GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Traben gainetik, aurrera egiten dute txosnek

Aurten hamar txosna egongo dira Galdakaon, ohiko moduan, zortzi Iturrondo plazan bertan eta bi plaza alboko parkingean. Horrela antolatzen da txosnagunea Galdakaon eta honako eragileek antolatzen dute: Saski Baloi Taldeak, Galdakaoko Mozoilo Taldeak, Eguzkibegi Ikastolak, Maiti Rallyk, Igeriketa Taldeak, Eskubaloi Taldeak, Zizpa Gazte Taldeak, Gezur Aretza Kultur Taldeak, Galdakaoko Gazte Asanbladak, Pattakon Konpartsak.

p018_f02_148x080.jpg

Iosu GANUZA |

Txosnaguneko ekimenak programan sartzen dira, nahiz eta bertan programazio propioa izan. Txosna bakoitzak bere ekimenak antolatzen ditu eta gero guztien artean zenbait ekimen antolatzen dituzte: futbolin txapelketa, umeentzako motorren txapelketa eta ohe lasterketa. Baina ekimen esanguratsuenen artean Galdakaoko kuadrillen arteko txapelketa aipatu beharra dago. Txapelketa horretan parte-hartzea da neurtzen dena eta parte hartzea sustatzeko antolatzen da ekimena. Urtero-urtero egiten da eta arrakasta handia izaten du.

Jaietan zehar, kuadrilla bakoitzak jaietako ekimenetan zein parte-hartze maila duen puntuatzen da eta sailkapen bat egiten da. Jaietako azken eguneko sailkapenak agintzen du sariak banatzeko orduan. Hiru sari daude, lehendabiziko hiru kuadrillen artean banatzekoak. Sari ekonomikoa dago lehendabizikoentzat, eta honetaz gain kuadrillen arteko afarirako sarrerak banatzen dira. Kuadrillen arteko afari hori jaiak bukatu eta hurrengo larunbatean egiten dute.

Jai batzordeko taldeek parte hartzen duten arren, txosna batzordea bere kabuz antolatzen da, eta, aipatu bezala, bere ekimenak antolatzen ditu. Era paraleloan bildu eta antolatzen da. Txosnetako gauzak, eragindako gastuak, txosnetako taldeek ordaintzen dituzte, besteak beste: azpiegiturak (ura, argindarra, Udalarekin komunikazioa antolatzen dute), komunak...

Tirabirak ohikoak dira

Udalarekiko harremana, ez da oso erosoa txonetako kideentzat, eurek diotenez, «kolaborazio harreman tirabiratsua dago». Udalak behin eta berriz trabak jartzen dizkigu eta urtero arauak aldatzen saiatzen da. Horren aurrean txosnek argi daukate zer egin, egoera salatu eta aldaketarik ez dutela onartuko azaldu.

Udalarekiko elkarlana oinarrizkoa da txosnentzat, baina desadostasunak ohikoak dira, aipatutako zergatiengatik. Aurten, esate baterako, Udala saiatu da kolektibo bakoitzak zenbait gasturi aurre egin diezaien inposatzen. Baina horren aurrean txosna eta jai batzordeak egoera salatu dute, aski baitute aurrekontuan izandako murrizketarekin. Txosnetako arduradunek azaltzen duten moduan, nolabait «ekimenak pribatizatzen saiatu da EAJko Udal Gobernua».

Beraz, murrizketez betetako egitaraua antolatzeko erronkaz gain, Udal Gobernuarekin hitz egiteko erronka dute txosnek. Horretarako, bi bide baliatzen dituzte. Jai batzordea da lehena. Horretan gainontzeko 20 kolektiboek parte hartzen dute, eta kultur zinegotziarekin hitz egiten dute. Bigarrena zuzeneko bilerak dira. Hauek aldaketa esanguratsuei aurre egiteko erabiltzen dituzte.

Urteroko aldarria da meza osteko elkarretaratze ekimena

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimenak urteetan zehar Pattakon konpartsak antolatu izan ditu. Aurten ere horrela izango da. Lehenik, urtero legez, bazkari herrikoia antolatuko dute presoen senideek. Bazkaria dagoeneko tradizio bilakatu da. Baina, ziur asko, ekimenik garrantzitsu eta adierazgarriena meza osteko kontzentrazioa izaten da.

Bertan mezaren irteeran eta udalbatzaren aurrean, hilaren 14an elkarretaratze ekimena antolatzen du aipatutako konpartsak. Oso une berezia izaten da guztientzat, eta, dudarik gabe, elkartasuna adierazteko modu zuzen eta hunkigarria izaten da. Pattakonen apustua aurten kontzentrazio hori indartzea da, bere pisua mantendu ez ezik, handiagoa izan dadin. I. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo