itsasoa
Munduko bodyboard itzulia: Brasildarrak nagusi GQS zirkuituko azken bi txapelketetan
Aste bakar batean GQS mailako bi bodyboard txapelketa izan dira, bata Portugaleko ur hotzetan eta bestea Brasilgo ur epeletan. Bai nesken kasuan bai mutilenean, txapela eskuratu duten lehiakide guztiak brasildarrak izan dira. Beraz, indarrean dira Brasilgo lehiakideak.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Pasa den astean bi txapelketa garrantzitsu izan ziren bodyboard munduan, biak GQS mailakoak, eta bietan brasildarrak izan ziren nagusi lehen postuetan. Lehena Portugalen izan zen eta bigarrena atzo arratsaldean bertan amaitu zen Brasilen.
GQS itzulia
Lehen mailako bost txapelketek eta puntako 24 lehiakideek osatzen dute Grand Slam Seriez itzulia, baina goi mailan egoteko puntuak bildu behar dira mundu mailako txapelketetan, eta horretarako GQS zirkuitua dago.
Aurtengoan, guztira GQS mailako lau txapelketa antolatu dira. Lehena maiatzeko azken astean jokatu zen Txilen, eta Pierre-Louis Costes frantsesak irabazi zuen. Bigarrena, pasa den astean izan zen Portugalen (Sintra Portugal Pro), eta irabazlea Lucas Nogueira brasildarra izan zen. Jarraian, asteburu honetan bertan egin dute itzuliko azken aurreko txapelketa Rio de Janeiron, eta atzo bertan amaitu zen, irabazlea Helliton Loureiro bertako lehiakidea izan zelarik mutilen kategorian. Nesken kasuan, berriz, ez dago bereizketarik lehen eta bigarren mailako txapelketen artean, horrenbestez, zirkuitu bakarra dago, alegia, nesken mundu mailako itzulia.
Guztira sei txapelketek osatzen dute aurtengo zirkuitua eta neskek egin dituzten azken bi lehiaketak, mutilen GQS itzulian bezala, Portugalgoa eta Brasilgoa izan dira. Portugalen Isabella Soussak irabazi zuen eta Brasilgoa Jessica Becker gazteak. Bi lehiakide horiek ere brasildarrak dira, eta, beraz, azken bi txapelketetan brasildarrak nagusitu direla esan daiteke.
Sintra Pro
Lehiatua izan zen oso Portugalen egin zuten azken bodyboard txapelketa, izan ere, 0,1 puntuko aldea baino ez zen izan lehen bi lehiakideen artean. Lukas Nogueira brasildarrak 2011n munduko bodyboard titulua eskuratu zuen lehiakidea garaitu zuen, alegia, Pierre Louis Costes frantsesa.
Costes Portugalen bizi da, beraz, bikain ezagutzen ditu hango olatuak. Txapelketa guztian sekulako txandak egin zituen frantsesak eta finalean ere bikain aritu zen. Aldiz, bere arerioak egin zuen ariketa batek gauzak zaildu zizkion. Nogueirak backflip ikusgarria egin zuen eta Costesek, sekulakoak egin zituen arren, ezin izan zuen ariketa hori gainditu.
Lucas Nogueirak lehiaketan postuak igotzen jarraitzeko asmoa zuela adierazi zuen. Honela mintzatu zen txapelketa irabazi ostean: «Garaipen honek GQS rankingean gora egiten lagundu dit, beraz datorren urtean Top 24ko lehiakideen artean egon ninteke. Eta hori gauza ederra da, izan ere, nire azken helburua noizbait titulu mundiala eskuratzea da».
Nesken kasuan, berriz, Saro Oharra japoniarra eta Isabela Sousa brasildarra izan ziren finalean buruz buru. Sousak txapelketa bat irabazten duen lehen aldia ez dela erakutsi zuen oholtzatik jaistean: «Ederra izan da berriz ere hemen, Portugalen, irabaztea, bigarren aldiz, izan ere, bertako jendea eta baita hemengo hondartzak ere maite ditut. Garaipen hau oso garrantzitsua da, horrela, berriz ere munduko titulua irabazteko gertuago bainago».
Isabela Sousa bi urtez izan da munduko txapelduna. Orain bi urte Eunate Aguirre sopelarrak kendu zion titulua. Brasildar hau oso gaztea da, 20 urte ere ez ditu eta aurten munduko titulua eskuratzekotan dabil, beraz, oraindik ere sarri entzungo den izena da berea.
Rio Pro
Pasa den asteburuan beste txapelketa garrantzitsu bat izan zen Brasilen eta Helliton Loureiro brasildarrak irabazi zuen. Berekin finalean, beste brasildar bat, Israel Eduardo. Metro bateko olatuetan aritu ziren finalistak lehian eta azkenean Helliton nagusitu zen.
Nesken kasuan era bi brasildar izan ziren finalean, Soraia Rocha likra gorriarekin eta Jessica Becker zuriarekin. Lau puntuko aldea atera zion Beckerrek Rochari, beraz, bera izan zen garaile.
Eunate Aguirre bizkaitarra ongi aritu zen txapelketan zehar, baina ez zuen final laurdenetara pasatzea lortu, Emma Cobb australiarrak eta Nicole Calheiros brasildarrak kaleratu baitzuten.
Txapelketa hau amaituta, soilik bi txapelketa falta dira nesken munduko itzulia amaitzeko. Hurrengo lehiaketa Venezuelan izango da urrian, Margarita uharteko olatu zoragarrietan, eta, horren ostean, Puerto Ricon izango da aurtengo azken txapelketa, Encanto Pro famatua.
Mutilen kasuan, berriz, Rio de Janeiroko txapelketa amaituta GQS mailako txapelketa bakarra falta da egiteko, nesken kasuan bezala, Puerto Ricon urriaren amaiera aldera egingo dena.
Goi mailan (Grand Slam Series) lehian ari diren bi euskaldunei dagokienean, oraingoz hamargarren postuan da Alex Uranga zumaiarra rankingean, eta Eunate Aguirre, berriz, zortzigarren postuan. Ranking orokorrean, ordea, ez dituzte emaitza oso onak lortu. Hala ere, datorren urtean lehen mailan egoteko aukera asko izaten jarraitzen dute.