GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

josebe egia

Ministro baten gurutzada

Alberto Ruiz-Gallardonekin hitz egin beharko litzateke amatasunak dakartzan kontuez. Emakumeen lan-merkatuaz, soldata txikiez, legezko baimenak hartzeko oztopoez, isilpeko mehatxuez, lanpostua galtzeko beldurraz. Baita bakardadeaz eta laguntza ezaz ere, bakardade pertsonalaz eta, azpimarraturik, instituzionalaz; gizarte-eskubideen gaineko murrizketez, krisiak ekarritako guztia, bereziki emakumeoi, gogorarazi beharko litzaioke. Eta, batik bat, askatasun pertsonalaren inguruko azalpen txiki bat eman beharko litzaioke Gallardoni, bistan dagoenez ez baitu barneratzen emakumeok ez dugula zertan inoren baimena jaso, ez bikotekidearena, ez sendagilearena, are gutxiago tokatzen den gobernuarena, gure gorputzarekin geuk hautaturikoa egiteko.

Ondorioz, tematuta segitzen du abortuaren bere erreformarekin. Diotenez, beste inorena baino bere-berea baita behin eta berriz atzeratzen ari diren ditxosozko lege aldaketa. Hain da muturrekoa eta ankerra zenbait gauzatan, atzerakoia, 30 urteko atzerako jauzian egungo jendarteari muzin egin nahi diona, non ministroaren alderdikideek eurek ere ez dakiten nola hitz egin publikoki gaiaz (batzuek, jakina, beste batzuk pozarren baitaude emakumeoi begirako azken urteotako lorpen handienetariko bat di-da batean ezabatzearekin). Justizia ministroak dio bere legea 1985ekoa bezalakoa izango dela funtsean, hau da, zigorrik gabeko suposizioak jasoko dituela, baina mekanismo berriekin -garaioi egokitzeko edo-. Ministroak dio «bestela litzatekeela esatea bezala hainbat delitu ekidinezinak direnez, hobe dugula erabat despenalizatzea, eta ez da hori egin behar duguna, baizik eta mekanismoak ezarri legegileak dioena bete dadin». Legegileak, ordea, jendartearen ustearen arabera egin beharko lituzke legeak, eta ez unean uneko ministroaren apeta betetzeko. Kasu honetan bezala.

Beraz, Gallardoni ulertarazi beharko litzaioke, hasteko, 2013. urtean gaudela, gauzak asko aldatu direla laurogeiko hamarkadatik, jendarteak onartuta duela haurdunaldia eteten duen emakumeak badituela bere arrazoiak, abortatzera joatea ez dela eguna igarotzeko plan polita eta inork ez duela halako erabakia oztopatzeko eskubiderik; ondoren, jendarte osoak, eta bereziki haren ordezkari politikoek, argi utzi beharko liokete berau osatzen dugun pertsonak ez garela ergelak, eta ez dugula onartuko emakumeok eta geure eskubideak botoak irabazteko erabil gaitzaten, ezta ere hainbeste sentsibilitate ukitzen dituen gai hau behin eta berriz plazaratu eta kolokan jartzea beste zikinkeria batzuk alfonbrapean gera daitezen, alegia, despistatzeko.

Gallardonek, aurpegian lotsa izpirik gabe, bere alderdiak berdintasunaren alde egiten duela dio, baina bizitzeko eskubidearekin oreka bilatuta. Gallardoni azaldu beharko litzaioke, agian lehenik eta behin, bizitzeko eskubideak ez duela esan nahi edozein baldintzatan bizitzea. Izango ote da bere alderdian behingoz parean jarri eta ministroa errealitatera itzularazteko adorea izango duenik? Edo etengabe segitu beharko dugu egunkariak kontu honekin betetzen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo