POESIA
Iraganaren presentea
Ainara MAIA
Ainara lagunari eskaini zion Lucien poetak bere liburu poetikoa bihotzetik, minak laztantzeko bizitzaren maitasunez.
Eta ni behin eta berriz «Begira» jarri natzaio liburuari, uda osoan eduki baitut mesanotxean eta gauero-gauero irakurri pasarte, ipuin edota olerkiren bat oheratzean. Horrela iritsi naiz udazkenaren atarira, poeta lapurtar honen joan diren urteetako idazlanei begira ondutako liburu hau irakurriz eguzkitan baino, ilargipean, aitzin solasean irakurri bezala, halako sendipen bereziaz jauntzi nauelarik. Gaude ba begira, bakarti, umezurtz, gutitan zoriontsu, iragan denborek emandako jakitate eta maitasunak gesaltzen direla ahanzturaren leizetan.
Ahaztu ordez, Hazparneko haur denboretako mundu handiak oroitu ditu olerkariak lapurteraz eta poesiaz, liburuaren azaleko haur begiradaz narrazioa nahiz poesia kontabide. Etxe bat mundu bat da eta amets egiten laguntzen du, haur bakoitzak baitaki, handiek baino arras hobeki, zer egin mundu honetarik urruntzeko! Liburu bat beti misterio batekin da, mundu guztiko haurrek jakin behar lukete hori.
Poetaren negarra neure begitartean ageri zait zenbaitetan hunkiturik, haur denboretako mundu handiak ez ezik, mundu handi anitz honen hainbat errealitate gordin irakurtzean ere, eta ahantzita gelditutakoari idazten dio olerkariak, egiak irabaziko duela azkenean esanez. Olerkariak min duelako bihotzean eta ariman, ni ere ezin lo hartuz ibili naiz.
Eroa da olerkaria, irri egiten duelako, bihotza harria baino idorrago duten baketiar guztiez, baina aldi berean negar egiten du olerkariak ez dutelako ezagutuko Maitasuna. Hala eta guztiz ere, irria du ezpainetan etsirik, gaur irri egin behar duk/n, irakurle!
Nola erran sentitzen duen guztia bihotzean? Luzienek liburu mardul eta mamitsu batean hustu du barnea goxoki, eta olerkiak eskaintzen dizkio hainbat pertsona maiteri. Amets nafarra gogoan du poetak, eta odola arrosa duela, urak du bere amets zikinduaren garbitzeko ahala, ainharek zaintzen dugula. Urrun ikusten du poetak bere laguna, galdurik baitu bere maite hori. Zauri ezin itxiak ireki ditu bere maitasunaren bazter guzietan, eta hutsez bete ditu bere amodio guztiak. Paul Eluard-en «La victoire de Guernica» poemak oroitarazi dio Gernika nork eta zein hegazkinek bonbardatu zuen, eta mare nostrum honetako wascones haiek ekarri ditu liburura prosan, aurpegi tristeaz, baina maitasun eta konplizitatez betea: niri deika, zuri deika, irakurle!
Bere herri zanpatuaren aitzinean, poetak bere maitasun urruna oroitzen du, eta esaldi luze atsedenik gabeek hats gabetu naute komarik eta punturik gabe irakurtzen. Narraziotik poesiara eta alderantziz, munduko kezkak eta gerrak, bolborak eta balak, nagusien eta diruaren kontra kaleak sutan daudelako, dago Greziako haurra. Eta Hazparneko haur poeta honek aitaren etxea defenditu nahi du, justiziaren kontra, lurra saltzen laguntzen duen lege zuzenaren ukatzeko, baina ez daki nola. Gerlak iluntzen du poetaren gogoa, «Gott mit uns» edo «God bless America» oihukatuz gerla egiten dutelako jainkoaren izenean.
Hats beroz gure aitatxien etxeko sukaldea ekarri dit opari, present iragana, xuka goxoz ere larrazkeneko egunak ferekatzen ditugula orain. Pirripitaka iragana eta etorkizuna harriak altxatzean pirripitaka. Pirripitaka Gabriel Aresti, Joxanton Artze, Xalbador, Itxaro Borda, Agosti Xaho, Manex Erdozaintzi-Etxarte, Paul Eluard, Victor Hugo, Marguerite Duras eta beste hainbaten oihartzunak etorri zaizkit gauero Lucienen hitzoi begira, eta oroimeneko portuen uhainen joan-jinean altxatzen dira kantoreak harresien eresi, hizkuntza dugula lot harri, ni naizelako gu, zuekin naiz, nirekin zarete, irakurleok! Agian mundu hau hala ere maitatuko duzu...