GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Herritarron Epaia ekimenari amaiera

Ingelesez egin behar bada, egingo da

Presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak maiz egin dira. Askotan euskaraz eta beste askotan baita gaztelaniaz eta frantsesez ere. Halere, bai Madrilek bai Parisek entzungor jarraitzen dute.

p002_f06_3770.jpg

Martxelo DIAZ

Mezua helarazteko milaka bide erabili dira azken urteotan. Atzo, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, beste modu batean saiatu ziren mezu bera bidaltzen: euskal jendarteak ez dituela presoen kontrako salbuespenezko neurriak onartzen (ezta 197/2006 doktrina ere) eta konponbidearen eta bakearen aldeko hautua egin duela.

Entzun nahi ez dutenei kantari eman zieten mezua. Eta hizkuntza dela-eta ulertzeko arazorik balego, ingelesa hautatu zuten. John Lennon-en «Give Peace a chance» kantaren bertsioa izan zen atzo Anaitasunan ozen entzun zena. Esanahi garbia du abestiak: Eman aukera bat bakeari.

Vendetta taldeak eta Jon Garmendiak prestaturiko bertsioa izan zen atzo Iruñean entzun genuena. Baina musikari hauek ez ziren bakarrik egon Anaitasunan paratu zuten agertokian. Eragile ugari zituzten alboan: Anjeles Iztueta, Iñaki Goioaga, Jose Navas, Javier Madrazo, Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa, Tasio Erkizia, Pernando Barrena, Martxel Toledo, Ainhoa Etxaide, Txerra Bolinaga, Sabino Cuadra, Patxi Zabaleta, Igor Arroyo...

Lotsak albo batera uzteko garaia zen atzokoa, eta bideoaren pantailan agertzen ziren letren laguntzaz kantatu beharra zegoen. Eta horixe egin zuten Anaitasunan bildu ziren milaka lagunek ere. Batzuek hobeto, besteek kaxkarrago. Batzuek ingelez zuzenean, besteek traketsago. Baina denen ahotan Beatles taldeko kideak idatzitako kanta zegoen. Euskal Herrian bakeari aukera emateko presoen oinarrizko giza eskubideak errespetatu behar direla Madrili eta Parisi argi, ozen eta ingeleses esateko. Oraingoan ez entzunarena egingo ez dutelako itxaropenarekin.

Bizi osoko espetxe zigorra ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina bertan behera utzi behar dela, sakabanaketa amaitu beharra dagoela, gaixorik diren presoak berehala kalean izan behar direla... Hori guztia adierazi nahi izan zuten atzo Anaitasunan bildutakoek John Lennon-en «Give peace a chance» kanta erabiliz.

Eta mezu bera helarazi nahi izan zuten Bruselatik bideo bidezko adierazpenak igorri zituzten europarlamentariek. Espetxea gertutik ezagutu zuen Martina Anderson irlandarrak, Mark Demesmaeker flandriarrak eta Tatjana Zdanoka letoniarrak ere ingelesa erabili zuten giza eskubideen aldeko mezua Madrili eta Parisi entzunarazteko. Iñaki Irazabalbeitia Aralarreko europarlamentariak euskaraz hitz egin zuen.

Europarlamentari guztiek ere mezu bera luzatu zioten Madrili eta Parisi: garaia heldu dela, 197/2006 doktrina bertan behera utzi behar dela.

Jarrera itxia erakutsi dute Madrilek eta Parisek urteotan Euskal Herriak bizi duen gatazkari konponbideari ateak zabaltzeko garaian. Baina dagoeneko aitzakiarik ez dagoela argi eta garbi utzi zuten atzo, Iruñean. Aldarrikapenak ingelesez egin behar badira, ingelesez egingo dira. Eta kantatzen egin behar badira, kantatzen egingo dira.kantatzen egingo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo