GARA > Idatzia > Kultura

Perretxikoak udazken hezean legez, badator euskal musika uzta

Irailarekin batera, Balerdi Balerdiren hostozko tunelaren bukaeran, Euskal Herrian udazkeneko uzta oparoa biltzen hasten da musika zalea. Izan bizirik iraun nahian dabiltzan diskoetxeen babesean edo autoekoizpenarekin ausartuz, musikari andana da gurean, hasiberri zein eskarmentu handiko, batez ere Durangora begira, irailetik urte bukaera bitarte lan berriren bat argitaratzeko asmotan dena. Erne izan belarriak, bada zer hautatu.

p048_f01.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Gure herriak diskogintzan bizi duen zorioneko atomizazioak ezinezkoa egiten du lan guztien berri zehatza izatea eta zoritxarrez bateren bat kanpoan geldituko zaigun arren, udazken honetan, eta Durangora begira, izango dugun musika uzta errenkadan zerrendatzen saiatuko gara.

Elkar etxeak bi debut argitaratuko ditu Oihuka azpizigiluan. Batetik aurreko EP-arekin jakin-mina piztu zuen Izaki Gardenak-en «Amaieratik hasi», pop doinu itxaropentsuz josia, eta bestetik Odolaren Mintzoa, Luken Arkarazok, Kaki ekoizle sonatuaren semeak, gidatzen duen hardcore taldearen lan homonimoa, bost kantuko EP-a. Beste bi aurkeztuko dizkigu Gor zigilu nafarrak. Iker Ziaren (Arima Sutan) egitasmo pertsonala, The Icer Company-ren «Ur abisalen espedizioa», pop folk doinuak batetik -Iruñerriko laukotea Potentor, Kerobia eta Arima Sutaneko kideek osatua da-, eta Irunberriko Altxatu hirukotea bestetik. Azken hauek 14-15 urteko gaztetxoak dira eta The Clash edo Hertzainak-en eskolako punk doinuak jotzen dituzte.

Folk-rock zelta lantzen duen McOnak talde lekeitiarrak Maukan egingo du debuta, eta aurreneko lantzat hartuko dugu Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak plazaratuko duen La Jodederaren «Karibe kantauri kantari» ere, Euskal Herria eta Kuba lotu eta Karibeko doinu beroak dakartzana. Gipuzkoar zigilua arduratuko da Zigor Iturbe gidari duen Aneika Ara hirukote bizkaitarraren lana ezagutzera emateaz ere. The Black Crowes edo Pear Jam taldeen ildoko rocka jorratzen dute.

Lou Topet zarauztarrek autoekoizpenera jo dute «Esnatu dira» lehen diskoa plazaratzeko. Urri hasieran aurkeztuko da Garaten Martxel Arkarazoren gidaritzapean grabatu eta Alain Urrutiaren artelana zein Jon Benito olerkariaren kaieraz osatzen den sei kantuko EP-a, baina dagoeneko goraipamen franko jaso ditu sarean. «Irauli II» dute jada entzungai den lehen singlea.

Batzuk badatoz eta besteak badoaz, Casus Belli punk rock taldeak lan bortitz bat agertuko du Taupakan agur esateko, izenburuan Mundakan 80ko hamarkadan zen hiltegia gogorarazten duen «Matadero rock», bigarren eta azken lan elebiduna.

Rockero zaharrak

Hasiberrietatik eskarmentu handiko izenetara, hemen luzea da zerrenda. Hasteko, oholtza gainean 25 urte bete berria den Su Ta Gar eibartar taldearen estudioko hamargarren lana, Berrizko Lorenzo estudioetan grabatua, nahastu eta masterizatzen da egun (autoekoiztua, Jo Ta Ke zigiluan kaleratuko dute). Xanti Rodriguezen artelana izango duen diskoak gitarra akustikoak eta elektrikoak nahastuko ei ditu. Izenbururik ez da jakitera eman, baina lehen singlea «Zure baitan» da.

Jabier Muguruza ere, bere aldetik, lana nahastu eta masterizatzen da Katarainen. Hamabigarrena izango du -bi urtetik behin bat, metodiko- urri bukaeran edo azaro hasieran Resistencian plazaratuko den «Beste hogei» «biluzia», Mikel Azpirozen pianoak laguntzen duen diskoa. Izenburuak musikagintzan bakarka daramatzan urteei erreparatzen die.

Mikel Markezek «Indar bat dabil hor» argitaratuko du Elkar etxean, Xabier Amuriza, Josu Zabala eta Arkaitz Miner zein Aire Ahizpak laguntzaile dituela, eta Jexuxmai Lopetegik -datorren urtean hogei urte beteko honek ere bakarkako lehen lana eman zuenetik- «Errekan gora» Baga-Bigan, hitzetan Harkaitz Cano, Mitxel Murua, Jon Benito, Pako Aristi eta Joseba Sarrionandia poeten laguntza eta Antton Olariagaren azala duena.

Ruper Ordorikak «Azukre koxkorrak» berezia dakar urrian, Mikel Laboa eta Xabier Lete zein Delirium Tremens, Hertzainak, Koska, Errobi, Itoiz eta Kortaturen kantuak bertsionatzen dituena; denak jada desagertutako talde eta kantariak. Elkar etxearekin jarraituz, Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren arteko lanak ere apustu handia ematen du zigilu gipuzkoarrarentzat; gernikar taldearen kanturik esanguratsuenak orkestratu ditu Fernando Velazquez konpositoreak.

Kirmen Uribe idazleak, Mikel Valverde marrazkilariak eta Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek ere Elkarren plazaratuko dute «Zaharregia, txikiegia agian» argitaratu eta hamarkada bat geroago aurkezgai duten «Jainko txiki eta jostalari hura», liburu-disko modura.

Baga-Bigan Korrontzi folk taldeak «Tradition 2.1» plazaratuko du, munduan zehar hamaika herrialdetan 40 bat lagun ingururekin grabatu duten lan berezia -Madagaskarreko Justin Vali eta Phil Cunningham eskoziarra dira tartean-, Javier Limon sonatuaren postprodukzio eta guzti. Lana DVD -Igor Yedra eta Oinkari ageri dira dantzan- eta liburu batek osatzen du.

Iragana ezagutzen

Berezia izango da Joseba Tapiaren «Tximela kapitainaren izarrak» ere (Zakurraren Biolinak zigiluan autoekoiztua), soinujolearen lan berri bakoitza ospakizunerako arrazoia baita gurean. Seigarren lan honetan eta gitarra lagun, Luis Rezolak Duesoko presondegian 1937an idatzitako bertso eta poemak ditu oinarri Tapiak, azaroan helduko den lanean.

Apur bat aurrera egin eta trantsizioan jarri du begipuntua hirukotean datorren Bide Ertzean pop taldeak, Gaztelupeko Hotsak-en jada plazaratu duten «77» diskoan. Bederatzigarren lana dute, Garbiñe Ubeda eta Koldo Izagirreren testuekin liburuxka mardula ere baduen hau.

Literaturan tropela deitu izan direnak ere, musikarako izendatze bera erabili ahal bada, zorro bete lan dakarte. Baga-Biga etxean Governorsen «Morphinapolis» -herri harresiari eskainitako kanta eta guzti- aurkeztuko dute, baita Kautaren laugarren lana ere, lau urteko isilunea eta gero. Taupaka Hutsa bikote akustikoaren hirugarren lana, eta Ezkerraldeko Norte Apatxe hip-hop taldearen lan berria argitaratzekoa da... garaiz heltzen bada. Eta Maite Arroitajauregik, Ibon RG-ren laguntzarekin, Mursegoren «Hiru» plazaratuko du Bidehutsen. «Cumbia Villera de la Cidad Armera» entzungai dago jada.

Keu Agirretxea ondarroarrak Maukan emango du herrikide dituen Mikel Etxaburu, Aiert Goenaga eta Leire Bilbaoren hitzak dituen lan intimoa. Eraturen bigarren lana, Arkada Social arrasatear punk taldearen berria eta Los Zopilotes Txirriaos napar-mex taldearen «La salutxita» ere -azken bi hauek elebidunak-, Maukak plazaratuko ditu, Elorrioko Sermond´s eta Azpeitiko Egurra ta Kitto-ren lan berriak bezala.

Bonberenea Ekintzak-en babesean ezagutuko dugu, bestalde, Napoka Iriaren «Arnasten ikasteko berriz», urriaren hasieran. Aurrekoa zuzenean grabatu bazuten, honakoan hiru hilabeteko estudio lanaren emaitza da irrikaz espero den eibar-elgoibartar bikotearen diskoa. «Disonantziak» dute lehen singlea.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak Los Galernaren «Akelarre» -surf instrumentala Arrasatetik-, Joseba B. Leinorren bigarren EP-a eta Igor Arzuaga outsiderraren bi egitasmo, «Experience / Igor eta Ni» emango ditu, bigarren hau Nieves Arilla kantariarentzat sortutako kantuen bilduma. Eta Esne Beltzak taldeak 5Gora zigilua sortu du lan berria plazaratzeko, Ereñozun eta Bardozen grabatu duena mundu zabaleko lagunekin batera.

Autoekoizpenean jarraitzen du Zea Mays bilbotar laukoteak ere. Zaleak irrikaz espero duen lanak «Da» du izenburu, Dave M. Allen (The Cure...) ekoizle eta Split 77 taldeko Aritz eta Ekaitz laguntzaile. Etxean grabatu dute, baina Londresen nahastu eta masterizatu. Malenkonia pop taldeak bere aldetik, eta berriro laukotean, «Homo homini lupus» plazaratuko du.

Zenbait gutiziarekin bukatzeko, Gaztelupekok elkarlan batzuk aurkeztu dizkigu. Antzinako musika jo ohi duen Maite Larburu hernaniarrak Josh Cheatman estatubatuarrarekin osatu duen Neighbor, «Ura patrikan» pop doinuz blaitu duena. Larburu Asier Altunaren «Zela Trovke» (belarra mozten) film laburreko protagonista da gainera, Zinemaldian ikusgai izango dena.

Elkarlan bereziak

Txuma Murugarren eta Angel Unzu musikarien «14 abesti eta 13 istorio txiki» elkarlana -Buffalo zarauztar taldeko musikariekin eta Rafa Acebes piano jotzailearekin batera- eta egun Txinan bizi den Beñat Fuentes bizkaitarrak (Pog-Mo-Thom) Brendan O´Donellyrekin batera euskaraz eta irlandar kutsuz osatu duen lana ere zigilu gipuzkoarrak emango ditu.

Pantxika Solorzanok haurrentzako sortu duen «Elektroboom» lan elektronikoa plazaratuko du Elkar-en, eta Garik «Ez da amaiera» azken lanari egin dion «Live-analogic-recording» berrirakurketa, bertako errepertorioan oinarritua eta zuzenean estudioko saio batean grabatua. Anariren «Bidea eta denbora» ere zuzenean grabatu du Bidehutsek, «Irla izan» diskoaren biran.

Aparte, Xabi eta Pettik aurretik kaleratutako kantuak berrikusi eta berriak grabatu dituzte Gaztelupekok plazaratuko duen binilorako, eta Des-Kontrol taldeak bilduma bat plazaratuko du formatu berean Maukan, kanta berri eta guzti.

Gainera, Elkar etxeak aurrera jarraitzen du binilozko berrargitalpenekin; orain artekoei La Polla Recordsen «Revolución» eta Kortaturen «El Estado de las cosas» gehitu dizkie.

Zerrendatik kanpo gelditu ahal izan zaizkigunen isla izan daitezke Patxuko Nice edo Chica Coyote Chico Tornado -debuterako crowfunding sistema erabili dute-, apenas baitugu beren lanen berri. Baita Komite Internazionalistek Taupakan venezuelar eta euskal rap doinuekin eta Ikasle Abertzaleak-ek, 25. urtemugan, emango dituzten bildumak, edo zenbait DVD ere, R taldearen agurrarena, esaterako. Gainera, Mauka, Baga-Bigak eta Bidehutsek ere azken orduko lan berriren bat iragartzea posible da oraindik.

ZUZEN-ZUZENEAN

Hemen zerrendatzen diren lan gehienak Durangoko Azokara begira argitaratuko dira udazkenean, eta asko bertan aurkeztuko dira zuzenean, Ahotsenean. Bertan jotzeko izena emateko epea irailaren 23an zabalduko da.

Gure musikariak erdaratan kantari

Gurean poliglotak garenez (edo gutxienez elebidun), erdaretan ere badira oso lan interesgarriak, euskal musikariek eginak; gazteleraz eta ingelesez batez ere.

Gaztelupeko De 2 en Blues Band-en «Groovin´ the Blues» zuzenekoaren eta Paul San Martinen «Paul´s Mod» blues lanez arduratu da, baita Capsula estimatuen «Solar Secrets» biniloaz ere, Tony Viscontik ekoiztua (David Bowie). Gor-ek Yogurinha Borovaren «Bai, si, yes» argitaratuko du; Oier Aldekoak ekoiztua eta lagun askoren partaidetza duena, Iker Sabada (Hemendik At!) tarteko. Baita Carniceros del Norteren «2013 maniakos» ere, zale amorratuak dituzten Mexikon grabatua.

Audience gernikarrek AEBetan John Agnellorekin (Sonic Youth) grabatutako «Big Affair» emango dute Bidehuts-en, eta «Mistress Games»-ekin hasitako egitasmo berezia itxi. Bitxia izango da Kepa Junkeraren «Galiza» ere, makina bat galiziar musikari gonbidaturekin osatua. Aparte, eta beste askoren artean, Duncan Dhuren itzulera «El duelo» (Warner) lanean gauzatu da, eta Deloreanek nazioarteko oihartzuna duen «Apar» (Mushroom Pillow) argitaratu berri du. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo