Dispertsioaren kontrako «olatu» erraldoia sortu du Herrirak Donostian
Ehunka lagunek euskal preso politikoei aplikatzen zaien dispertsio politikaren aurrean «olatua» sortu zuten atzo Donostiako Bulebarrean. Herriraren ustez, espetxe politika ez dago bakarrik instituzioen esku, «gizarteak sekulako bultzada eragin dezakeelako».
GARA |
Donostiako Bulebarra leporaino bete zen atzo, Herrira mugimenduak deituta, espainiar eta frantses estatuek Euskal Preso Politikoen Kolektiboari aplikatzen dioten dispertsio politikaren aurrean «olatu» erraldoia sortarazteko, eta, bide batez, arlo honetan bi estatuek mantentzen duten «jarrera itxia» salatzeko.
Elkarretaratzea 13.30ean zegoen deituta, eta zenbait minutu lehenago inguruak irudi bikaina ematen zuen jada. Zalantzarik gabe, Donostiako Kontxako badian goizean zehar jokatutako estropadekin bat egiteak onura egin zion Herrirak antolatutako ekimen solidario eta berritzaile honi.
Ekitaldirako, bildutakoak errepidean eseri ziren, lau lerro eginez, eta, zapi urdinak zerura altxatuz, elkartasun «olatu» erraldoia irudikatu zuten Donostiaren bihotzean bertan. Tarteka, zenbait oihu ere entzun ziren, hala nola, «Euskal presoak, etxera!» edota «Presoak, kalera, amnistia osoa!».
Bestalde, kontzentrazioa burutu zen atzo Soraluzen, Asier Heriz eta Iñaki Saezen omenez. Bi gazteok auto istripu batean galdu zuten bizitza orain dela hamabi urte, dispertsatuta zegoen lagun bati bisita egitera espetxera zihoazela.