GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Prime txapelketa

Tomas Hermes brasildarra nagusi Azoreetan

ASP Prime kategoriako txapelketa izan da Azoreetan eta Hermesek irabazi du.

p052_f01_184x84.jpg


 
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Prime kategoriako zirkuitua osatzen duten zortzi txapelketetatik bosgarrena egin berri da Azoreetako bederatzi uharteetako batean, Sao Miguel irlan hain zuzen ere.

Lisboatik 1.500 kilometrora dauden irlak izan arren, Ozeano Atlantikoaren erdian dauden lurrok Portugalgo Estatuak gobernatzen eta kudeatzen ditu, eta, hain zuzen ere, hurrengo Prime kategoriako txapelketa ere Portugalen izango da, urriaren 21 eta 27 bitartean, Carcavelos hondartzan.

ASP Prime SATA Airlines Azores Pro txapelketa larunbatean amaitu zen Sao Miguel irlako Santa Barbara hondartzan eta 26 urteko Tomas Hermes brasildarrak irabazi zuen txapela.

Miguel Pupo, Filipe Toledo edo Mitch Crews bezalako lehiakideak kanporatu behar izan zituen Hernesek finalera iritsi ahal izateko, eta, finalean, azken urteetan Top 34ko lehiakideen artean den Adam Melling izan zuen arerio.

Hermes pozarren zegoen, maila honetako txapelketa bat irabazten zuen lehen aldia baitzen: «Zoragarri sentitzen naiz, nire bizitzako egunik zoriontsuena da, dudarik gabe. ASPko munduko zirkuituan txapelketa bat irabazten dudan lehen aldia da».

Brasildar batek Azoreetan irabazten duen hirugarren aldia dela ere gogoratu zuen irabazleak. «Badu zerbait berezia leku honek, batez ere brasildarrentzat, izan ere, hemen txapela eskuratzen duen hirugarren brasildarra naiz».

WCT rankingean 27. postuan aurkitzen den Adam Melling ere gustura zen lortutako emaitzarekin: «Marea goian zen eta ez dugu aski olatu izan, baina nahiko kontent naiz. Nik surf indartsua maite dut eta bira erradikalak egiten saiatu naiz. Zinez gura nuen podiumera iristea, Europan izango diren hurrengo txapelketetara indartsu joateko. Hasiera ona da, ea aurrerantzean zer egiten dudan».

Melling, Hossegor eta Penichen izango diren WCT mailako txapelketez mintzo zen. Lehena, Frantziakoa, irailaren 26an hasiko da, eta, Portugalgoa, berriz, urriaren 9an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo