GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Espedizioa

Alberto Urtasun berriro Indian hormatzar berriak arakatzen

Pasa den ekainean Felix Sanchezekin eginiko espedizioan 2.000 metroko eskalada eta lau bide berri sinatu zituzten; guztiak ala guztiak era alpinoan eta erpin ezezagunetan. Lau jarduerak estilo garbian egin zituzten; hots, paraboltak zein iltzeak erabili gabe.

p042_f01_148x112.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ez dago inolako dudarik: Alberto Urtasun erabat harrapatuta dago Indiako mendiekin. Liluratuta dago, baina ez soilik erpin horien edertasunarekin. Estetikaren ikuspuntuaz gain, Urtasunek hango paretek eskalatzeko eskaintzen dituzten aukera paregabeei ez die muzin egiten. Horren isla da azken urteotan oso ezezagunak diren Indiako Himalaian dauden erpin «txikietan» egin dituen jarduerak. Azkena, pasa den ekaineko espedizioa dugu. Emaitza: 2.000 metro eskalada eta lau bide berri.

Aurreratu dugu nafarra erabat maiteminduta dagoela mendi horiekin. Hori guk diogu, baina Urtasunek berak GARAri gauza bera azpimarratu nahi izan dio: «Ez dut dudarik: Indiako Himalaia alderdi berezia da oso. Esploratzeko eta benetako alpinismoa egiteko leku paregabea da. Horretaz gain, bakar-bakarrik egoteko aukera duzu. Izenik ez duten milaka mendi daude, zeharkatzen dituzun haranak ez dira mapetan agertzen eta hurbilketa bideak oso basatiak dira. Alpinismoa berrasmatzeko eremu paregabea da. Himalaiako bi herenak Indian dira: pentsa ezazu zer dagoen egiteko!».

Azken espedizioa Felix Sanchezekin egin du, eta helburuak ondo baino hobeto zehaztuta zituzten. Miyar glaziarrean jardun dute, Zanskar eta Ladakh alderdi ezagunetatik oso hurbil.

Aukera zabala

Urtasunek adierazi digunez, Miyar harana alpinismoa praktikatzeko erakusleiho ikaragarria da: «Azken urteotan, batez ere italiarrek, esloveniarrek eta errusiarrek eskalada interesgarriak egin dituzte. Estilo alpinoa indarrean jartzeko zein big wall-ean jarduteko aukera zabala eskaintzen du. Nik, bederen, haran horretan hirugarren bidaia izan dut, eta erabat liluratuta segitzen dut».

Sanchezek zein Urtasunek argi eta garbi zuten espedizioaren filosofia zein izango zen: eskalada librea, azkarra eta harkaitzean. Helburu dexente zituzten esku artean, baina eguraldiak traba bat baino gehiago jarri zizkien: «Astebete oso bat elurra egiten pasa zuen, baina, zorionez, ekaitza baretu eta hurrengo sei egunak ederrak atera ziren. Horri esker, metro piloa eskalatzeko aukera izan genuen».

Eskalatzaileok lau erpinetan jardun zuten: Jame´s Point (4.960 m), Toro Peak (4.900 m), David´s 62 Nose (4.950 m) eta Iris Peak (5.200 m).

Lehen eskalada egunean bi bide berri («Durga» eta «Baba Amdres») lotu zituzten James Point eta Toro Peak-en. Guztira 700 metro eta gehienez 6b gradua 16 orduko eskaladan.

Ondoren, David 62 Nosen «Ekhi Suresh» marra (400 m, 6c) sortu zuten. Eta azken proposamena Iris Peak-en sinatu zuten. «Puran mashi» bidea (6b) 500 metro luze da, baina goialdean esloveniar marrarekin bat egin eta beste 250 metroko eskalada egin zuten. Horixe da Sanchez eta Urtasunek Miyar haranean dauden erpin batzuetan eginiko lana. Nafarrak honakoa gehitu nahi izan du: «2.000 metro eskalatu ditugu eta den-dena estilo garbian; hots, paraboltak eta iltzeak erabili gabe».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo