GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Sufrimendua

 

Ikaragarri gogorrak ziren Pirinioetako etapek euria eta hotza izan dituzte gonbidatu, eta dezente sufritu dugula onartu beharra daukat. Nire ustez, beste kirolak ongi ezagutzen ez ditudan arren, eta kirol guztiak errespetatuz, esan nezake, alpinismoarekin batera, txirrindularitza kirol gogorrena dela.

Maiatzean Kaliforniako itzulian 50 gradu izan genituen, eta hiru txirrindulari intsolazioak jota eraman behar izan zituzten anbulantzian. Eta egunotan, 4 gradu eta euria izan ditugunez, maldan beheran egindako kilometroek hipotermia kasu piloa utzi dizkigute. Hala ere, hotzak akabatzen egon arren, Haimarren kasuan bezala adibidez, bizikletan segi eta segi egin ohi dugu. Baina une bat iristen da non horrenbesteko dardara duzun gorputzean bizikleta gidatzeko gai ere ez zaren.

Oraindik ezin dut ulertu nola nire lagun Iban Velasco, eroriko bat izan eta zerbikaletan lesioa izanda ere, nola demontre izan zen gai hiruzpalau etapa egiteko lasterketan soilik kentzen zuen lepokoa eraman beharrean zela. Hotelean lepokoa jarrita ikusten genuen eta lasterketarako kentzen zuen soilik. Hori gutxi ez eta trokanterra apurtu eta ikaragarri gogorra zen etapa bukatzeko gai izan zen. Orain ebakuntza egin eta sei astez hanka lurrean ez jartzeko agindu diote, baina jada arrabola egiten noiz hasiko den pentsatzen ari da. Argi dago, beraz, horrenbeste sufritzen den kirol bat egiteko, ganbaratik pixka bat jota egon behar dela. Baina, beroarekin, hotzarekin, erorketekin ala familiaren urruntasunagatik asko sufritu arren, txirrindularitzak badu engantxatzen duen zerbait. Sarri esan ohi diot Alaitz nire emazteari txirrindularitza uztean oso gaizki pasako dudala. Gogotik sufritzea tokatzen zaidan kirol bat egiten dut, baina nire afizioa ofizio bihurtzea lortu dut, eta oso zorteduntzat dut nire burua.

Afal orduko batailatxoak, bizikleta eta arropa berria estreinatzeko ilusioa, grupetta-ko lagunekin egiten ditugun entrenamenduetako txantxak... nahikoa arrazoi badira kirol honek engantxatuta naukala esateko. Beti esan ohi dut, gure semeetariko batek txirrindulari izatea nahi badu, %100ean babestuko dudala. Izan ere, sufrimenduak sufrimendu, Xabatek, Aimarrek ala Unaiek aitak bizikletan gozatu duenaren erdia gozatuko balute, mutiko zortedunak direla esango nuke!

Gauza onez gozatu ahal izateko, txarretik pixka bat ere probatu behar dela uste dut. Bero izan dugun egunetan beste ez dira inoiz estimatzen ur fresko apur bat ala freskagarri bat. Egunotako hotz eta euriaren ondoren, berriz, Baqueirako hoteleko berotasuna eta lasaitasuna askoz gehiago estimatzen dira. Ba horrela, sufritu arren, engantxatu egiten duen kirol hau babestu eta jarraitzeagatik eskerrak emanez, amaiera emango diot neure zutabetxoari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo