Surflari Ernegatua
«Auf Wiedersehen», «Salam Aleikum» edo «good bye»
Koloniak desmuntatu, kanpalekuak desegin, eta badoaz, inor agurtu gabe, ez dute «auf Wiedersehen» edo «good bye» esateko bertako inor ezagutu azken bi hilabeteotan. Biriatuko ordainlekua gurutzatuko dute, lehen kartelak ongi etorria emango die hizki bihurriz, arabiar hizkuntzan, eta Irungo txabolak ikustean jakingo dute helmugara iritsi direla.
Uda amaitu da, ikasturte berria hastera doa eta badoaz gure kostaldeko uretan izan diren milaka ilehori eta azal gorriak. Haien koloniak desmuntatu, kanpalekuak desegin, eta badoaz, inor agurtu gabe, ez dute nori auf Wiedersehen, ciao edo good bye esan, hemen izan diren bi hilabeteetan haietakoa ez den beste inor ez baitute ezagutu. Agian haien sukaldariak Telepizzako banatzaile mexikarrari «hasta otra amigo» esan ahal izango dio. Edo haien tabernariak eta musika jartzaileak astean bitan alokatzen duten lokaleko jabe galiziarrari «adiós» esango diote. Kanpin dendak, zinema pantaila erraldoia, ohe elastikoak, pinpon mahaiak, gimnasio inprobisatuak eta epoxysko surf taula erraldoiak desagertuko dira gure hondartzetatik, datorren urtera arte.
Haien arteko surflari onenak, ordea, laster dira bueltan, udazkeneko itsaski ederrenekin izango dira berriz ere gurean, haien herrialdeko surf txapelketa nazionala egiteko. Epaile lanak egingo dituztenak, lehiakideak eta antolatzaileak, autobus batean sartu eta haiek aukeratutako hondartzara abiatuko dira, inori behar ez duten baimenik eskatu gabe.
Ordu andana egingo dituzte errepidean, zenbait geldialdi, siesta laburrak, hankak luzatzeko tarteak, eta, azkenik, Biriatuko ordainlekua gurutzatuko dute. Aurkituko duten lehen kartelak ongi etorria emango die hizki bihurriz, arabiar hizkuntzan, eta Irun inguruko txabolak ikustean helmugarako kilometro gutxi batzuk baino falta ez direla erakutsiko die.
Aurrez alokatua duten baserrian trasteak utzi eta hondartzara jaitsiko dira, surf taulak batzuen besapeetan, eta hondartzan iltzatuko dituzten haien herrialdeko banderak besteen eskuetan. Agian bertako norbait gurutzatuko dute bidean, eta «Salam Aleikum» batekin agur dezake haien artean beste kulturekiko begirunez jokatzen omen duen open mind ikuspegia duen hippy jatorrak.
Uretan errespetuzko jarrera izango dute, noski, haien artean. Eta astebeteren ostean, berriz ere, etorri bezala itzuliko dira, isiltasunean.
Hiesaren aurkako nazioarteko egunean zenbait espetxetako leihoetan preso batzuek jartzen duten oihalak dioena esan geniezaiekeen, hitz egiteko aukera emango baligute, alegia, «aunque no os acordeis de nosotros, estamos con vosotros». Beraz, berriz ere ongi etorriak izango dira datorren urtean, beraiek ez dakiten arren, eta jakin beharrik ere ez duten arren. Alegia, bienvenidos baino, ongi etorriak izan daitezke, haiek, hori ere, ez dakiten arren. Eta tristeagoa dena, ezta guk ere.