GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Irrien lagunak

Urtetxo batzuk pasa dira, Zubeldia anaiek, Josebak eta Haimarrek, Zarautzen leuzemia zeukan Markel izeneko mutil bati bisita egiteko deitu zidatenetik. Markelek bigarren aldiz zeukan leuzemia, eta orduan mutil txiki bat zen hura, orain ia ni baino altuagoa den mutil osasuntsu eta bizi bat da.

Markel eta bere gurasoen harremanetik, Joseba, Haimar eta hirurok, Aspanogi haur minbizidunen Gipuzkoako elkarteari lagundu ahal izateko, zerbait egitea pentsatu genuen. Ideia txoro hartatik, gaur egun jai polit eta handia den Mobi Bik eguna sortu zen, eta Mobi Bik-i eta Aspanogiri esker, Katxiporretako, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ezagutu eta abentura honetan lan egiteko plazera izan genuen.

Txirrindulari izateaz aparte guraso garenez, Zubeldia anaiek eta neuk, geure seme-alaben hezkuntzan eta hazkuntzan horren balio eta printzipio politak helarazten laguntzen digutelako estimatzen ditugu Katxiporretako gure lagunak. Adiskidetasuna, berdintasuna, naturarekiko errespetua, euskara eta Euskal Herriarekiko maitasuna... balio horiek guztiak pailazo zoragarri hauengandik ikasi ditugu.

Horregatik, sutu egin nau Urquijo jaunak, sekula santan euskaldun garenok hitz egiten dugun hizkuntza ikasi ala ulertzeko inongo esfortzurik egin ez duenez, eta gure pailazo lagunek abestu eta kontatzen dizkiguten ipuinen nondik norakoen ideiarik ez duenez, ez zait buruan sartzen nola eskatu ahal izan duen, euskaldun guztiona den irrati eta telebistan, gure pailazo maiteen saiorik ez emateko. Beraiekin eta Ane piraten ipuinarekin ikasi dut beti dagoela irri egiteko arrazoiren bat. Gaurkoan, Chrisek maillot gorriari eutsi eta Madrilen azken orduko erorketa ala matxurarik ez bada, irri egiteko arrazoi potolo bat dugu. Baina ez irabazita ere, bizitzan beti izango genituzke irri egiteko milaka arrazoi eder eta politak.

Hiru asteren ostean, 41 urteko aitonak Vuelta poltsikora sartu du, eta Harelbeke, Flandes, Roubaix eta Donostia bezalako klasikak, eta Tourreko etapa eta Vueltako etapak eta sailkapen orokorra irabaztean bizitako une magiko horiek denbora luze batean aurpegitik kenduko ez zaidan irri bat marraztu didate nire ezpainetan.

Pozez zoratzen, Madrilera bidean, garaipena ospatzen goaz, eta une eder hau gozatzen gabiltza. Hiru aste luzeren ondoren Chrisek irabazi duen arren, zuzendari, masajista, mekanikari, sukaldari eta taldekide guztion garaipena ere bada neurri txiki batean.

Gure autobus honetan daukagun bizipoz ikaragarri hau Euskal Herriko txoko guztietara hel dadila nahiko nuke, eta Madrileko jaian faltan botako ditudan Haimar eta Fabiani besarkada bero bat bidaltzeaz gain, eskerrak eman nahi dizkiet horrenbesteko babesa erakutsi diguten euskaltzale horiei.

Besterik gabe, Bizipozek egiten duen 2013ko azken zutabeari amaiera emateko, zorionak eta eskerrak gure taldekide Chris Hornerri, badirudielako ardo onek bezala denbora aurrera joan ahala hobetuz doala, eta horrenbeste miretsi, maitatu eta estimatzen ditudan Katxiporretako lagunei txoko-marrubizko muxu potolo bat bidali nahi diet.

Zeren nahiz eta batzuek euskal gizartearekin eta haurrekin egiten duten lan ikaragarri polita onartzen ez duten arren, beti egongo dira, gizartearen gehiengoak erakusten duen bezala, gure Irrien Klubeko lagunak maitatzeko milaka arrazoi.

Aspanogikoa zen Ane piratari esker erakutsi ahal izan digutelako beti dagoela irri egiteko arrazoiren bat. Irabazita, pozik baina hankak lurrean ditugula egiten dugu irri, eta galduta ere, bizitzako plazer eta balio txiki horiengatik egingo genuen irri.

Horrela ba, egin irri, eta izan zoriontsu, eztanda egin beharrean dagoen autobus honetatik, BIZIPOZA opatzen dizue txantxiku berbati honek!!!

Berdez jantzita dabilen gerlari txikiak ere ilargiraino eta buelta maite dituela Katxiporretako lagunak eta azken zutabe honekin bat egiteko eskatu dit. Patata tortilla bezala, pila-pila maite du irria eragin dezakeen proiektu hauen partaide izatea, eta txikia izan arren IRRI handi bat aurpegian duela agurtzen da itzuli eder honetatik.

Hurrengo urtera arte!!!!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo