Ekaitz MAIZ | eskalatzailea
Ekaitz Maiz, Marbore dorrearen protagonista garaikidea
Etxauriarra erabat harrituta geratu zen Marbore dorrearen ipar aurpegia lehen aldiz ikusi zuenean: «Horrelako hormatzar ikusgarria eta apenas du biderik». Duela pare bat urte, Maiz pareta horretan sormena lantzen jarri zen. Emaitza ikusgarria da: hainbat kiderekin batera lau bide zabaldu ditu. Azkena: «Nafarroa bizirik» (8a+/b, 250 M), Asier Lukerekin. Gainera, guztiak ala guztiak kateatu ditu.
Andoni ARABAOLAZA
Lau bidek, lau, osatzen dute Ekaitz Maiz etxauriarraren uzta Marbore dorrean. Lau bide berri, eta puntu gorri bana. Lau proposamen ukitu bereziarekin. Lau sormen-lan oso exijenteak. Azkena, Asier Luke Zopo kidearekin zabaldu, eta, jakina, kateatu duen, “Nafarroa bizirik”.Aurreko hiru proposamenek zeresana eman bazuten, ziur gaude azken marrak oihartzun handiagoa izango duela. Horrela bada, lasai asko baiezta dezakegu Pirinioetako ipar pareta enblematiko horrek jaso duela dagoeneko bere baitan alkimista bat; hots, historia idazten ari den sortzaile aurreratu bat. Eta ohi den bezala, estilo eta filosofia zehatz bati tira eginez. Hori da bederen GARAri eskainitako elkarrizketan ondoriozta daitekeena.
Dagoeneko, zure laugarren sormen-lana sinatu duzu Marbore dorreko ipar paretan. «Nafarroa bizirik» iazko irailean sortu zenuen Asier Lukerekin batera. Baten batek esango du hormatzar horrekin obsesioa duzula.
Oso gustuko dudan pareta da, toki zoragarri batean dago eta lau bide zabaltzeko aukera izan dut… zorioneko pertsona naizela uste dut. Marbore dorrean eskalatu nuen lehen aldian erabat harrituta geratu nintzen. «Nola da posible horrelako pareta batean hain bide gutxi egotea?», pentsatu nuen. Egoera horrek, pixkaka-pixkaka, erronka berriei ekiteko gogoa piztu zidan.
Nola sortu zen «Nafarroa bizirik» bidea sortzeko asmoa?
Marbore dorrearen eskuin aldean, erdi eta goialdean, kalitate oneko plaka eta desplomeak ikusten ziren. Baina behe aldean dagoen sabai batek hortik bideren bat zabaltzearen ideia uxatzen zuen. Nik behin eta berriz begiratzen nion sabai horri, eta, Manu Cordovarekin “Hiperamort” zabaldu nuenean, sabaia hiru zatitan banatzen zuen tarte bat ikusi nuen. Handik gutxira, Asier eta biok sabai artean bila eta bila geunden jada. Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena zenez, “Nafarroa bizirik” sortu zen.
Krokisean ikusten denez, nahiz eta sabai eta plaka gogorrak eduki, «Agur eta ohore» bidearekin alderatuta, kutsu alpinoagoa du. Zein da da «Nafarroa bizirik» marraren benetako izaera?
Erronka honakoa zen: ahalik eta txapa gutxien jarri eta friend zein fisurero ahalik eta gehien erabili. Eta buruak uzten bazuen, mugimendu derrigortuak ezarri. “Agur eta ohore” bidean friendak zein fisureroak ez dira derrigorrezkoak. “Nafarroa bizirik” bidean, ordea, horiek gabe igotzea ezinezkoa da. Tarte derrigortu luzeak ditu eta “katxarreatzeko” gaitasuna erakutsi behar da.
Bideak zabaltzeko daukazun estiloa indarrean jarri duzu berriz ere; hots, behetik eta artifiziala erabili gabe. Hala ere, oraingo honetan gehiago estutu duzu estilo hori eta parabolt gutxi jarri dituzu. Horrela suertatu da? Edo horren bila joan zara?
Bideak estilo horretan zabaltzea oso gustuko dut, eta, gainera, Marbore dorreak haitz bikaina duenez, horretarako aukera asko ematen du. Nik ez dut uste bidea edozein preziotan zabaldu behar denik. Horren bila joan naizen? Jakina! Sabai gainean jarri nuen azken paraboltetik hurrengora 10 metro baino gehiago daude, nahiko sekzio zaila da eta derrigortua atera zen. Baina erorketa garbia egonda… nerbioekin jolasean ibili nintzen (kar, kar). Hori bai, horrela “jolastu” badut haitzaren kalitate onari esker dela azpimarratu nahi dut. Kalitate txarreko haitzean askoz “kontserbadoreagoa” naiz, buruak ez baitit hainbesteko askatasunik ematen.
Zailtasunean ere, batez ere lehen luzea (8a+/b), gogorra atera da. Horri arriskua gehitzen badiogu, ez al duzu uste pareta horretan beste urrats bat egin duzula?
Bai. Marbore dorrean zabaldu ditudan bideetan arriskua gero eta nabariagoa da. Aurrena, “Agur eta ohore”, txapa gutxi izan arren, beste materialik gabe egin daiteke eta zailtasun handikoa da. Ondoren, “Izarren hautsa”, aurrekoa baina errazagoa da zailtasunean eta sekzio zailenetan parabolten bat du, baina fisurero eta friendak ezinbestekoak dira. Hau neguan zabaldu genuen. Hirugarrena, “Hiperamort” da. Psikologikoki zailena dela esango nuke, izan ere, bileretan txapa bana besterik ez genuen jarri, eta, hala, babesteko ez du aukera gehiegi ematen. Hori bai, zailtasunean erraza da. Eta oraingoz, azkena, “Nafarroa bizirik”: aurrekoen zailtasuna eta psikologia lotu ditut. Bide hauetan, nolabait, nire bilakaera alpinoa islatzen da.
Bidea iaz zabaldu zenuen, baina, eguraldia eta paretaren baldintzak tarteko, pasa den abuztuan joan eta zure lehen bisitan kateatu zenuen. Nolakoa izan zen «erasoa»?
Kateatzeko konfiantza dezente nuen, izan ere, zabaltzerakoan igarotako tarterik zailenekin ondo gogoratzen nintzen. Lehen luzeak buruhauste bat baino gehiago eman zizkidan, batez ere bigarren sabaia gainditzeko dagoen blokeko tarte batek. Ondoren datozen tarte fin zein psikologikoek, berriz, ez dizute atseden ematen. Lauzpabost saio egin ondoren lurrera jaitsi nintzen. Atseden on bat hartu, eta, konfiantza osoz eta amorrazioz, tartez tarte luzea gainditzea lortu nuen. Bilerara hustuta eta ahoa lehor-lehor eginda nuela iritsi nintzen. Baina bidea ez zegoen bukatuta! Oraindik ia 200 metro geratzen ziren! Berriro atseden hartu, eta zailtasunez errazagoak baina erabat psikologikoak diren luzeak urratsez urrats, akatsik gabe eta erabat kontzentratuta, kateatzea lortu nuen. Ia hamar ordu eman genituen 250 metro egiteko; beraz, atera kontuak!
Ravier eta Dufourmetellek lehen bidea zabaldu zutenean, historikotzat hartu zen. Pareta horrek dagoeneko hamabi bide ditu eta zuk lau zabaldu dituzu. Ez al duzu uste zu zeu ere historia egiten ari zarela hormatzar horretan? Izan ere, badirudi hainbat urte pasa behar direla egindako ekarpenari benetako garrantzia emateko. Zein da zure irakurketa?
Historia hiltzaileek idatzi dutela entzun dut behin baino gehiagotan, eta, alpinismoaren kasuan, kazetariek esaten dute zeinek egiten duen historia eta zeinek ez. Denborak eta kazetariek esango duzue historia egin dudan ala ez, baina nik uste dut, Etxaurin zabaldu ditudan bide asko bezala, Marbore dorrekoak nire bilakaeraren barne daudela. Jakina, nire gogo eta indar guztiak jarri ditut bideok zabaltzen. Nik horrekin aski dut; ondoren datozenak, gauza onak zein txarrak, etor daitezela. Bideen errepikapenei dagokionez, ziur naiz iritsi iritsiko direla. Gaur egun gero eta jende gehiagok eskalatzen du, eta masifikazio hori Pirinioetara ere iritsi da. Zorionez, Marbore dorrera oraingoz behintzat ez.
Eta hori guztia diot, zabaldu dituzun lau bideek badutelako oro har kutsu berezia: «Agur eta Ohore» saritua izan da, «Izarren hautsa» pareta horretan neguan zabaldutako lehen bidea da, «Hiperamort» lasaiagoa da eta «Nafarroa bizirik»-ek zeresana emango du. Ez al duzu uste goi mailako pirineismoan zure lekutxoa egin duzula?
Nik ez nuke “Hiperamort” lasaiagoa denik esango. Nik dakidala oraindik ez du errepikapenik, eta bai Manuk eta bai nik izerdi hotz bat baino gehiago bota genituen; psikologikoki oso exijentea da. “Nafarroa bizirik”-ek zailtasunagatik zeresana emango du. Pirinio mailan ez gara hainbeste gaur egun bideak zabaltzen ditugunak, are gutxiago horrelako mailako bideak. “Nafarroa bizirik”-ekin pirineismoari zerbait “berria” eskaini diodala uste dut.
«Agur eta ohore» bidean, adibidez, hainbat eskalatzaile indartsuk egin dituzte saiakerak, tartean eskalatzaile mediatikoak ere. Aldiz, ezin izan dute kateatu. Zure ustez, zer gertatzen ari da bide horrek hainbeste buruhauste emateko? Zuk proposatutako zailtasuna baino gehiago al du?
Proposamenak hori dira: proposamen. Nire proposamena zintzoa dela uste dut; luzeak banaka eta baldintza onenetan egon behar direla pentsatu behar da. Baina soberan dakigu beti ez dela horrela, eta horri alde psikologikoa gehitu behar zaio. Proposatutako zailtasunean beti egon daitezke interpretazioak, baina hori onesteko errepikapenak egon behar dira. Eta oraingoz, nik dakidala, ez dira egon.
«Izarren hautsa» bidearekin ere antzeko egoera eman da. Nahiz eta graduan errazagoa izan, hortik pasa direnak izerdi franko bota dute, ezta?
Badakit behin baino gehiagotan errepikatu dela, baina ez dut “baldintza onetan” errepikatu duen inorekin hitz egin. Bidea zabaldu eta astebetera, Alberto, Mikeltxo eta Tato berak neguan errepikatu zuten; goizeko ordu bietan aterata eta aurretik lehen bi murruak izotzean eskalatu ondoren. Bertara iristeko izan zuten “jipoiarekin”, normala da izerdi franko botatzea (kar, kar).
Arestian aipatu dudan bezala, goi mailako pirineista bihurtu zara jada, eta ez bakarrik aztertzen ari garen paretan egindako ekarpenagatik. Zer norabide hartu behar du zure bideak etorkizunean? Eta zer norabide izan behar luke pirineismoak berak zure ustez?
Orain arteko bidean jarraituko dut. Bide gehiago errepikatu eta zabaltzen jarraitzea gustatuko litzaidake, bai haitzean bai izotzean ere. Pirineismoari dagokionez, etorkizuna ez dut oso argi; gero eta gehiago gara eta bakoitzak jarduteko era zehatza du. Orain arte ez da aparteko arazorik egon, baina zaila ikusten dut guztion artean elkar ulertze ona eta errespetua mantentzea. Duela bi urte, adibidez, Marbore dorrean “Sida vertical” bidea berrekipatu eta zeuden baina askoz parabolt gehiago jarri zituzten. Hor dira ere Pikazok Anson zabaldutako bideak edo Montrebein Chris Sharmak “zabaldutakoa”. Ziur aipatu ditudan kasu hauek eta antzeko beste asko ez direla inor izorratzeko egin, baina elkarren artean ongi ez ulertzearen adibide garbia direla uste dut. Haatik, horrelako gai puntualez gain, uste dut orokorrean marra interesgarriak zabaltzen ari direla eta etorkizunean ere Zabalza, Andola, Mendia eta antzeko pirineistek jarduera interesgarri bat baino gehiago egingo dituztela.