GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Zulotik irteteko aukera gutxi izango ditu Biarritzek

Lapurtarrak sailkapeneko azkeneko postuan daude, garaipen batekin. Gaur Liga irabazteko faborito nagusietakoa den Stade Toulosainen zelaian jokatuko dute.

p042_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Asteburu garrantzitsua izango da Biarritzentzat eta Avironentzat. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina emaitzak ez dira onak, batez ere Biarritzen. Jadanik sailkapeneko azkeneko postuan dago, eta gaur non jokatu behar duen ikusita, zaila izango du zulotik irtetea. Baionarrak, berriz, etxean oso indartsu agertzen dira, eta pentsatzekoa da, gaur garaipena lortu eta goialdera hurbilduko direla. Hori bai, galtzen baldin badute, egoera okertzen hasiko da.

Biarritzen egoera oso zaila da, sailkapeneko azkeneko postuan baitago, eta bere aurretik duen taldea hiru puntura dauka, eta salbazioko postuak laura ditu. Gaur 18.30ean Tolosan jokatuko du Stade Toulosainen aurka. Okzitaniakoak ez dira nahi bezain ongi hasi, eta garaipena lortzeaz gain, gaur erasoko puntua lortzea ere beharrezkoa dutela iragarri dute. Horrek erakusten du nolako partida izango den zuri-gorrientzat. Gaur egungo gazteek ez zuten ezagutuko Biarritzen horrelako hasiera txarra. Azkeneko bi edo hiru denboraldietan ez dira fin hasi, baina aurten dena hautsi dute. Yachvili da oraingoz maila ematen ari den bakarra, baina berak lortzen dituen puntuak ez dira nahikoak izaten ari, eta beste zerbait ere konpondu beharra daukate.

Aviron

Avironen egoera ez da oraingoz Biarritzen bezain larria, baina kontuz ibili beharra dauka. Etxetik kanpo oso gaizki ari da, eta horrek etxeko partidak irabaztera behartzen du. Jean Dauguerren jokatutako bi norgehiagokak irabazi egin ditu, eta itxura ona eman du.

Horrek baikortasuna ematen du, eta gaur lau puntuak Baionan geratuko direla sinetsi nahi dute zaleek. Zuri-urdinek Racing Paris hartuko dute, 20.35ean. Gainera, Jean Dauguer estadiora joaterik ez dutenek, Frantziako Canal+ telebista katean ikusi ahal izango dute.

Aviron Bayonnais hamaikagarren dago, 10 punturekin, bi norgehiagoka irabazi, eta hiru galduta. Bi puntu gehigarri lortu ditu talde zuri-urdinak. Racing Paris, aldiz, zortzigarren postuan dago, 12 punturekin.

Frantziako hiriburukoek hiru partida irabazi eta bi galdu dituzte, eta ez dute puntu gehigarririk. Gaur Avironek garaipena lortuko balu, Racing gaindituko luke, eta sailkapeneko aurrealdean kokatzeko modua egingo luke. Galduta, berriz, eta atzeko biek irabaziko balute, jaitsieran sartuko litzateke, izan ere, oraingoz, sailkapena oso orekatuta dago. Biarritz da gaizki dabilena eta atzean geratzen ari dena. Partidak ikusmin handia piztu du, Baionako zaleak seguru baitaude aurtengo denboraldian lehen zazpien artean sartu, eta Heineken Koparako txartela lortzeko modua egingo dutela.

Lehen jardunaldian emandako mailari eutsi nahio dio Maulek

Federal 1ean, hasiera bikaina eman zion Maulek, bera izan baitzen mailan dabiltzan hiru euskal taldeetan irabazi zuen bakarra. Zuberotarrek 29 eta 14 irabazi zioten Lurdari, norgehiagoka bikaina egin ostean.

Bihar, gainera, derbia jokatuko du, eta berriro ere etxean, Oloroen aurka, 15.00etan hasita. Oloroe Bearnon dago, baina ia Zuberoara itsatsita, eta harmailetan giro aparta izango da.

Hendaiak lehen jardunaldian 15-26 galdu zuen Galdonnaisen aurka, eta bihar 15.00etan Perigourdin taldearen zelaian jokatuko du. Ordu berean Donibane Lohizunek Lormont hartuko du. J.L.

etxean

Avironek orain arte oso itxura ona eman du Jean Dauguerren. Kanpoan nolako emaitzak lortzen ari den ikusita, zuri-urdinak behartuta daude etxean garaipena lortzera. Bestela, gaizki pasatuko dute.

Gora begira

Baionako taldeak gaur garaipena lortuko balu, sailkapeneko goialdera gerturatuko litzateke. Beste kontu bat izango litzateke, ordea, galduz gero, eta are gehiago atzetik jarraian dituen biek irabazten baldin badute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo