Ixabel Etxeberria Irakaslea
Barne arazoak
Hollande presidenteak indar militar handiko politikari gisa agertu nahi zuen nazioartean eta, finean, gurdiaren bosgarren gurpila baizik ez zaio gelditzen
Uda bukaera nahiko mugitua gertatzen ari zaio Hollande presidenteari. Hasteko, nahiko harro abiatzen hasi zen gerlara. Maliko esperientziaren ondotik, Libiara joan zen Sarkozyren ondotik Siriarako bidea hartzea bururatu zitzaion. Ez bakarrik, noski, Ameriketako Estatu Batuen gibeletik bereziki, giza eskubideen defenditzeko omen, bulego ofizialetan egiten dituzten ebaluazio-neurketa horien araberan. Izan ere, ez dugu ulertzen zergatik oso larria den gerla batean gas mota baten erabiltzea eta Palestinaren kasuan herri oso baten kontra nahi den errepresio bideak martxan ematea erabat babestua den nazioarteko erakunde berberen aldetik. Ontsalaz bi egoera oso larriak dira! Goi mailako politika izango da jende arruntok ulertzen ez duguna! Dena den, Hollande presidenteak indar militar handiko politikari gisa agertu nahi zuen nazioartean, beste nazio handi batzuk kontuan hartu gabe edo gutxietsiz, eta, finean, gurdiaren bosgarren gurpila baizik ez zaio gelditzen eta frantses diplomazia nahiko ahulduta gelditzen da, frantses herritar gehienek ez zutelarik ulertzen zergatik gobernu honek gatazka horretan sartu behar ote zuen. Dena gaizki atera zaio.
Baliteke barne arazoen aitzinean bere interesa kea hedatzea izatea, erretreten kontrako lehen mobilizazioak hastear zirelako. Lehen horiek milaka jende bildu dituzte karriketan, lege berrien bozkatzeko bezperan. Haatik, arazo gehiago hurbiltzen zaizkio presidenteari, alde batetik ekologistekin, ez baitira ekologisten aldarrikapenak gauzatzen; alderdiko idazkari nagusiak sei eguneko ultimatuma eman dio neurri konkretuak iragartzeko. Bestaldetik, ezkerraldetik protestak zabaltzen ari dira, ezkerreko politikak bultzatzeko, zergen igoerek ez baitituzte eskasiak laguntzen, zorraren ordaintzeko baizik ez dituzte baliatzen. Honek zailtasunetan dauden herritarren egoerari erantzuteko ez du balio. Zertarako, ondorioz, sozialistekin akordioak egin 2014ko hauteskundeetan? Kontuen egiteko ordua da, kanpainen norabideen definitzeko eta alderdi bakoitzak bere interesak baizik ez ditu babestuko. Hor bai gerla mota bat pizten ari direla Hollande presidentearen kontra. Honek ez du Siriaren kontrako gerlarik izango bere buruaren gordetzeko!
Gero eta antipatikoagoa gertatzen ari da presidentea, gero eta erasokorragoa. Azken urteetan ematen zuen nolabaiteko tolerantzia lortu zela ikastolen eraikitzeko, irekitzeko unean. Ordea, azken hilabeteetan proiektuak zalantzan ematen dituzte prefetaren bitartez. Prefetak gainetik heldu zaiona aplikatzen du. Tokiko alderdi politikoentzat egoera hau argi dago, Parisen gogortzea erabaki dute. Nola interpretatu jarrera hau, lurralde kolektibitateari uko egin ondotik? Normalizazioaren apustua egiten dute bertan. Ukapenaren ondotik erreakzioak oso neurtuak izan dira, ikastolei oztopoak jarriz haien garapena ez da gelditzen baina mantsotzen da, derrigorrez.
Sozialistek ez al dute ikusi zer gertatu den Katalunian Diada egunean? Zer nahi dute? Abiadura handiagoan uler dezagun haiekin, frantses Estatuarekin ez dugula deus egitekorik, pentsatu baino lehenago joan behar dugula beren hexagonotik?