GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Generalitatearen bulegoari eraso ziotenak, aske

Iragan asteazkenean, Diadaren egunean, Kataluniako Generalitateak Madrilen duen bulegoari eraso zioten atxilotuak kalean daude, behin-behineko askatasunean. Lesio, atentatu eta mehatxu delituak egotzita, baina aske, espero izatekoa zenez, Madrilgo Gobernuak erasoari emandako garrantzia ikusita behinik behin. Izan ere, Generalitatearen egoitzara modu bortitzean sartu, bertan zirenak -tartean haur bat eta Kataluniako diputatu bat- kolpatu eta mehatxatu, negarra eragiteko gasa bota, Kataluniako bandera kendu eta sinbolo faxistak erakusteak ez du aparteko neurririk eskatzen, «gertakari isolatua» izan zenez. Ez dirudi gauza larria, erasoa egin zutenek eginda eta eraso zietenei erasota behintzat. Are gutxiago iragarritako Espainiaren aurkako «desafioaren» egunean izanda, eskuin espainiarrak eta hainbat hedabidek hala iragarri baitzuten. Horregatik, askorentzat, tartean Gobernu espainola, guztiz normala da erasotzaileak aske gelditzea.

Besterik izango litzateke atxilotuak euskal herritar guztien eskubide eta askatasunen aldeko militanteak balira; esate baterako, Barne ministroak txitean-pitean legez kanpo uzteko mehatxu egiten dion alderdiko kideak. Guztiz desberdina litzateke euskal presoren baten argazkia erakutsi izan balute; kasu horretan, «terrorismoaren laguntzaile» izaki, berehalako zigor zentzagarria -ahal den gogorrena- mereziko lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo