertan, Andra Marien lehenbiziko egunean, kanta lehiaketa, plater-tiro sariketa, sokatira edota irrintzilarien kalejira izan ziren, aipatutako aniztasunaren froga.

Omenaldia arrantzaleei

Bihar bermeotarrentzat ezinbestekoa den zita ospatuko da: Arrantzale Eguna. Herritarrak merezitako omenaldi zintzoa eskainiko diete portuan bai Bermeoko ontzigileei bai arraun elkarteari.

Hurrengo ostiralean, hilak 13, Mozorro Eguna ospatuko da, txosnek antolatuta. Merkatu txikia, txosnetako Olinpiar Jokoak, nagusientzako herri bazkaria eta Duo Xandalo bikotearen kontzertua izango dira herrian zehar. Horrez gain, batel estropada, Sollubeko zirkuituan lasterketa eta esku pilota txapelketa izango dira. Txikienentzat bits jaia ere izango da. Gauean, Sealed Room eta Su Ta Gar talde mitikoa arituko dira.

Larunbatean Sukalki Eguna ospatuko da. Jende andana hurbiltzen da inguruko herrietatik Bermeora, sekulako giroa sortuz, eta aurten ere horrela izango da beste behin ere. Giroa berotzeko, Bizkaiko Gaiteroen II. Topaketak egingo dira, eta fanfarreak ere kaleetan zehar ibiliko dira egunean zehar.

Jaiak hilak 15ean esango dio agur Bermeori, baina, aurretik, danborrada ospatuko da Aiarako Musika Bandaren eskutik, Andra Mariei amaiera bikaina emanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo