eh jaietan
Erromeria kontzeptua irauli egiten du Oxabi taldeak
Zazpi urte daramatza Oxabi erromeria taldeak Euskal Herriko, gehienbat Bizkaiko, plazak giroz margotzen. 2006. urtean sortu zenetik, talde galdakoztarrak kontzertu mordoa eman du eta hainbat aldaketa izan ditu azken urteotan.
Iosu GANUZA |
Garai bateko talde sortzailea Jon Eguskizak, Jon Gomez Garaik eta Aritz Uriartek osatu zuten, ondoren Asier Balentiza eta Urtzi Enrikez batu zitzaizkien, ibilbide labur baina oparoa zuen taldeari. Baina musikaren mundua aldaketa mundua da eta horrela 2011n hainbat gauza irauli zituen taldeak. Hasteko, estilo aldaketa bat gertatu zen, euren hitzetan, «formatu berria» eskainiz. Honetaz gain, taldekide batzuek taldea utzi behar izan zuten hainbat kontu zirela medio. Horrela, Jon Eguskiza eta Jon Gomez Garairi hauek batu zitzaizkien: Markel Arevalo, baxuan; Eneko Arraibi, saxofoian; Gaizka Jimenez, tronpetan; John Learreta, gitarran eta Mikel Urrutia, baterian.
Galdakaoko jaietan debuta izango dute formatu honekin. Formatu zaharrean pare bat aldiz jo izan zuten. Gerora, jaietatik at sarri jo izan dute bertan (Iñauteriak, Korrika, Gazte Eguna), baina jaietan lehenengo aldia izango da, formatu berriarekin, noski. Beren herrian izanik, berezia izango da taldekideentzat bertan jotzea, udako kontzertua izango baita gainera.
Nabarmendu dute gaur egun zazpi kide direla eta lau galdakoztarrak diren arren, beste hiru gernikarrak direla. Entseguak-eta Galdakaon egiten badituzte ere eta egoitza ere bertan duten arren, argi dio Jon Gomez Garaik «gernikar oinarria ez dela ahaztu behar».
Euskal kultura «gutxitua»
Bi eskaintza ematen dituzte kontratatzeko orduan, kontzertua diskofestarekin edo diskofesta gabe. Ikusi zuten kontzertuen antolatzaileek ordu pila eskatzen zizkietela emanaldirako, baina aldi berean gero eta diru gutxiago eskaintzen zitzaiela. Horrek bi gauzengatik kezkatu zituen Oxabiko kideak. Batetik, ikusi zuten euskal kultura gutxitua ikusten zela, eta, bestetik, diru gutxiagoz jaiak mantentzea lortu nahi zen. Eurek aukera ikusi zuten diskofesta txertatzeko. Hiru orduko erromeria eskaintzen hasi ziren, eta gero, nahi izatekotan, diskofesta eskaintzen.
Beraietako bat edo ezagunena izaten da normalean DJ moduan euskal musika jartzen duena. Hau beste hiru orduz aritzen da. Modu honetan musika emanaldia luzeagoa da, eta erromeriari itxiera bikaina ematen zaio. Erromeriak normalean jaiaren itxiera izaten direnez, DJak erromeria luzatzen du nolabait, eta diru gutxiagoz antzeko jaia izatea ahalbidetzen du.
Diskofesta gero eta harrera hobea jasotzen ari dela diote; izan ere, haien ustetan, erromeriak ez duen beste publiko batengana iristen da. Dena den, Oxabiren errepertorioa zabala da eta moldatzen da ahal duen heinean aurrean duen publikora: agian, arratsaldez dantzagarriak, gauez doinu gogorragoak... Baina mugatuta dago zenbait erregistrori dagokienez. Diskofestan, ordea, «klik bakar batean publikoak nahi duen musika txertatu daiteke», dio Jon Gomez Garaik.
Hala ere, argi dauka DJak ez duela erromeria ordezkatuko, ez duelako erromeriak transmititzen duena transmititzen, «zuzeneko musika, baina gauza hoberik ez dagoelako». Gainera, «ez da ulertzen Euskal Herriko plazarik erromeria talderik gabe» eta «guk gure kultura baloratzen ez badugu, horretan diru, indar eta gogorik inbertitzen ez badugu, jai dugu», adierazi du Oxabiko kideak.
Datorren urtera begira euren asmoa, erronka, Bizkaitik harago ateratzea da. Hori izango da helburua, Euskal Herri osoan jotzen ibiltzea. Oxabiko kideen ustez, taldea edozein plazatara egokitzen denetakoa da. Formatu berriarekin zazpi urteko taldea zaharberritu egin zen, eta ikuskizunaren kontzeptua aldatu egin zuten, gainera. Euren eszenaratzeak estatikotasunaren aurka egiten du «zazpi musikari oholtza gainean jarriz, etengabeko mugimenduan», hau da, «berbenatik kontzertu bihurtzen dute». I. G.