analisia | Italiako Sari Nagusia
Aparteko nagusitasuna
Red Bull ez da inoiz puntako abiaduran azkarrena izan, baina 2011n Monzan garaipena lortu zuen, txikaneen irteeran denbora irabazteko bereziki aukeratutako transmisio erlazioen laguntzaz. Aurtengo emaitzak ikusita, nahiko garbi zegoen Red Bull Monzan lehiakorra izango zela.
Xabier ALZELAI | Probetako ingeniaria
Vettel eta Red Bull azken hiru urteotan erakusten ari diren nagusitasuna itzela da, kirol honen historiako aipagarrienetakoa. Alemaniarrak lasterketa asteburu osoan zehar kontrolpean eraman du, indarrak dosifikatuz eta autoaren fidagarritasuna konprometitu gabe. Horixe da hain zuzen Vettelek aurtengo lasterketa askotan erakutsi duen gaitasun berrietako bat: heldutasunean pauso garrantzitsua eman du aurten aurrera. Aurten pasa den urtean baino gidari hobea da, eta datorren urtean beste pauso bat emango du.
Horixe da seguru asko Vettelen arrakastaren arrazoi nagusienetako bat: inoiz ez da nekatuko hobetzeaz eta bere buruari akatsak bilatzeaz. Berezitasun pertsonal hori ez dugu pilotu guztiengan aurkituko. Vettelek duela hamar urte zen pertsona bera izaten jarraitzen du, irabazteko gosea mantentzen du eta helburu horretan kontzentratuta aurkezten da zirkuitu guztietan.
Taldeak oparitutako aukera errepikaezinaren balioa baloratzen jakin du une oro eta egunero. Inoiz ez du hobekuntzatako bidea bistatik galdu. 15-16 urteko pilotuekin hitz egiten baduzu, guztiekin diote beraien helburua 1 Formulara iristea eta munduko txapelketa irabaztea dela. Oso gutxi iristen dira helmugara. Vettelek Monzan pausu oso garrantzitsua eman du bere laugarren munduko txapelketara bidean.
Vettel pertsona arrunta da zirkuituetan. Dagoeneko legenda izateko meritu guztiak ditu eta gaur egungo pilotuen arteko erregea da teorian. Baina dena delako arrazoiagatik, ez du mito baten itzala sortzen. Nire ustetan ez dauka beharrik. Niki Laudak duela egun batzuk kritikatzen zuenez, gaur egungo 1 Formulan «Vettel gehiegi» daude. Egia da James Hunt, Graham Hill, Peterson, Scheckter, Fittipaldi, Gilles Villeneuve, Stewart, Clark, Senna edo Lauda bera bezalako pilotuek karisma berezi bat zutela eta izaten jarraitzen dutela.
Horietako bat baino gehiagoren inguruko mitoa, hori bai, istripuz zirkuitu batean hil ondoren handiagotu da. Beste garai batzuk ziren, 1 Formularen aro erromantikoa, non pilotuek Hollywoodeko izarrekin konparagarria zen bizitza eramatea guztiz normala zen. Gaur egun Hunt batek ez luke inoiz munduko txapelketa irabaziko; beharbada ez litzateke inoiz 1 Formulara iritsi ere egingo. Adibide bezala, normalean ez duzue Vettelen neskalaguna Red Bull taldearen boxean aurkituko, ezta bere familiako kide bat edota pilotuaren txakurra bera ere. Zertarako? Lasterketa asteburu batean denbora oso mugatua da eta energia guztia autoa eta norbera hobetzen zentratzea funtsezkoa da. Bestelako distrakzioek ez digute normalean azkarrago egingo, kasurik okerrenean helburuetatik aldenduko gaituzte. Profesional bezala jokatzen duten pilotuek badakite zein den euren betebeharra lasterketa batean, eta horretarako ez dute beraien senitartekoen laguntzarik behar.
Puntako kirolariak izateaz gain, alderdi teknologikoa ulertzeko aparteko gaitasun bat izatea beharrezkoa da. Izan ere, autoetan daramatzaten sentsoreen seinaleak analizatuz berehala identifika daiteke autoak zer egiten duen. Datuek autoak zer egiten duen erakusten dute, baina ez jokabide horren arrazoiak. Arrazoi horiek modu zuzen eta gardenean komunikatzen dituen pilotu batek aukera gehiago ditu aurrera egiteko. Vettel eta Red Bullen nagusitasuna frustrazioa eragiten hasi da gainontzeko talde eta gidariengan. Ferrarin tentsioa areagotu da orain aste batzuk Alonsok egindako adierazpenen ondoren; «Red Bullena bezalako auto bat» eskatu zion bere taldeari. Monzako Q3-ko une batean Alonsok ez zuen erreparorik izan bere ingeniariei jenio batzuk zirela irratiz esateko, tonu sarkastikoan, taldearen akats baten ondorioz.
Ferrarik Kimirengan erakutsi duen interesak ez du egoera lasaitzen lagunduko. Alonsok behin baino gehiagotan adierazi du Massak jarraitzea gustatuko litzaiokeela. Izan ere, taldekide bezala oso erosoa suertatu zaio azken urteotan. Dena den, Maranellon askoz gehiago espero zuten Massarengandik, eta badirudi aldaketa baten bila ari direla Alonsoren taldekide izateko.
Badirudi Kimi ta Hulkenbergek aukera handiak dituztela datorren urtean Alonsoren taldekide izateko. Aipatu beharra dago Alonso eta Ferrari guztia ematen ari direla, baita Mercedes ere Hamilton eta Rosbergekin. Dena den, ez da nahikoa 2013 honetako egoerari buelta emateko. 53 puntuko abantailarekin eta zazpi lasterketaren faltan, ezbehar asko suertatu behar zaizkio Vetteli txapelketa ez irabazteko. Ez dut oso ozen esango, baina, gauzek horrela jarraitzen badute, esango nuke Vettel Abu Dhabi bertan txapeldun bihurtuko dela. Nork esango luke denboraldi hasieran? Ferrarik une honetan har dezakeen erabaki zentzudunena esfortzu guztiak lehen baino lehen datorren urteko autoaren garapenera bideratzea da, txapelketa matematikoki erabaki dadin itxaron gabe. Datorren urterako abantaila lortzeko aukera ona da. Izan ere, 2014rako aldaketa teknikoek sorpresa bat baino gehiago eragingo dituzte emaitzetan.
Amaitzeko, Red Bullek Webber ordezkatzeko egindako aukera aipatu nahiko nuke. Zer ariko da pasatzen uneotan Alguersuariren burutik? Kataluniarrak Ingalaterrako F3 txapelketa irabazi zuen, Sergio Perezen gainetik pasata (egun McLarenen), eta Red Bullen babesarekin Toro Rosson sartzeko aukera izan zuen 19 urterekin. Une hartan Red Bullek Bourdais kalera bidaltzea erabaki zuen, esperientzia gabeko talentu bati aukera emateko. Une hartan Alguersuarik berak onartu zuen ez zegoela 1 Formularako gertu. Baina, horrelako aukera bat azaltzen denean, ezin diozu uko egin, ez baitakizu inoiz itzuliko den. Bere lehen denboraldi erdian asko borrokatu behar izan zuen. Baina bere bigarren urtean (2011) emaitza aipagarri batzuk lortu zituen eta itzelezko garapena erakutsi zuen: 26 puntu lortu zituen, noizbehinka Q3-an sartzea lortzen zuen auto batekin (aurtengoaren antzera). Sarritan sartu zen Q3-an, Ricciardok egin duen bezala. Kanadatik aurrera hamahiru sari nagusitik zazpitan puntutan sartzea lortu zuen, lasterketa bereziki aipagarriekin Italian eta Korean, eta abiadura nabarmena erakutsiz Kanadan, Valentzian eta Indian. Toro Rossoren puntuen %63 lortu zituen Buemi taldekide gisa izanda. Estrategiarekin jokatzen zekiela erakutsi zuen, eta Pirelli gurpilak ulertzen zituela. Erabilitako gurpil bigunekin aparteko erritmoa mantentzen zuen Alguersuarik eta posizioak irabazteko aprobetxatu.
Zergatik ez zion Red Bullek talde handira salto egiteko aukera eman? Argi eta garbi, ez zen une egokiena. 2012rako ez zegoen postu librerik taldean. 2011 amaieran Lotusen eskaintza izan zuen Alguersuarik baina uko egitea erabaki zuen, 2012rako postua ziurtatuta zuela komunikatu baitzion Toro Rossok. Bere plana beste urte bat Toro Rosson egitea zen, Webber 2012 amaieran erretiratuko zelakoan. Urte amaieran Red Bullen deia jaso zuen, bere zerbitzuengatik eskerrak eman eta kontratua bertan behera uzteko. Ordutik ez da 1 Formulara itzuli. Hemezortzi hilabete geroago, Webberrek bere ibilbidea amaitzea erabaki du Porscherekin Le Mansen aritzeko. Ondorioz, Ricciardo izan da ordezkapenerako aukeratua. Une egokian toki egokian izatearen abantaila baliatu du. Izan ere, bere zenbakiak ez dira Alguersuarirenak bezain aipagarriak. Aurten hamabi puntu daramatza, bere taldekideak baino bat gutxiago. Baina badirudi Red Bullen abiadura nahikoa ikusi diotela testetan eta simulagailuan. 2011ko Alguersuarirekin alderaketa eginda, nik oraindik ez dut Ricciardorengatik aurtengoan horrenbesteko mailarik ikusi. Webberrek 2011n erretiratzea erabaki izan balu, Alguersuari bere postuan izango litzateke egun seguru asko. Horrekin ez dut esan nahi Ricciardok bere aukera irabazi ez duenik. Baina Alguersuarik ez zuen mota hartako amaiera merezi. Halabeharrak dituen gauzak dira.