GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora

Atutxak mendean hartu du Olasagasti Txapeldunen Ligako saioan

J.L.

Aitzol Atutxak mendean hartu zuen atzo arratsaldean Joxemari Olasagasti, Urdulizen jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioan.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen lana. Bizkaitarrak 37 behar izan zituen, eta 52 Olasagastik.

Bigarrengoan, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. 1.19 izan zen Olasagastiren denbora eta 1.40 izan zen Atutxarena. Hirugarrengoan, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta hori Atutxak irabazi zuen. 2.12 izan zen bere denbora, eta 2.29 gipuzkoarrarena.

Laugarrenean, 45 ontzako bat zutik jarrita, eta beste bat etzanda jarrita moztu behar izan zituzten, eta berriro ere Atutxa gailendu zen. 3.02 izan zen bere denbora, eta 33 segundo gehiago behar izan zituen Olasagastik.

Bosgarrengoan, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta 3.37 izan zen Atutxaren denbora eta 4.05 Olasagastirena. Azkenik, lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten, eta hor gipuzkoarra nagusi izan zen. 9.01 izan zen bere denbora, eta 9.06 bizkaitarrarena. Lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 14 segundo behar izan zituen Atutxak, eta 21 minutu eta 21 segundo Olasagastik.

Etzi, 19.15ean jokatuko da hurrengo jardunaldia, eta Ordizian izango da. Han neurtuko dira Joseba Otaegi eta Floren Nazabal. Oraingoan gipuzkoar bat eta nafar bat lehiatuko dira nor baino nor.

Gaur, berriz, Gasteizen, Olarizun, 18.00etan jokatuko da Arabako Binakako Txapelketa. Zubiaga eta Aitor Jauregi, Arkaitz Jauregi eta Lopez, Kintana eta Ruiz de Aretxabaleta, Rodriguez II.a eta Llanos, eta Rodriguez I.a eta Kortxero izango dira lehian arituko diren bikoteak.

Bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Arabako Federazioa bikoteak orekatzen saiatu da, eta horrek faborito garbirik gabe utzi du gaur jokatuko den finala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo