GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ultra trail Lasterketak

Nazioarteko hitzordu nagusietan euskal ordezkariak bikain

Tor des Geants-eko lasterketan Iker Karrerak irabazi zuen eta Nerea Martinez bigarren sailkatu zen. Zortzi etapa zituen Transalpine Run-en, berriz, Oihana Kortazar Silvia Serafini kidearekin gailendu zen. Eta Mont Blanc-ekoan: Javi Dominguez hirugarren izan zen, eta Silvia Trigueros bosgarren.

p040_f01_149x132.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Trailen mundua eta batez ere iraupen oso-oso luzeko lasterketak, hots, ultra trailak goraldi ikaragarria izaten ari dira. Nazioarte mailan, azkenaldiotan bederen, makina bat hitzordu nagusi jokatu dira, eta horietan guztietan euskal ordezkariak protagonistak izan dira. Bai, inolako zalantzarik gabe, euskal lasterkariak punta-puntan dira, eta horren guztiaren isla dira lortu dituzten emaitzak. Tor des Geants-en, adibidez, Iker Karrerak irabazi zuen eta Nerea Martinez bigarrena izan zen. Bestalde, Transalpine Run lasterketan Oihana Kortazar Silvia Serafini taldekidearekin nagusitu zen. Eta Mont Blanceko Ultra Trailean, azkenik, Javi Dominguez hirugarren sailkatu zen eta Silvia Trigueros bosgarren.

Azkena jokatzen Tor des Geants izan da. Laugarren aldia zuen. Pasa den 8an, 700 korrikalari irteera puntuan ziren. 330 kilometroko ibilbideari eta 24.000 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zieten aurre. Hots, ultra trailen munduan lasterketa luzeena eta gogorrena. Hala diote, bederen, antolatzaileek eta hitzordu horretan parte hartu duten lasterkariek. Latza baino latzagoa, baina era berean ederra ere. Izan ere, Aosta haraneko goi bideak zeharkatzen ditu. Mont Blanc, Monte Rosa, Grand Paradis eta Cervino hurbil izan dituzte.

Irteera zein helmuga puntua, Alpeetako hiriburuetariko bat: Courmayeur. Eta han ziren goi mailako bi ordezkari: Iker Karrera gipuzkoarra eta Nerea Martinez nafarra. Faboritoen artean ziren, eta aitortu behar da, ez zutela hutsik egin. Karrerak nagusitasun osoz irabazi zuen, eta Martinezek bigarren postu handi bat sinatu zuen. Gipuzkoarrak, gainera, Oscar Perez espainiarrak zuen errekorra ia 5 ordutan txikitu zuen.

Karrera indartsu zegoen, eta aurten erakusten ari da munduko onenetarikoa zein erregularrenetarikoa dela. Sei ultra trail jokatu ditu, baita seiak irabazi ere; tartean, Mauricio zein Eigerrekoa. Hasieratik, Karrerak lehia ederra izan zuen etxeko lasterkari batekin, Franco Colerekin alegia. Baina bigarren egunetik aurrera lasterketaren buru jarri eta Courmayeurrera hala iritsi zen 70 ordu eta 4 minutuko denborarekin. Hori bai, ibilbidearen azken zatian, iazko garaile Perez estutzen hasi zen: «Azken 90 kilometroak oso gogorrak izan ziren. Oscarrek pixkanaka aurrera jo zuen, eta azkenean, presio handia nabaritu nuen. Horrela bada, azken 30 kilometroetan den-dena eman behar izan nuen. Une hauetan gogoan izan nahi dut Yuan Yang, istripu batez ondorioz hil zen lasterkari txinatarra» .

Martinezek ere etxeko lasterkari batekin, Francesca Caneparekin, lehia estua izan zuen. Ibilbide osoan aurrean joan zen, eta hirugarren egunean, adibidez, tropelaren buruan jartzea erdietsi zuen. Baina Canepak ondo baino hobeto ezagutzen zuen lasterketa eta azken egunean estutu, nafarra pasa eta bigarren aldiz jarraian garaipena lortu zuen. Martinez bigarrena izan zen 91 orduko denborarekin.

Kortazar nagusi

Euskal ordezkarien bigarren garaipena Transalpine Run lasterketan iritsi zen. Oihana Kortazar protagonista izan zen Silvia Serafini taldekidearekin. 8 etapa ditu hitzordu horrek, eta pasa diren abuztuaren 31tik irailaren 7ra jokatu zen. Edizio honetan Alemanian hasi, Austria eta Suitza zeharkatu eta Italian bukatu zen. Aurretik 260 kilometro eta 15.500 metroko goranzko desnibela. Etapa luzeena 42 kilometrokoa izan zen, eta laburrena 24koa. Tartean «atseden» egun bat: 6,3 kilometroko esprinta.

Kortazar eta Serafini faboritoak ziren, baina gipuzkoarrak ez zuen batere argi; izan ere, bi hilabetez lesioa izan du belaun batean. Duda guztiak segituan uxatu ziren, bikote horrek etapa guztiak irabazi baitzituen. Nagusitasun osoa erakutsi zuten. Lasterketa bukatu bezain laster, Kortazar pozik zegoen eginiko lanarekin: «Ez nekien ondo aguantatzeko gai izango ote nintzen. Baina belaunak ez dit arazo larregirik eman. Silviarekin talde bikaina egin dut. Bera indartsuago zegoen, eta hori eskertu dut».

Ezustekoak?

Abuztuaren 30ean, berriz, Mont Blanceko Ultra Traila jokatu zen, nazioartean sona handia duen lasterketa: 168 kilometro eta 9.800 metroko goranzko desnibela Alpeetako mendi garaienaren magaletan. Eta han ere hainbat eta hainbat euskal ordezkari ziren. Horietako bik, bederen, ezusteko ederra eman zuten. Gizonezkoetan, Javi Dominguez arabarrak hirugarren postua sinatu zuen 21 ordu eta 17 minutuko denborarekin. Eta nesketan, Silvia Trigueros bizkaitarrak bosgarren egin zuen, 28 ordu eta 13 minutuko lasterketa egin ondoren.

Nahiz eta bi protagonista hauen lagunek eta ingurukoek bestelakorik dioten, guk emaitza horiek definitzerakoan ezusteko hitza jarri dugu. Bai, irteera puntuan makina bat lasterkari profesional zeuden, eta bi euskal ordezkari hauek amateurrak dira. Jakina, eskarmentu handiko korrikalariak dira. Dominguezek, besteak beste, Ehunmiliak lasterketa irabaztea lortu du. Trigueros, berriz, GH2an garaipena poltsikoratzea iritsi da.

Arestian aipatu dugun bezala, arabarrak ahoa bete hortz utzi zituen guztiak: «Oso lasterketa borobila atera zitzaidan. Nire lasterketa egin nahi nuen; hots, nire erritmoan eta ahal nuen guztia gozatzen. Eta konturatu orduko Chamonixen nintzen hirugarren postua lortuta. Goi mailako profesional batzuk ondoan izan nituen: Heras, Chorier, Krupicka... Azkenean podiumean sartu nintzen, eta hori niretzat ezusteko ametsa izan da. Hirugarren postu horrekin egundoko motibazioa hartu dut. Uste dut egoera berri hau ez dudala asimilatu; pozarren nago!».

ia-ia bikoitza

Tor des Geants-eko lasterketan ia-ia bi garaipen erdietsi ziren. Iker Karrera lehena izan zen, eta Nerea Martinezek bigarren postua sinatu zuen.

bikain

Oihana Kortazar Transalpine Run-eko hitzorduan gailendu zen. Mont Blanc-eko Ultra Trailean: Jabi Dominguez bigarren eta Silvia Trigueros bosgarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo