GARA > Idatzia > Kultura

Haurrek sexualitatea ezagutzeko liburu bilduma argitaratu dute

Pirritx, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore biluztu egiten dira kaleratu berri duten bilduman. Bakoitza nor den aurkezteaz gain, jolasean euren gorputzak ezagutuz doaz. Amatasuna eta genero identitatea ere jorratzen dira haur txikiei eskainitako liburu hauetan.

p046_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

«Biluzik» bildumak haurrei sexualitatearen gaia gerturatzeko balioko du, jaiotzen garenetik hil arte bizitzen dugun zerbait delako. Adituek diote sexualitatea ikasi beharreko gauza bat dela, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen istorioez baliatuz, liburu sorta hau kaleratu du Elkar argitaletxeak.

Hala, «Porrotx ispiluan» liburuan, pailazoak ispiluarekin jolasean dagoela bere gorputza deskubrituko du, eta mutila denez, zakila duela. Marimototsek, ordea, bere gorputza laztanduz gozatuko du «Marimotots errekan» liburuan. «Pirritx titia ematen»-ek amatasunaren gaia jorratzen du; Pirritxek bere bixkiak elikatzen gozatzen du, eta Pupuk eta Lorek amaren titia hartzen. Bihurri txiki horiek dira azken liburuaren protagonistak, «Pupu eta Lore zilipurdika». Hondartzan, jolasean, neska edo mutil izateari garrantzia kenduko diote.

Lehenengo hiru aleak Mitxel Muruak idatzi ditu, eta Uxue Alberdik bixkiei dagokiena. Bertsolariaren esanetan, eskemak haustea du xede liburuak. «Ilustratzaileari testua pasatu nionean, gona Pupuri -mutilari- jarri beharrean, Loreri jarri zion».

Bosgarren liburu bat ere aurkeztu dute, haur helduagoentzat. «Zazpikoloroa» mundua kolorez betetzen duen hegazti baten inguruko abentura da. Belekoi gaiztoak mundu zuri-beltza nahi du eta Zazpikoloroaren arrautza lapurtzen du, jaiotzen denean koloreak barreiatu ez ditzan. Pailazoek eta Patakon piratak arrautza salbatzeko hainbat balentria egin beharko dituzte.

Koloretako mundu hori defendatu dute betidanik pailazoek eta horregatik nahiago dute polemiketan ez sartu. Gobernu espainoleko EAEko ordezkariak EITBri egin dion eskaerari buruz galdetua -euren emanaldirik programazioan ez sartzeko-, Porrotxek argi erantzun zuen: «Gu gurera, euskal irria kolorez margotzera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo