GARA > Idatzia > Kultura

Hamar amodio kantarekin eta lau dantzarirekin sorkuntza minimalista osatu du Theretek

«Hiru zitroin lur hotzean» izeneko bere azken ikuskizuna azalduko du gaur arratsean, lehen aldiko, Mizel Theret koreografoak, Maitaldia jaialdiaren karietara. Hamar kantu hartu ditu oinarri sorkuntza lantzeko.

p048_f01.jpg

Cécile VIGNEAU | BIARRITZ

Hiru limoik, lau dantzarik eta hamar amodio kantek osatzen dute Mizel Theret koreografoaren azken sorkuntza, «Hiru zitroin lur hotzean» izenekoa. Gaur, arratsaldeko zazpietan, Biarrizko Maitaldia jaialdiaren karietan, Chimeres antzerki taldearen Les Decouvertes antzokian izango da lehen emanaldia.

Ikuskizun minimalista horrekin, ikusleak kantu tradizionalaren inguruko gogoeta batera eraman nahi ditu sortzaileak. Izan ere, koreografoak argitu zuenaren arabera, sorkuntza «memoria kolektiboaren» gaiaren inguruan hasitako lanaren atal berri bat da. Kantuak dira, beraz, obraren ardatz nagusia. Euskal tradiziotik harturiko amodiozko bederatzi kanta eta 1577an Joan Gurutzekoak (Juan de Yepes) idatzitako kantika espirituala aukeratu ditu.

Guztiak, 80ko hamarkada geroztik, garai ezberdinetan, Beñat Achiary kantariak abestutakoak dira. «Abestien aukeraketa ez da edonolakoa izan. `Goizean goizik' abestiaren adibidea hartzen badugu, bertsio ezberdin asko entzunak ditut, baina, interesgarrien iruditu zaidana Beñatena izan da», argitu zuen koreografoak.

Abesti bakoitzaren bidez, unibertso berri bat sortu du egileak, «idazkera lirikoa eta halaber abstraktu» bat landuz. Izan ere, Mizel Theretek, Gaël Domengerek, Eneka Bordato Riañok eta Johanna Etcheverryk osatzen dute ikusgarriko dantzari laukotea. Kantuarekin elkarrizketa lortzeko dantzaren alde funtsezkoena eta puruena barneratu behar izan zutela argitu zuten dantzariek. «Badakigu ez garela ikusgarria den zerbaitetan. Iragan bat zeukaten dantzariak behar nituen sorkuntza honetan parte hartzeko, intimoa eta oso txikia den tarte horretan dagoen gutxi horren bila joan ahal izateko», zehaztu zuen Theretek.

Gaineratu zuenez, «gutxi horretan asko kondentsatzen da, detaileek garrantzi handia daukate». Horrenbestez, kantuaren bidez sortzen den unibertso minimalista horretan, dantzari bakoitzak bere lekua eta bere interpretazio artistikoa aurkitzen duela gogoratu zuen egileak.

Aurrekoaren eragina

Philippe Oyaburu, Koldo Zabala eta Jean Nesprias dantzariekin duela bi urte sorturiko «Oroitzen naiz» ikusgarriak ondoko lanetan eragina izango zuela esana zuen Mizel Theretek, eta horrela izan da. «`Hiru zitroin' aurreko sorkuntzaren umea dela erran daiteke. Oroitzen naiz ikusgarrian aritu ziren hiru dantzari horien muga fisikoek gutxi horren inguruan lan egitera behartu nindutela. Eta horrek mundu berri bat ireki dit», nabarmendu zuen.

Memoria kolektiboa

Mizel Theretek gaur aurkeztuko duen ikusgarria memoria kolektiboaren inguruan abiatua duen eta egungo gizartean kultura eta bere ondarea nola bizi aztertzea helburu duen gogoetan sartzen da. Gogoeta hori gero eta gehiago sakontzeko xedea duela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo