GARA > Idatzia > Kultura

kronika | kutxa kultur festibala

Aparretan eta papar bistan, Delorean eta Crystal Fighters busti egin dira Igeldon

Denboran atzera egin eta 5.000 modernotik gora Igeldoko jolas parkean bildu ziren ostiral gauean. Kutxa Kultur festibalak gipuzkoar indie musikaren osasuna ezagutzera eman eta Delorean zein Crystal Fighters izar nagusi legez aurkeztu zituen. Azken horiek rave zoroa piztu zuten, blai-blai eginda.

p052_f01_149x129.jpg

Anartz BILBAO

Igeldoko jolas parke zaharrak erabat txunditu zituen iaz Kutxa Kultur jaialdiko estreinaldira gerturatu ziren zaleak, festibala eguraldi zoragarria lagun egin eta gero. Aurten, ordea, egun argiz behar zuen jaialdia ilun samar hasi zen, eta, hori gutxi ez eta blai-blai eginda bukatu zuten azkenerako ostiral gauean bildutakoek. Horrek baina ez zuen jaialdia galarazi, festak ez baitu etenik euria bota ahala izan arren.

Musikari dagokionez, oholtza txikia, zaldiko-maldikoaren eta autotxokeen artean dagoena, gipuzkoar musika taldeen osasuna zertan den ezagutzeko agertoki genuen bitartean, iaz bezala, antenapeko agertoki nagusiak nazioarteko taldeak jaso zituen, txandaka -eta hemen ere etxeko taldeek badute beren txokoa-.

Damien Jurado izan zen aipatutako agertokira igotzen lehena, iragarri baino ordu erdi geroago izan bazen ere. Eta ez zuen asko iraun taula gainean, bere jardun laburra jendartera jaitsi eta «Ohio» emanda bukatu baitzuen. Estatubatuarrari lekukoa hartuta Jose Gonzalezen Junip taldea izan zen hurrena, eta hauekin batera ordura arte lainotua baino ez zen zeru grisak eztanda egin zuen, soinu bandatzat «Line of fire» hautatuta.

Kosmikarreko tigreak eta loroak babestutako oholtza hirukote bikainak itxi zuen errenkadan: Belako, Delorean eta Crystal Fighters. Bizkaitarrak lehenak, Bartzelonaratutako zarauztarrak bigarrenak -Zarauzko hiru taldek jo zuen ostiralean- eta euskaldunak izan nahiko luketen britainiarrak hirugarrenak.

Belakok pozik utzi zituen bildutakoak eta ez da harritzekoa, gora eta gora daramaten martxa ikusita -iaz Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi eta BBK Liven jo zuten eta aurten EHZ festibalean zein Jazzaldian ere izan dira, besteak beste-. Jaialdiko unerik hunkigarrienetarikoa utzi zuten gainera, gazte-gaztea den laukoteak taldekide biren arreba txikia bi abesti kantatzera gonbidatu zuenean, «Euria» ezin aproposagoa bata.

Aparretan

Benetan ilun zen Igeldo Deloreanen «Seasun» entzuten hasi ginenerako, oraindik Ekhi Lopetegi ahotsa berotu gabe zela. Segidan, astelehenean -Euskal Jaiekin batera?- argitaratzekoa duten «Apar» laneko «Spirit» entzun genuen, lanaren zuzeneko aurrerapen gisa, eta bukaera aldera lan bereko «Destitute time», ahotsetan neska bat laguntzaile dutela -eta tarteka sirena ulergaitz bat joz-. Euria barra-barra eta ausart batzuk oraindik ere mendi suitzarrean oihuka zirela, hotz samar hasi zen ileak moztuta eta bizarrak eginda agertu zen laukotea, eta «Stay Close» ederra itzali samar aditu genuen, esaterako. Ordubete eskaseko zuzenekoak erdialdean izan zuen une gozoena, hitzordu berezia zela-eta Lopetegik Javi P3z kantatzera deitu zuenean, Donostiari egindako omenaldi gisa. «Nork nahi du dantzan egin?» galdetu eta donostiarrak «yo quiero ir a bailar, hasta que no pueda más» dioen «Fiebre del sábado noche» kantatu zuen, Parafünk taldearen lehen lanean gordetzen den kantua, argitaratu zeneko hogeigarren urtemuga den honetan.

AEBetan oso estimatuak diren Delorean etxean entzuteaz pozik zen zalegoa, eta irrikatan Crystal Fighters taldearen txanda noiz helduko, erakutsi duten Euskal Herriarenganako jakin-minak grina piztuta. Gure kulturari egindako keinuak gorabehera, ez da erraz irenstekoa Londresekoek proposatzen duten «soinu orea». Baina gauzak zer diren, irabazi eta ezin hobeto funtzionatzen du zuzenean, are entzuleria goitik behera (eta kanpotik zein barrutik) blai eginda bada.

Bi neska kantari eta lau gizonezko musikari, seikotean agertu zen Crystal Fighters, eta Zugarramurdin première-a izan zuen «Cave Rave» aurkeztu, soinu on eta fisikoarekin. «Solar system» eta «Follow» kantuekin abiadura hartu eta nekaezin, bukaera arte esprintean joan zitzaigun emanaldia. Jada ateri zen -bular bistan zen gitarra jotzaileetako bat-, baina lehen ilaretan berdin busti zen jendea, garagardoa eta kalimotxo katxiak airera botata. Nekatzen hasiak ginenerako «Plage» eta «I love London» jo zituen Sebastian Pringle dirdiratsua gidari duen taldeak, zaleak, gazteak eta ederrak -ohi baino neska gehiago tartean-, kantari zirela! «Osasuna eta askatasuna» ozen batez agurtu gintuen kantariak, eta gezurra esanez -gero Gasteszenako festan parte hartzekoak baitziren, disko jartzaile lanetan-, «At Home» kantarekin itxi zuten gaua, bis bakarra egin baino lehen, «Xtatic Truth», oholtza albotik so zituzten Belakoko lagunekin batera.

Ingeles hauek ez dute txalaparta jotzeko oso modu ortodoxoa, baina, zer demonio, dantzan jarri zuten behintzat Igeldoko tontorra. «Euripeko kontzertuek xarma berezia dute», esan zuen bateren batek. Hori izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo