GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA | Euskal Kostaldeko Musikaldia

Verdi eta Wagner berrehun urte geroago

 

Maite IDIRIN

Verdi eta Wagner sortu zirela berrehun urte betetzen diren honetan, haien lanekin emanaldi ugari egin dira nonahi aurtengoan musika klasikoaren alorrean. Okasio aparta opera egile paregabe horiek ezagutzen hasteko edo areago ezagutzeko. Euskal Kostaldeko Musikaldiak zikloaren hasierako kontzertua eskaini zien ostegunean. Bordeleko Orkestra, urteroko gonbidatua, Donibane Lohizuneko eliza dotorean, eta, oraingoan, gainera, zuzendaria estreinatuz. Festa horretan partaide izan ziren Errenteriako Andra Mari Korala eta Heidi Melton sopranoa ere.

Kontzertua Verdiren operetatik hautaturiko hiru zatirekin abiatu zen. Lehenik, “La forza del destino” operaren sarrerako musika interpretatu zigun orkestrak. Hasieratik popularra zena, are popularrago bihurtu da hainbat filmetan sartua izan delako azken urteotan. Dirdiratsu, sentikor eta kontrastez beteriko interpretazioa eskaini zuten. Jarraian, opera bereko Leonoraren “Pace pace moi Dio” aria ezaguna kantatu zigun Heidi Meltonek. Soprano dramatiko indartsu gisa agertu zitzaigun, baita, aldi berean, ahots garbi eta oso espresiboaren jabe gisa ere. Ondoren, “Aida” operatik “Ritorna Vincitor” aria eskaini zigun sopranoak, berriro indarra eta dramatismoa jarriz interpretazioan. Txalo bero-beroak jaso zituen.

Jarraian, Andra Mari Koralaren txanda heldu zen, eta opera beretik “Gloria a l’Egitto” dirdiratsua interpretatu ziguten, orkestraren eta koralaren artean sinbiosi ederra lortu zutelarik. Lehen partea amaitzeko, “Un ballo in maschera” operatik “Ameliaren aria” kantatu zigun sopranoak, biolontxelo soloz lagunduta. Sentikor eta eder gertatu zen.

Bigarren partean, Wagnerren “Tannhäuser” operatik gaur egun oso ezaguna den preludioa interpretatu zigun orkestrak (filmetan eta iragarkietan anitz erabili izanak ere izan du, noski, zeresana ospe horretan). Aro erromantiko maisulana dugu, zalantzarik gabe, “Tannhäuser” opera. Jarraian, sopranoak “Elisabethen aria” kantatu zigun, oraingoan lirismoa ere menderatzen duela garbi utziz. Ondoren, Andra Mari Koraleko kideek “Gonbidatuen korala” maisuki interpretatu ziguten. Berehala, orkestrak “Tristan und Isolde” operaren preludio zoragarria eskaini zigun bakarrik. Eta, ondoren, Heidi Melton sopranoak “Isoldaren heriotza” sentikor bat kantatu zigun orkestraren laguntza landu eta espresiboarekin. Txalo ugari jaso zituen.

Bildutakoek gehiago nahi zutenez, zuzendariak partitura erakutsiz Verdirengana jo zuen “Nabuko” operatik “Va pensiero” esklaboen koroa eskainiz Andra Mari Koralaren interpretazio ezin ederrago batean. Berriro txalo ugari izan ziren, eta jendea oso kontent itzuli zen etxera.

Fitxa

Int.: Orchestre National Bordeaux Aquitaine eta Errenteriako Andra Mari Korala, Jose Manuel Tife Iparragirrek zuzenduta. Egitaraua: Giussepe Verdi eta Richard Wagner (opera zati eta aria hautatuak).

Bakarlaria: Heidi Melton, sopranoa.

Zuzendaria: Paul Daniel. Tokia eta data: Donibane Lohizuneko eliza, 2013-09-05.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo