cfa 2
Hirugarrengoan hasi da Aviron puntuak pilatzen
CAP FERRET 1
AVIRON 1
Jon LEUNDA
Lehen bi porroten ostean, berdinketa eskuratu zuen Avironek, eta meritu handikoa gainera, bigarren zati ia osoa bat gutxiagoarekin jokatu baitzuen, Claveriek txartel gorria ikusi eta gero.
Aldaketa asko hamaikakoan, eta itxura dezentez hobea, horiek dira azkeneko jardunaldiko ondorioak. Hala ere, talde zuri-urdinak sailkapeneko azkeneko postuetan jarraitzen du, eta hortik irteteko garaipenak pilatzen hasi beharra dauka, are gehiago helburua iaz galdutako maila berreskuratzea baldin bada.
Lehen zatian zuri-urdinak nagusi izan ziren, eta hasieratik gainera. Horri esker, seigarren minutuan Khanguik egin zuen euskaldunen gola. Hortik aurrera bigarrena egiteko ere aukera gehiago izan zituzten, baina ez zuten asmatu, eta 0-1ekoarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian etxekoak erasora atera ziren, eta gauzak zail jartzen hasi ziren. Berehala, gainera, berdinketa etorri zen. Horri aurre egiten hasi zirenean, Claverieren txartel gorria iritsi zen, eta hortik eta amaierara bitarte Avironi sufritzea egokitu zitzaion. Aldiz, lana ongi egin zuen, eta, hala, amaieran berdinketa garrantzitsu eta itxaropentsua lortu zuen.
Genetsek, galdu
Genetsek, bere aldetik, galdu egin zuen Chaurayren zelaian, 2 eta 1. Horrekin bigarren porrota jaso zuen, eta denboraldia okertzen hasi zaio. Lehen partida irabazi ostean, gauzak ongi hasi ziren, baina orain alderantzizko egoeran dira. Angeluarrek ez zuten atzo partida ona egin, eta amaieran esku hutsik itzuli behar izan zuten. Sauvestrek egin zuen lapurtarren gola.
Ipar Euskal Herriko bi talderik onenek, hemendik aurrera Baionako Croises ere kontuan hartzen hasi beharko dute. Maila bakar bat dute atzetik, eta sailkapeneko lehen postuan jarri da. 2-0 irabazi zion Saint Emilioni, Dos Santosek lortu zituelarik norgehiagokako bi golak.