GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia

Ihesaldiak eta ihesaldiak

Etapa guztietan daude ihesaldiak, baina denak izaten dira ezberdinak. Etaparen ibilbidearen arabera, egunak gidoi bat edo beste jarraituko duela suposatzen da eta horren araberakoak izaten dira ihesaldiak ere. Etapa lauak, esprintean iristeko aukera eskaintzen dutenak, tropelak kontrolatzeko errazagoak dira eta halakoetan ihesaldia azkar antolatzen da. Etapa lehiatzeko aukerarik apenas izan ez arren, protagonista izan eta bere taldeari publizitatea eginaz telebista minutuak pilatzea izaten da helburua askotan.

Horregatik, intentzio horrekin irteten diren txirrindulariek lehen kilometroetan erasoa jo eta nahiko azkar antolatzen da taldetxoa. Ibilbidea gogorragoa denean, eta ihesaldiak helmugara iristeko aukerak dituela uste dugunean, askoz zailagoa izaten da taldetxoa antolatzea. Taldetxoren bat antolatzen baldin bada ere, beti dago bat edo beste talde horrekin ados ez dagoena eta atzetik erasoan edo tropeletik tiraka jartzen dena. Hori dela eta, makinatxo bat kilometro egiten dira abiadura handian eta etengabeko erasoan. Zaila da guztietan egotea, baina are zailagoa egokia zein izango den jakitea; beraz, behin eta berriro tropeletik saltoka aritu beharra egoten da eguneko ihesaldi horretan sartu nahi izanez gero.

Aurtengo Vuelta honetan, neure buruari jarritako helburuetako bat honelako ihesaldia harrapatzea zen. Helmugan dauden bonifikazio segundoak kontuan hartuta, ihesaldia helmugara iritsiko zen egun gutxi izango zirela banekien, baina ihesaldia horietan egon nahi nuen. Kantitatea, kalitateagatik ordezkatu nahi nuen. Ihesaldi gutxiagotan sartu baina helmugara iristeko aukerak izan zitzaketenetan egon.

Herenegun Castelldefelseko helmugara iritsi zen aurtengo Vueltako lehenengo ihesaldia, eta bertan nintzen. Behin taldetxoa antolatu genuenean, hamabost lagun inguru ginen, zer-nolako txirrindulariak sartu ziren ikusi eta Iker Camaño santurtziarrari esan nion: «Ondo zagok, sartu, sartu gaituk baina... Orain, nola egin daiteke taldetxo honetan irabazteko?». Eta berak barrezka: «Niri ez iezadak galdetu! Nahiko lan zeukat taldetxo honi eusten ere!». Ez da lan erraza honelako ihesaldi batean sartu eta errematatzea, baina behintzat hor egon nintzen eta horrekin nire lehen helburua betetzea lortu dut. Orain, hori bai, hurrengorako ikasi beharra daukat behin talde horretan egonda irabazteko pausua nola ematen den jakiteko!

Mina jasateko gaitasun harrigarria

Gai hau ukitu gabe ez nuke utzi nahi. Aurreko egunetan Ivan Velascoren balentriak kontatu genizkizuen, izterrezurreko trokanterra hautsita, bi mendate ikaragarri igotzeko gai izan baitzen. Medikuek ezin zuten sinetsi nola egin zezakeen halako balentria. Bada, herenegun arratsaldean, Simon Gerrans bera ere ospitalera bisita eginda dago. Hirugarren egunean izandako erorketa baten ondorioz aldaka inguruan minekin zebilen, baina ez zioten ezer aurkitu. Atzo, minak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, erresonantzia bat egin eta aldakan haustura txiki bat duela esan zioten. Hamar etapa pasa ditu hausturarekin! Beti esan izan da txirrindulariak beste pasta batekoak direla eta abar, baina hau gehiegizkoa ere iruditzen zait! Biei ala biei besarkada handi bana bidali eta errekuperazio on eta azkarra opa diet!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo