GARA > Idatzia > Kultura

kronika | kutxa kultur festibala

Dinosaur Jr. Igeldon eta ezin oinazerik sentitu

Ostiral gaueko euri zaparradak utzitako dardararekin Igeldora igo eta ilundu ahala zerua argitzen zegoela begitandu zitzaigun larunbatean.

p054_f01_149x169.jpg

Anartz BILBAO

Parkeko agertokia hurbileko taldeen erakustoki zen beste behin, eta bertan jotzekoa zen Napoka Iria. Kontuak kontu, argindar eten batek UK Bill taldearen emanaldia atzeratu -Dover hasiak zirela «Betiko kabroiak» jotzen harrapatu genituen, rock-and-rollari gorazarre- eta Bobby Barek bere emanaldi umoretsu eta xelebrea orduan has zezan -asko gustatu zena-, hogei minutu zeramatzaten kito esan zioten eibartar-elgoibartar bikoteari; zaleak haserre bizian eta oihuka erantzun zuten erabakia. Urrian plazaratzekoa duten «Arnasten ikasteko berriz» lana aurkezteko asmoa ei zuten. Ordurako, egun argiz, Istrian, Lou Topet eta Cohenek zapaldu zuten aipatutako oholtza.

Baina bi erakustokiko jaialdi uste genuenak sorpresak eman zizkigun, eta bi agertoki ezkutu ezagutarazi. Sotoetan zegoen bata, Kosmikarraren azpian, eta akustikoan Tristan Crowley entzun genuen bertan isil-isilik eta goxo, atzean aparkalekuko pasabide luzea zela. Ezkutuko Antzokia izenekoa zen bestea; afixa vintage eta bizarro batzuek apainduriko zinema areto txikia, 70 lagun inguruk lepo jarri genuena. Built to Spill taldeko gitarra jotzailearen aholkuari jarraituz, Disco Doom eskandinaviarren astindua jaso genuen bertan. Ez dakigu emocorea egiten duten esatea zilegi den, baina geruza hipnotikoak sortuta eta oso ozen joz, beraiek izan zuten Dinosaur Jr. taldearen emanaldira bitarteko bidea betetzeko ardura, Built To Spillek ezin izan zuena. Azken horiek oholtza nagusira agertu zirenerako, Ameriketatik bueltan diren Audience gernikarrek gustura utziak zituzten tantaka bertaratzen ziren zaleak, eta Crocodiles taldeak ere betea zuen bere lana.

Built to Spill kultuzko taldea dela-eta, jaialdiko talde «ezkutua» izango zela uste genuenok, penaz gelditu ginen. Taldea ez da lan eta bira mordoa egitekoa, baina badute eskarmentua eta ez da onargarria izan zuten soinua -txarto eta gutxi entzuten zen-; ez du merezi taldeak, are gutxiago zaleek. Doug Martsch taldeburua animoso agertzen saiatu zen arren, gure aldetik «Carry the Zero» baino ez genuen disfrutatu, emanaldia itxi zuen kantua.

Kontrako bidetik, Doverrek ez zigun zirrararik eragiten a priori, eta ondo bete zuten beren lana. «Devil Come to Me» diskoa ospatu zuten -1997an argitaratua-, bertako kantuak jo eta izenburua ematen dion hit-a bukaerarako utzita. Kanta tarteetan azalpen labur argigarriak ere eman zituzten. Llanos ahizpetako ilehoriak, Amparok, honakoa: «Frogatua dago rock-and-rolla jotzea bizikletan ibiltzea bezalakoa dela, ez da inoiz ahazten!».

Zirrara falta

Igeldoko jolas parkerako ezin aproposagoa begitandu zitzaizkigun iaz The Horrors, eta Dinosaur Jr. taldeaz zer esan? 80ko hamarkadan jaio eta lurretik desagertu ondoren berriro orroka dagoen piztitzarrak soinu propio eta ezaguterraza lortzeko meritua izan du J. Mancisen gidaritza erabatekoan -berak konposatzen ditu bateria pasarteak ere, eta Barlow baxu jotzaileak Sebadoh sortu behar izan zuen bere sorkuntzari bidea emateko-. Ez da erraz azaltzekoa, baina ozen-ozen entzunda, distortsio zale hauek badute zerbait sendagarria.

Hirukoteak hiru lan on plazaratu ditu berriro ere elkartu zenetik, azkena «I Bet On Sky» -bertatik hartua, «Don't Pretend You Didn't Know» jo zuten erdialdera-, baina taldearen ibilbide osoa laburtzea zuten helburu Igeldon, jaialdietan ohi den bezala. Horren adibide, «Get me», «In a Jar» eta «The Wagon» hit ezagunekin abiatu zuten emanaldia, «Where you Been», «You're Living All Over Me» eta «Greend Mind» lanekoak, hurrenez hurren.

Kantu zerrenda ederra dute eta musikariak zuzen dabiltza, geldo eta geldirik, anplifikadorez osatutako hormaren aurrean, baina zerbait falta da. Dinosaur Jr. taldearen musikak erraiak jo eta paparrak dardararazi behar ditu, fisiko bihurtu. Eta bolumen gehiago behar dugu hemen, distortsioa. Ez da zirrararik beraz, doinu ederrak entzuten ditugun arren. Azken txanpa, esaterako, justu etenak eta erritmo aldaketak faltan botatzen ginenean, ikaragarria da: «Out there», «Feel the pain» eta «Start Choppin» bikainak, baita The Curen «Just Like Heaven» ere. Jada ez dago gu aseko gaituenik ordea; lastima.

Monterrosori keinua eginez, «dinosauroa esnatu zenerako, J. Mancisek gitarra soloak egiten jarraitzen zuen» idatzi zuen Twitterren B. S. poetak. Baina tximaluze ile zuriak bukatu zuenerako goiz zen oraindik gaua. Jendea irrikatan zen Gasteszenara -bertan jarraitzen zuen festak-, Bukowskira edo Dokara jotzeko. Oraindik autobusen jaitsieraren odisea gainditu beharra zegoen ordea, antolakuntzak etorkizunerako konpondu beharko duen afera.

Gainontzean, ostiralean hara eta hona zebilen jendetzak behera egin zuela begitandu zitzaigun larunbatean. Umeak bai, ikusi genuen bateren bat kasko fosforitoak belarrietan eta dantzan, eta rockzale asko propio Dinasour Jr. entzutera joanak.

Parkeko jolasek bere martxa zuten -ez zen horrenbeste jende autotxokeetan babes bila, aurreko eguneko euritean bezala-, eta bai, bazen Kontxako badia atzean zutela argazkia egiteko baliatu zuenik ere, ikusmira zoragarria lagun.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo