Harri-jasotzea | Saiakera
Irigoienek 21 aldiz jaso du 150 kiloko zilindro zaharra
Errezildarrak hiru minutuko txanda bakar bat izan du lanerako. Harria, berriz, antzinakoa erabili du, oraingoa baino txikiagoa eta jasotzeko zailagoa.
Jon LEUNDA
Aimar Irigoienek marka polita lortu zuen atzo. 150 kiloko zilindro zaharra erabili zuen, eta 21 jasoaldi eman zizkion, hiru minutuko txanda bakar batean. Harria, ordea, berezia da, antzinako horietakoa, bere garaian Manterolak Soarteren aurkako apustuan erabili zuena.
Harri zahar hauek orain erabiltzen direnak baino motzagoak dira, eta apur bat ezberdinak ere bai. Atzo Aimarrek erabili zuenak 24 ontza neurtzen zituen, 56 zentimetro. Eskuak sartzeko zuloak, berriz, kantoietan izaten ditu, eta ez aurrean. Horrek guztiak gauzak zailtzen ditu.
Pasa den astean zehar, errezildarrak 20 jasoaldi gainditzeko helburua zuela adierazi zuen, eta hori lortu zuen. Hori bai, errezildarra ez dago bere punturik onenean, eta hori oso normala da. Udan zehar erakustaldi asko egin behar izan ditu, eta harri oso ezberdinekin aritu behar izan du. Zilindro zahar honekin aritzeko ez du tarte gehiegirik izan, baina atzo bere asmoa lortu zuen.
Hiru minutuan harri honekin ez zegoen inongo markarik, eta atzo Aimar Irigoienek bat jarri zuen, oso ona gainera. Bera apurtzea ez da erraza izango. Jendeak, berriz, erantzun bikaina eman zuen, zale asko batu baitzen Bedaioko pilotalekuan.
Gazte mailakoa
Lopetegik irabazi zuen atzo Zarautzen jokatu zen kintopekoen edo gazte mailako txapelketa. Lau harri-jasotzaile neurtu ziren, eta bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko kubikoa erabili zituen. Lanerako, harri bakoitzarekin hiruna minutu izan zituzten kirolariek. Jendetza batu zen saioa ikusten.
Lopetegi izan zen amaieran onena, eta berriro ere sekulako itxura eman zuen. 16 urte besterik ez ditu, eta ikaragarrizko etorkizuna agerian utzi zuen. Zilindro zaharrarekin hasi zen garaipenerako bidea egiten, 34 aldiz berdindu baitzuen harria. Otaegi zen txapela lortzeko beste faboritoa, baina Aizarnakoak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Guztira 30 jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari. Atzetik Eizagirre eta Olaizola sailkatu ziren, 19 eta 15 jasoaldirekin.
Kubikoarekin ere emaitzak oso tankerakoak izan ziren. Lopetegik 17 aldiz jaso zuen bizkarraren gainera. Atzetik Otaegi izan zen, eta ezin izan zuen zarauztarraren marka gainditu, 15 aldiz jaso baitzuen. Eizagirrek, berriz, oso lan ona egin zuen, eta 14 aldiz jaso zuen kubikoa. Olaizolak, berriz, bederatzi aldiz berdindu ahal izan zuen harria bere sorbaldan.
Izeta II.a atzo gizon zoriontsua zen, eta ez da gutxiagorako. Euskal Herriko gazte mailako finalean aritu ziren lau harri-jasotzaileak bere eskuetatik pasatakoak dira, eta orain ere bera da beraien entrenatzailea.
Otaegi eta Lopetegi azkeneko urte hauetan lanean ari dira plazetan, baina beste biak, Eizagirre eta Olaizola, lehen aldiz plazaratu ziren atzo, 18 eta 16 urterekin, eta biek itxura oso ona eman zuten.
Olaizolaren kasua oso berezia da, berak eskubaloian ere jokatzen baitu Zarauzko taldean, eta behin baino gehiagotan izan baita Euskadiko selekzioan ere. Bi kiroletan du etorkizun oparoa. J.L.
Manterola harria da errezildarrak erabili duena. Normalean erabiltzen dena baino txikiagoa da, 56 zentimetro neurtzen baititu. Eskuak sartzeko zuloak, gainera, kantoietan ditu aurrean izan beharrean.
16 urteko Lopetegik irabazi du gazte mailako Euskal Herriko Txapelketa. Zarauztarrak sekulako etorkizuna dauka, eta lan ona egin du beste behin ere, oso kontuan hartzeko modukoa.