Pamies eta Ballesteros epaitzeari ekingo diote gaur «Faisan auzia» dela eta
Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros poliziaburu ohien aurkako epaiketa hasiko da gaur, «Faisan auzia» delakoagatik. «ETAri laguntzea» eta «sekretuak zabaltzea» leporatzen diete.
GARA | MADRIL
Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros poliziaburu ohiak epaituko dituzte gaurtik aurrera Madrilgo Auzitegi Nazionalean, ustez ETAri atxiloketak ekiditeko informazioa emateagatik.
Pamiesek hamar urteko kartzela zigorrari egin beharko dio aurre. «ETAri laguntzea» eta «sekretuak jakinaraztea» leporatzen diote. Ballesterosen aurka, berriz, bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Bien defentsek absoluzioa eskatzen dute. Pamies EAEko Polizia espainolaren buru ohia da eta Ballesteros, inspektore ohia.
Carlos Bautista arituko da fiskal lanetan auzi honetan; ez gogo handiz, ordea. Bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen Pamiesentzat eta urte erdikoa, Ballesterosentzat, «sekretuak zabaltzeagatik», eta beste bosna urte, «ETAri laguntzeagatik». Dena dela, eskaera horiek Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak hala aginduta egin zituela nabarmendu zuen, ez irizpide horrekin bat datorrelako.
Fiskalaren eskaerarekin batera, herri akusazioak ere izango dira. PP alderdiak zortzi urte eta erdi eskatzen ditu Pamiesentzat eta zazpi urte eta erdi, Ballesterosentzat; Dignidad y Justicia taldeak hamar eta bederatzi urte eskatzen ditu, hurrenez hurren; eta AVT elkarteak, zortzi urte eta erdi eta zortzi urte.
Gertaerak 2006ko maiatzekoak dira. Akusazioen arabera, Ballesteros -orduan Arabako Inteligentzia Brigadako inspektorea zen- Pausuko Faisan tabernara joan, eta telefono mugikor bat eman zion Joseba Elosuari, ustez Pamiesen dei bat jasotzeko. Polizia zelatan zuen Elosuak, ustez ETAko kide bati dirua ematekoa zelako.
Fiskalak dioenaren arabera, Pamiesek Elosuari abisua eman zion eta ondorioz ikerketa poliziala zapuztu zuen, nahiz eta hilabete beranduago atxiloketak izan ziren. Dena dela, ez zuten inolako frogarik topatu.
Beti ere akusazioak adierazitakoaren arabera, Pamiesek abi ETAren su etena zapuztu ez zedin eman zuen abisua. Elosuak, ordea, ez zion Pamiesen deiari jaramonik egin eta, aurreikusita zuen bezala, hitzordura joan zen, bidean polizia esaten zuen guztia grabatzen ari zela.
Akusazioak dioenaren arabera, Pamiesek Joseba Elosuari telefonoz deitu zion Pausuko Faisan tabernara, atxilotua izateko zorian zela ohartarazteko. Deia Ballesterosek Elosuari eman zion mugikor batera egin zela dio fiskalak.