GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA Musika klasikoa

Bere herrian profeta

Maite IDIRIN

Horrela azal dezakegu zuzendariaren arrakasta, ostiralean, Baionako Katedralean entzun genuen kontzertu zoragarriaren agerraldia ikusita. Izan ere, Joël Suhubiette baionarrak (bere gurasoak beti bertan bizi izan dira) eraiki eta zuzentzen duen Les Elements korala ez da nolanahikoa.

Hamabost urte daramatzate profesionalki kantatzen eta egiten duten toki bakoitzean arrakasta biltzen dute, Frantzia mailan aitzindari izanaz antzinako musikaren arloan. Horretara ailegatu aitzin J. Suhubiettek kontserbatorioan koraleko zuzendaritza ikasketak egin ondoren, lehenik Orthezen eta gero Tolosan, Parisen Willian Christek zuzentzen duen Les Arts Florisants, eta Ganten Philippe Herreweghek zuzentzen duen Collegium Vocale formazio koraletan kantari esperientzia lortu zuen. Gero, beste urrats bat eginez Sainteko festibalaren karietara Ganteko zuzendariaren laguntzaile eta errepikatzaile bihurtu zen. Honela bada, normala da Ph. Herreweghe bere maisutzat har dezan. 1997an bere hegalen indarrez hegaldatzea erabakirik, Tolosan Les Elements korala sortu zuen. Baita berehala arrakasta lortu ere.

2006an Frantziako Victoires de la Musique sari ospetsua lortu zuen. Geroztik izen handiko sala eta antzokietan kantatzen dute. Hala ere, elizetan sarri kantatzen dute, ostiralean Baionako katedralean bezala, elizek daukaten akustikak motibaturik. Ostiraleko kontzertura hamabi gizonezko eta hamabi emakumezkoz osatutako formazioarekin etorri zen. Egitarauan errenazimentuko, posterrenazimentuko eta garaikideak diren doinuak sartu zituen. Palestrinaren «Stabat mater» ezagunarekin hasi ziren, formazio korala bi zatitan emanez, bi koraletarako idatzia dena interpretatzeko. Harritu gintuen ahotsen edertasunak bezainbat ahotsen erabilpenak. Horren ondotik, Tomas Luis de Victoriaren «Magnificat» formazio korala hirutan zatituz bikain interpretatu ziguten. Jarraian, Josquin de Despresen «Qui habitat», formazio korala seitan banaturik (bat aldarean, beste bat gibelean, eta beste denak bi aldeetan), eta zuzendaria pasabidearen erdian zela soinu aberats bezain harmonikoak sortuz interpretatu zuten. Sistema hori eraginkorra gertatzen da ahots bakoitza eta guztiak elkarrekin entzuteko.

Bigarren partean, hasteko, 1965an sortutako Alexandre Markeasen «Medea Cinderella» partitura lau korutan banandurik interpretatu ziguten. Les Elements koralarentzat espresuki idatzitako partitura bat da. Koralaren doinu posibilitate guztiak frogan jarri zituen. Eztitasuna, indar «ambitus» zabala, ahotsen arintasuna, eta abar, alegia. Felix Mendelssonen obra erlijioso labur batekin eman zioten jarraipena. Amaitzeko Franck Martin suitzarraren meza bat, korala bikoiztuz abestu ziguten. Laburra bada ere aski obra polita da.

Publikoaren txalo beroak eskertzeko Montserrateko abadian XIV. mendean konposatutako obra bat kantatu ziguten. Altxatu eta irteten ari ginela koralaren bezainbat zuzendariaren kalitatea goraipatuz jendearen hainbat adierazpen entzun genituen. Pozik ere, oso pozik zegoen publikoa.

Ficha

Zer: Euskal Kostaldeko Musikaldia.

Interpreteak: Ensemble Vocal les Eléments.

Zuzendaria: Joël Suhubiette.

Egitaraua: Palestrina, Victoria, Josquin Després, Markeas, Mendelssohn, eta Martin.

Tokia eta data: Baionako eliza katedrala, 2013-9-13

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo